Eduki publikatzailea

Atzealdea Urriaren 20an irekiko da berriz ikasgela, eta giltza eskatu beharko da

Kalteak konpondu eta pintatu egingo da Munalurrako ikasgela. Aurrerantzean, erabiltzaileek giltza eskatu beharko dute, lokala erabili ahal izateko: aurreikuspenen arabera, urriaren 20an zabalduko da berriz.

2025·10·09


Munalurrako ikasgela erabiltzeko giltza beharko da, aurrerantzean. Hala erabaki du udalak, urtebetean hirugarren aldiz kalteak izan ostean. Asteartean itxi zuen lokala, behin-behinean, astelehen arratsaldean izandako kalteen ondorioz. Ireki aurretik udal-brigadak konponketak egitea erabaki da: aurreikuspenen arabera, urriaren 20an izango da, orain arteko ordutegi berean (astelehenetik igandera, 08:00etatik 22:00etara).

Udal brigada jada hasi da konponketak egiten: itxialdia baliatuko da lehendik zeuden akatsak konpondu eta guztia pintatzeko. Aurreikuspenen arabera, urriaren 20an irekitzeko moduan izango da, eta egun horretatik aurrera eskatu beharko dira giltzak ere, Sutegi liburutegian jarriko diren eskaera orrien bidez. Horrekin batera, araudi bat prestatuko du udalak, eta erabiltzaileei helarazi, giltza ematearekin batera. Ikasketa beharrak bukatutakoan soilik itzuli beharko da giltza.

Liburutegiko ordutegitik kanpo, Udaltzaingoan ere eskatu ahal izango da ikasgelako giltza.

Sutegi liburutegiaren ordutegia

Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 16:00-19:30
Larunbatetan: 10:00-13:00

Udaltzaingoaren ordutegia

Astelehenetik ostiralera: 07:30-21:00

Larunbatetan: 09:00-21:00

Igandetan eta jaiegunetan: itxita.