Eduki publikatzailea
Atzealdea UEMAren Salto! udalekuetan izena emateko aukera, martxoaren 31ra arte
2025·03·12
Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk. Bi txanda izango dira: ekainaren 22tik 30era, eta uztailaren 2tik 10era, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat, eta txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago. Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Baliarraindik Idiazabalerako bidea egingo dute gazteek, Tolosaldean hasi eta Goierrin barrena. Zaldibian eta Ataunen ere egingo dituzte bina gau. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua. Martxoaren 31ra arte izango da izena emateko aukera.
Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin.
Aurten, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta iaz bezala aurten ere bi txanda izango dira: ekainaren 22tik 30era, eta uztailaren 2tik 10era. Azken urteetan bezala, ibiltaria izango da ekimena: Baliarrainen hasi eta, Zaldibia eta Ataun zeharkatu ondoren, Idiazabalera iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira.
Bideoa: 2025ko Salto! udalekuak iragartzeko bideoa.
Izena emateko UEMAk horretarako prestatu duen galdetegira sartu eta datuak bete behar dira.