Eduki publikatzailea

Atzealdea Kiroldegia partzialki irekiko da bihar, irailaren 3an, ohiko ordutegian

Airearen kalitatea neurtu da gaur goizean, eta emaitza onak izan dira. Uretako ikastaroen izen-ematea eten egingo da, igerilekuko eremua erabiltzeko moduan izan arte: baldintza egokiak daudenean irekiko da berriz ere izen-ematea; orain arte izena eman dutenak gorde egingo dira. Aretoko ikastaroetan izena emateko aukera irekia dago, irailaren 10era arte.

2025·09·02


Sutea gertatu zenetik astebetera, bihar irekiko da, partzialki, Oiardo kiroldegia, ohiko ordutegian, gaur goizean egindako azterketen ostean. Udaleko Hirigintza buruak irekitzearen aldeko txostena egin du, eta Quiron Prevencion enpresak airearen kalitatea neurtu eta ona dela ebatzi du. Hala, suteak gutxien kaltetutako eremuak irekiko dira: pista, gimnasioa, tatamia, kanpoko zelaia, rokodromoa, squasha eta, oro har, lehorreko ikastaroetarako erabiliko diren aretoak. Beheko solairuko aldagelak erabiltzeko aukera izango da. Gainerako eremuak birgaitzeko lanean jarraituko da, kiroldegia erabat erabilgarri egon dadin ahalik eta azkarren, baina gehien eragindako eremuak birgaitzeak luze joko du.

Pixkanaka, egunerokotasuna berreskuratzeko lanean ari dira kiroldegian. Iraila izanik, ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko garaia da; saunako suteak, ezinbestean, ondorioak izango ditu uretako ikastaroetan, eremu berean kokatzen baitira igerilekuak. Oraingoz, uretako ikastaroen izen-ematea etetea erabaki da: orain arte izena eman dutenen zerrenda gorde, eta berriz irekiko da epea, ikastaroak egiteko baldintza egokiak daudenean. Aretoko ikastaroen kasuan, ohiko prozedura jarraituko da, eta irailaren 10era arte egongo da izena emateko aukera.

Igerilekuko eremua birgaitzeak luze joko du. Hori dela eta, Kirol sailak gogoratu du Buruntzaldeko zein Kirol Txartela Mugiment sareko kiroldegiak erabiltzeko aukeraz gain, haietakoren bateko ikastaroetan izena emateko aukera ere badagoela. Lasarte-Oriako kiroldegiaren kasuan, irailaren 10era arte dago irekita izena emateko epea; Andoainen kasuan, izen-ematea itxita badago ere, hutsik gelditutako plazak betetzeko aukera dago oraindik ere.

Airearen neurketak

Erre usaina joatea kosta egingo da; hilabeteak pasatu daitezke. Horregatik, partzialki bada ere, kiroldegia ahalik eta azkarren ireki ahal izateko, udalak Quiron Prevencion enpresari eskatu dio airearen kalitatea neur dezan, baldintza egokiak dauden edo ez jakiteko enpresa hori arduratzen da udal-langileen prebentzioaz : gaur goizean, asteartea, egin ditu neurketak, eta emaitzak onak izan dira. Udaleko Hirigintza buruak ere azterketa propioa egin du, eta partzialki irekitzearen aldeko txostena egin du.

2025-2026 ikasturteko ikastaroak: hemen.