Eduki publikatzailea
Atzealdea Urrezko Bikain ziurtagiria
2022·12·23
Usurbilgo Udalak goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du, aitortza maila guztien artean altuena: gehienez eskura daitezkeen 1.000 puntuetatik 900-949 puntu artean lortu ditugu, lehen “urrezko Bikain ziurtagiria” izenez ezagutzen zen aitortza jasoz. Abenduaren 13an Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian jaso genuen ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuaren eskutik.
Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren bidez, euskararen erabilera areagotzeko dinamikan diharduten erakundeei ekarpen kalifikatuak jasotzeko aukera ematen zaie: horretarako, kanpoko aditu talde batek ebaluazio bat egiten du, eta erakundeen indarguneak nabarmentzeaz gain, zer hobetuak ere identifikatzen dituzte, aurrera egiteko oinarrizko orientabideak jasotzeko. Hainbat alderdi aztertzen dituzte: erakundearen irudia, bezeroekiko eta herritarrekiko harremanak, barne komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen kudeaketa, kanpo-harremanak eta kudeaketa-sistema.
Ebaluazio taldea azaroaren 15ean izan zen udalean, eta behaketa-lanak egiteaz gain, hainbat sailetako arduradun tekniko eta politikorekin bildu ziren. Euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko nahiz kudeatzeko udala egiten ari den lana nabarmendu du. Euren txostenean halaxe diote: dagoeneko ageriko emaitzak eman dituen lana da.
Ikuspegi orokorretik, ebaluatzaileek honako indarguneak nabarmendu dituzte:
- Usurbilgo Udalean euskararekin lotutako hizkuntza irizpideak kudeaketa sisteman txertatuta daude, eta zeharkakotasunez erakundeko sail ezberdinetan aplikatzen dira.
- Erakundeko langileen euskara gaitasun maila altuak eta hizkuntza irizpideak era natural batean barneratuta izateak sortze-hizkuntza %100ean euskara izatea ahalbidetzen du.
- Inguruko udalen eta gainerako erakundeen artean Usurbilgo Udala euskara eremuan erreferente da euskararekiko erakusten duen konpromiso altua dela eta.
Gustura jaso dugu saria, azken batean, urte luzeotan udal gobernu ezberdinek eta udal langileek euskararekiko hartu duten konpromisoa eta egindako lan eta ahaleginari egindako aitortza delako. Aurrekoek egin duten bidea giltzarri izan da, horrenbestez, bai eta Usurbilgo herriak euskararekin duen konpromisoaren erakusle. Kale neurketaren emaitzek halaxe berretsi dute: euskararen erabilerak gora egin du azken bost urteetan, %54tik %62,8ra. Norabide berean ari gara, beraz, udala eta herritarrak arraunean, euskararen uberan. Zorionak, Usurbil! Saria eta erabilera datu on horiek izan daitezela euskaraz bizitzen jarraitzeko akuilu!