Eduki publikatzailea
Atzealdea Ugartondon auzokonposta egiteko izena emateko aukera, urtarrilaren 22tik otsailaren 9ra
2024·01·18

Usurbilgo Udalak eta Atez ateko bulegoak gutuna bidali die Ugartondoko bizilagunei, auzokonposta egin nahi luketen bizilagunen taldea osatzeko. Auzokonpostaren bidez, etxeko materia organikoa auzoan bertan konpostatzeko aukera ematen du udalak 2013az geroztik, konpostagailua auzoko eremu publikoan jarrita. Ugartondon auzokonposta egiteko interesa duten herritarrek izena emateko aukera izango dute urtarrilaren 22tik otsailaren 9ra arte.
Bidalitako gutunean auzokonpostaren inguruko informazioa helarazi diete. Lur propiorik ez duen edozeinek eman dezake izena, eta hala eginez gero, ikastaroa jasoko dute auzokonpostaren funtzionamendua ezagutzeko. Talde bakoitzean arduradun bat izendatzen da, hiru hilero aldatzen joaten dena: bere ardura izango da denek botatako materia organikoa nahastu eta udalak eskuragarri utzitako materia lehorra gainetik botatzea; astean bizpahiru aldiz egin behar izaten da hori.
Materia organikoa auzoan bertan konpostatzeak esan nahi du organiko hori kudeatzeko ez dela garraiorik erabiliko, eta, beraz, mesede egiten dio ingurumenari. Horrez gain, auzokonposta egiten dutenek bestelako abantailak ere badituzte: batetik, organikoa edozein momentutan botatzeko aukera dutela, eta, bestetik, hondakinen tasako zati finkoan %40ko hobaria jasotzen dutela.
Izena emateko
Epea: urtarrilaren 22tik otsailaren 9ra
Nola: atezate@usurbil.eus / 606 501 024 / udaletxeko atez ateko bulegoan
Eman beharreko datuak: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta etxe bakoitzeko lagun kopurua.
