Eduki publikatzailea

Atzealdea Ur sarea eremuka banatu du udalak, uraren emaria kontrolatu eta galerak saihesteko

Ur sarea digitalizatzeko beste urrats bat egin du udalak: eremu bakoitzean jarritako gailuen bidez, ur galerak izatekotan zein eremutan dauden jakin ahal izango du. Inbertsioa Donostialdeko Uraren Zikloaren Digitalizazioaren proiektuaren parte da, eta Europako funtsen finantzaketa du.

2026·02·20


Herriko ur sarea eremuka banatu du udalak, uraren emaria kontrolatu eta galerak saihesteko helburuarekin. Instalatutako gailu digitalen bidez, udalak une oro jakin ahal izango du uraren emaria zenbatekoa den, baita galerarik izatekotan non dauden ere. Lanak Gabirondo Iturgintza enpresari esleitu zitzaizkion, 120.000 euroan, eta Europako funtsen finantzaketa izan du, 62.400 eurokoa.

Ur sarea zazpi eremutan banatu da, eta ur emariaren informazioa erregistratzen duten zazpi gailu jarri dira, urriaren 13an hasi eta urtarrilaren 26ra bitartean: Zubietan, Santuenean, Kalezarren, Txikierdi eta Ugaldea, Zumartegi eta Osinalde industriaguneetan. Gailuok bertatik banatzen den ur kopuruaren berri ematen diote udalari, digitalki: hala, telefonoz zein ordenagailu baten laguntzarekin une oro jakin daiteke emaria zenbatekoa den. Inbertsio horrek galerak identifikatzea azkartu eta konponketak lehenbailehen bideratzea erraztuko du, sarearen eraginkortasuna bermatu eta udalaren baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea ahalbidetzeaz gainera. Guztira, halako zortzi gailu ditu udalak, lehendik jarria baitzuen beste bat, Aginagan.

Urrats berria digitalizaziora

Duela hiru urte ur sarea digitalizatzeko hasitako ibilbidean beste urrats bat izan da emaria eremuka kontrolatzeko inbertsioa. 2023an, inbertsio handia egin zen, 894.125 eurokoa, Andatzatik datorren ura udalerriko etxebizitzen %62ra iristea ahalbidetu zuena. Hiru lan egin ziren, nagusiki. Batetik, San Esteban 1 deposituan filtro berriak jarri ziren, Erroizpeko iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatu ahal izateko. Bestetik, Erroizpeko iturburuak eta San Esteban 1 depositua lotzen dituen hodia berritu zen. Eta, gainera, telekontrol sistema berria ezarri zen, Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik bultzatutako PERTE dirulaguntza baliatuta. Dirulaguntza horren lerro berri bati esker egin da, orain, sarearen digitalizazioan sakontzeko urratsa.

Usurbilgo inbertsioa Donostialdeko Uraren Zikloaren Digitalizazioaren parte da. Izan ere, Europako funtsak eskuratu eta uraren zikloaren digitalizazioan sakondu ahal izateko, Digurbe elkartea osatu zuten Añarbeko Urak eta Gipuzkoako bederatzi udalerrik, tartean, Usurbilek.

Herriko ura, %75ean

2025ean Usurbilen hornitu zen ur bolumenaren %75 Erroizpeko presa eta iturburuetatik egin zen.