Eduki publikatzailea
Atzealdea Usurbil eremu gorrian sartu da: bihar sartuko dira indarrean neurri murriztaile gehigarriak
2021·02·08
Azken astean Covid19-arekin lotutako positibo kopuruak etengabe gora egin ostean, gaur, azkenean, eremu gorrian sartu da Usurbil, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 539 izanik. Eremu gorrira pasatzeak neurri murriztaile gehiago ezartzea dakar, eta bihar sartuko dira indarrean. Bi dira, nagusiki, neurriok: ostalaritza itxi egin behar da, eta Eskola Kirola bertan behera geldituko da, intzidentzia metatuaren adierazlea 500 puntutik behera jaitsi arte.
Kirolari dagokionez, Eskola Kirolaz gain, kirolari federatuen entrenamendu eta lehiaketak ere bertan behera gelditu dira. Aitzitik, kirolari eta talde profesional zein semiprofesionalek entrenatzen eta lehiatzen jarrai dezakete.
Kiroldegiaren martxari dagokionez, orain arteko ordutegi eta funtzionamenduari eutsiko diote, eta edukiera ere berdin mantenduko da (%50ekoa kirola egiteko espazioetan eta %30ekoa aldageletan). Kiroldegiko ikastaroek ere martxan jarraituko dute, orain arteko neurriekin. Squash, frontoi edo alokairuzko instalakuntzak ezingo dituzte gorde bizikidetza unitatea osatzen ez duten taldeek.
Aire zabalean baimenduta dago kirola egitea, gehienez ere 6ko taldeetan eta kontakturik gabe.