Albisteak
Atzealdea

Urrian itzuliko da Eskola Kirola, segurtasun neurriek baldintzatuta

Aurreikuspenen arabera, bakarkako jarduerak urriaren 5ean hasiko dira, eta taldekakoak, urriaren 19an. Gaurtik irailaren 22ra arte eman daiteke izena, Internetez.

2020·09·15


Eskola Kirola urrian itzuliko da, Covid19 dela eta, segurtasun neurriek baldintzatuta. Halaxe azaldu zuten atzo, udalak eta kirol elkarteek gurasoekin egindako bileretan. Gaur ireki dute izen-ematea, eta astebeteko epea izango da, hilaren 22ra arte: aurten, Internet bidez egin beharko da. Aurreikuspenen arabera, urriaren 5ean hasiko dira bakarkako jarduerak (gimnasia, judo, pilota eta igeriketa) eta futboleko eta eskubaloiko infantilak. Taldeko kirolak edo multikirolak, berriz, urriaren 19an hasiko dira (dantza, Zirimara eta gainerako futboleko eta eskubaloiko taldeak).

Covid19 dela eta, zenbait moldaketa egitea eskatuko die antolatzaileei, esaterako, beste espazio batzuk erabili beharra, gehienezko edukierak ez gainditzeko. Entrenamenduak egin ahal izango dira kasu guztietan; ez, ordea, lehiaketak. Egungo arauen arabera, 12 urte bitartekoen lehiaketarik ez da izango urtarrilera arte; 12 urtetik gorakoen kasuan, oraindik ez dute argitu lehiaketak noiz baimenduko dituzten.

Atzo, gaiarekin lotutako hiru bilera egin zituzten Udarregi Ikastolan. Eskola kiroleko, klubetako, Zirimarako eta udaleko ordezkariak izan ziren bertan, elkarlanaren isla. Izan ere, Beñat Larrañaga zinegotziak nabarmendu du, kulturarekin egin bezala, kirolaren eta jarduera fisikoaren aldeko apustua egin duela udalak hasieratik, kiroldegiak irekitzearen alde eginez eta herriko kirol klubekin elkarlanean.