Eduki publikatzailea
Atzealdea Uraren inguruko 2023ko txostena argitaratu du udalak
2024·06·04
Usurbilgo Udala uraren inguruko txostena egiten hasi da: hondakinekin egiten den bezala, ur kontsumoari lotutako hainbat datu argitaratuko dira, urtean behin, 2023koarekin hasita. Txostena udalaren webgunean argitaratu da, ur sarearen inguruko orrialdean.
Datuek erakutsi dute, besteak beste, ur kontsumoak goraka jarraitzen duela, azken urteetako joerari eutsiz: 2023an, 690.000m3 kontsumitu ziren Usurbilen. Horrez gain, 2023a urte berezia izan da urari dagokionez, filtrazio sisteman berrikuntzak egin baitira, eta horrek bere isla izan du datuetan ere. Esaterako, obrak egin bitartean, Añarbeko ura banatu da etxebizitza guztietan: urtearen amaierako datuen arabera, 2023an uraren %82 Añarbeko Mankomunitatetik hornitu da, eta %18, Erroizpetik.
2024ko datuak bestelakoak izatea espero du udalak: izan ere, urte hasieratik Erroizpeko presatik ere hornitzen ari da udala, eta maiatzaren 20az geroztik hornitze eremua zabaldu egin da ia kaxko osora, herriko etxebizitzen %62 inguru Erroizpetik hornituz.