Eduki publikatzailea

Atzealdea Urtebete

2024ko uztaileko Udalberrin argitaratutako zutabea, 2023-2027 legealdiaren lehenengo urteaz.

2024·07·22


Duela urtebete pasatxo hartu genuen alkate eta zinegotzi kargua, 2023ko maiatzeko hauteskundeen ostean. Bigarren aldia izanagatik ere, hunkituta jaso nuen aginte-zumea. Izan ere, Usurbilen ez dugu aginte makilarik: gure aginte-ikurra zumezko uztaia da, uztai gisan bildutako zume luzexka bat, muturrak metalez babestuak dituena. Xumea da; malgua baina ez hauskorra; borobila eta ez goitik beherakoa. Nire ustez, halakoa izan behar du aginteak: apala eta malgua, inguruaren beharretara eta garai berrietara moldatzen dakiena, eta, aldi berean, sendoa eta tinkoa. Horretan saiatzen garela esango nuke.

Legealdiari ilusioz, gogoz eta indarrez ekiteko prest ginela esan genuen; lan eginez itzuliko genuela hauteskundeetan jasotako babes guztia. Eta horretan ari gara. Kargua hartu eta gutxira osatu genuen 2023-2027 Legealdiko Plana: 120 neurri, herri bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko. Usurbiltzen jarraitzeko. Horietatik 28 bete ditugu jada (%23), eta 38 hasita daude (%31). Lehen urtean martxan jarritakoak nabarmendu nahi nituzke:

- Misioen baitako gobernantza eredua osatzen ari gara.

- Trantsizio ekosozialaren herri misioa adosteko parte-hartze prozesua egin dugu, misioak lortzeko proiektu eraldatzaileak zehaztearekin batera.

- Energiaren bulegoa ireki eta efizientzia energetikoan urratsak egiten jarraitzen dugu.

- 650 Usurbil Bizi proiektua garatzen ari gara, besteak beste, Zumetaren 50. urteurreneko egitarauarekin.

- Herriko ura ahalik eta etxe gehienetara iristeko lanak egin ditugu.

- Elkargunearen proiektua definitzeko parte-hartzea abiatu dugu.

- Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa zabaldu dugu, eta zaintza ereduaren eraldaketan urrats kualitatiboak egiten ari gara, zaintza plan pertsonalizatuak eskaintzeko.

- Ikasgela zabaldu dugu, azterketa garaietarako.

- Etorri berrien edota egoera zaurgarrian egon daitezkeen herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko mentoretza sozialerako HarEman egitasmoa martxan jarri dugu.

- Pelaioenea ireki dugu: Kalezarreko auzo ekipamendua eta Emakumeen Etxea.

- Udal haur eskolaren eredua zehaztu, lizitazio berria burutu, eta eraikina berritzeko prozesua martxan dugu.

- Usurbil tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abiatu dugu.

- Kiroldegiko ordutegia zabaldu dugu.

- Mugiment sarearekin bat eginda, herritarrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kiroldegiak erabiltzeko aukera dute.

- Ibaiertzeko eremua zabaldu eta oinezko loturak hobetu ditugu Zumartegin.

- Aginagan: Elutx bidea egin, haur parkea berritu eta Eliza Zaharreko konponketak bideratzen ari gara. Aginaga Biziberritzen sustapen taldearekin mahai iraunkorra osatu dugu.

- Etxealdiko irisgarritasun plana gauzatzeko, San Esteban kalea oinezkotu eta Etxealdia eta Kale Nagusia lotuko dituen igogailuarekin lanean hasi gara.

- N634ko autobus geltoki berriak eta Egurtzegi eta Kalezar lotuko dituen igogailuaren obrak amaitu ditugu.

Emandako hitza betez, konturatzerako joan zaigu lehen urtea.