Eduki publikatzailea

Udarregi ikastolako Agenda21 programak lau urte bete ditu aurten

Lehen Hezkuntzako haurrek herria hobeto ezagutzeko hamaika ekintza egin dituzte, hainbat gai lantzearekin batera.

2020·01·27


Lau urte beteko ditu 2020an Udarregi ikastolako Agenda21 programak. Urtero, gai bana landu dute, iraunkortasunaren ikuspegitik: mugikortasuna, hondakinak eta kontsumoa izan dira orain arte ardatz hartu dituztenak. Aurten, klima aldaketa lantzen ari dira: “Gaur-gaurko gaia da”. Udarregi ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartzen dute programa horretan: 6 eta 12 urte arteko 400 ikasle inguruk.

2019-2020 ikasturte lehengo hiruhilekoan sentsibilizazio jarduerak egin dituzte. “Komunikabideetan ia egunero entzuten dugu klima aldaketari buruz hitz egiten, baina zer da? Nola eragingo digu?”. Horrez gain, barne diagnostikoa egin du ikastolak: gai horrek zer isla duen ikasgaietan, ikastolaren egunerokoak zer eragin duen klima aldaketak, zer egin dezaketen ikasleek ikastolaren energia kontsumitzeko, eta abar. Horrekin guztiarekin, ikastolako Txoko Berdea elikatzen ari dira, etengabe. “Gure herriko ikasleak kalean eta lanean topatzen badituzu, hurbil zaitezke eta parte hartu beraiekin batera: eskertuko dute zure parte-hartzea!”, eskatu dute antolatzaileek.

Oraintxe hasi berri duten bigarren hiruhilekoan, herriko diagnostikoa gauzatzeko jarduerak egingo dituzte: horrek emaitza batzuk izango ditu, eta hobekuntzak proposatuko dituzte. “Horietako batzuk norberak egitekoak izango dira, beste batzuk ikastetxeetan egitekoak, eta beste hainbat udalari proposatuko dizkiogu, hurrengo hiruhilekoan”. Izan ere, hurrengo hiruhilekoan, ikasle taldeen ordezkariak elkartu eta egindako lana bateratu egingo dute, eta azken txostena sortuko dute, udalean aurkezteko.