Eduki publikatzailea
2017·05·10
Osoko Bilkura berezia ospatu da asteazken honetan Usurbilgo udaletxean. Izan ere, herriko Udarregi ikastolako ikasleek Agenda 21 proiektuaren inguruko proposamenak helarazi dizkiete Usurbilgo alkateari eta zinegotziei. Besteak beste, ikastolarako irisgarritasuna hobetu eta garraio jasangarriaren aldeko ideiak mahaigaineratu dituzte. Esaterako, autoen erabilera murriztea edota ikastolara bizikletaz zein oinez joateko konpromisoa berretsi dute. Alkate eta zinegotziek, beraien aldetik, adi-adi jarraitu dituzte umeen azalpen eta proposamen guztiak, eta hurrengo erabakietarako kontuan hartuko dituztela adierazi diete.
21 Agendak tokiko iraunkortasuneranzko trantsizioa bilatzen du. Garapen iraunkorrean oinarritutako prozesua da eta, bizi-kalitatea igoko duen oreka lortze aldera, justizia soziala, ekonomia iraunkorra, hiri-ingurunea eta kapital natural iraunkorra uztartu nahi ditu.