Eduki publikatzailea
Atzealdea Uraren arloan, herri burujabea
2023·03·10
Informazio baten peskizan sarean nabigatzen ari nintzela, 1997ko maiatzaren 30eko Noaua aldizkariko titular honekin egin nuen topo: “Nongo ura edaten duzu zuk?”.
1994ean hasi zen Usurbilgo Udala Añarbetik ura hartzen, eta orduz geroztik herriko etxe guztietara ez da ur bera iristen. Muga Kale Nagusiak zehazten du. Hala, Santuenea, Urdaiaga, Txokoalde, Aginaga, Zubieta, kaxkoko zati bat (Kale Nagusitik behera), eta industriaguneetara Erroizpeko ura iristen da: hau da, herriaren %35-40 inguru hornitzen dugu gure ur propioz. Gainerako etxeetara Añarbeko ura iristen da.
Uraren kudeaketa XXI. mendeko erronka nagusietako bat da, ezbairik gabe. Ura ezinbesteko baliabidea da bizitzarako, baina baliabide baliotsua izanagatik ere, mugatua da, eta modu oso desorekatuan dago banatuta. XXI. mendeko urre zuria bihurtu dela diote askok. Ez da harritzekoa, beraz, batzuk eta besteak ura pribatizatzeko egiten ari diren ahalegina. Ez dugu urrutira joan behar praktika horiek ikusteko. Haatik, gure premisa argia da: ura eta berari lotutako ekosistemak guztion ondasunak dira, eta ezin dira merkatu logikaren eta interes pribatuen onuran jarri. Naturaren ondasun eta baliabide guztiak, kolektibitatearen ondare naturalaren parte dira, eta administrazio publikoek horrek duen ingurumen, paisaia, zientzia, gizarte eta kultura arloko balio adierazgarria gorde eta zaindu egin behar dute. Hain, justu, horretan ahalegintzen ari gara azken urteotan, eta egindako urratsak nabarmendu nahiko nituzke:
- Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean ur baliabideak babestu, zaindu eta leheneratzeko proposamenak jasotzen dira, esate baterako, Erroizpeko iturburuak, urtegia eta arroa.
- 2017an izandako gastroenteritis brotearen ondotik, ur sisteman inbertsio garrantzitsuak egin ziren, eta nabarmen hobetu ziren Erroizpeko ur-bilketa, banaketa eta kontrol-mekanismoak. San Estebango deposituetako instalazioak eta gailuak berritu, eta telekontrolerako sistema ezarri ziren. Ordutik, une oro informazio guztia eskura dute uraren udaleko arduradunek.
- 2022ko otsailetik, Usurbilgo Udala da Erroizpeko uraren KZU Kontrol eta Zaintza Unitatearen arduraduna, ur horren titularra izateaz gain.
- Emari ekologikoa bermatzen da.
- Filtrazio sistema hobetzeko obrari ekin berri diogu. Ur-hornidura hobetu eta Andatzan sortzen den ura herriko ia etxebizitza guztietara iristea da helburua: udalak, guztira, 878.500 euroko inbertsioa egingo du. Horren bidez, Erroizpeko hiru iturburuetako ura ez ezik, presako ura ere baliatzeko aukera izango da: segundoko 11 litro ordez, 86 litro erabili ahal izango dira.
Obrak, guztira, sei hilabete iraungo du, eta, tarte horretan, iturburuetako emaria erabat moztuko da sei astez. Herritarrek, dena den, ez dute ur mozketarik jasango arrazoi hori dela eta, Añarbeko ura erabiliko baita, %100ean, herri osoan.
Uraren esparruan herri burujabea izateko ezinbesteko inbertsioa egin dugu. Gainera, epe motzean amortizatzeko aukera izango dugu: Añarbeko urak erabiltzeari uztean, dirua aurreztuko baitugu urtero. Datozen garaiak ikusita, ezinbesteko herri inbertsioa.