Albisteak
Atzealdea

Urtarrilean irekiko da udaleko Lan Eskaintza Publikoan izena emateko epea

Udalak maiatzean onartu zuen 26 lanpostu eskaintzea LEP Lan Eskaintza Publikoaren bidez, Espainiako Gobernuaren Egonkortze Legeari jarraituz. 26 lanpostuetarako oinarriak GAOn argitaratu dira; BOEn argitaratu ostean irekiko da izena emateko epea, urtarrilaren hasiera-erdi aldera.

2022·12·29


Urtarrilaren hasiera-erdialdean irekiko da Usurbilgo Udaleko Lan Eskaintza Publikoan izena emateko epea. Udalak maiatzean onartu zuen 26 lanpostu LEP Lan Eskaintza Publikoaren bidez eskaintzea, Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan onartutako Egonkortze Legeari jarraituz. Orain, beste urrats bat eman du prozesu horretan, 26 lanpostuen oinarriak GAOn argitaratuta: BOEn argitaratzea baino ez da falta izen-ematea ireki ahal izateko. BOEn argitaratzean, 20 laneguneko epea izango da, biharamunetik kontatzen hasita. Izen-ematea bi modutara egin ahal izango da: elektronikoki, udaleko zerbitzu telematikoen bidez (udalaren webgunearen azalean jarriko da bertara sartzeko lotura) edo udaleko erregistroan.

Joan den astean lanpostuak egonkortzeko prozesuaren azken berrien inguruan hitz egiteko batzarra egin zuten udal gobernuak, komiteak eta langileek. Beñat Larrañaga zinegotziak bileran azaldu duenez, hainbat gunetan juridikoki zalantzan jartzen da legea, dituen irizpideengatik; besteak beste, Gipuzkoako hainbat udaletako idazkarik kezka agertu dutela nabarmendu zuen. Udalean, legea argitaratu zenetik, etengabeko lanean aritu dira, eta azken aste eta hilabeteetan ia astero bildu dira: saiootan izandako adostasuna nabarmendu dute alde guztiek. Larrañagak komitearen lanerako zein akordioetara iristeko izandako prestasuna nabarmendu du. Berdin egin du komiteko ordezkari batek, nabarmenduz oinarri egokienak lortzeko lan egin dutela, kontuan izanda langileen baldintzetan abaniko handia dagoela. Prozesuan parte hartzen ari den LABeko ordezkariaren esanetan, erraza izan da adostasunak lortzea, denek helburuak konpartitzen dituztelako.

Administrazio publikoko lanpostuen behin-behinekotasun tasa jaistea du helburu Espainiako Gobernuaren 2021eko abenduko Egonkortze Legeak. Legearen bi gako nagusiak derrigortasuna eta egutegia dira. Orain arte, behin-behinekotasun tasa jaisteko helburua izan duten antzeko legeak ere egin izan dira, baina “borondatez” betetzekoak ziren: administrazio bakoitzak erabaki zezakeen Lan Eskaintza Publiko berezi horiek egin edo ez. 2021eko abenduan onartutakoa, ordea, derrigor bete beharrekoa da. Legeak, gainera, egutegi bat zehazten du, eta 2024ko abenduaren 31rako amaitu behar dira prozesu guztiak.

Egonkortze Legeak bi prozesu mota aurreikusten ditu. Lanpostuaren arabera, oposizio-lehiaketa (azterketa) bidez edo meritu lehiaketa hutsez egingo dira prozesuak, eta baldintzak betetzen dituen edonork aurkeztu ahal izango du: lanpostua behin-behinean betetzen ari den langileak, administrazio bereko beste langileek, beste administrazioetakoek, enpresa pribatuan lan egiten dutenek... Izan ere, legearen arabera, egonkortuko direnak lanpostuak izango dira, eta ez gaur egun horiek betetzen ari diren langileak. Usurbilgo Udalak egonkortu asmo dituen 26 lanpostu horien kasuan, ia denak (25) meritu lehiaketa hutsez ebatziko dira, eta bakarra oposizio-lehiaketa bidez.

Oinarriak deskargatzeko:

Meritu lehiaketaz ebatziko diren lanpostuen oinarriak: hemen.

Oposizio-lehiaketa (azterketa) bidez ebatziko den lanpostuaren oinarriak: hemen.