Eduki publikatzailea
Atzealdea Udaletxeko teilatua konpondu eta igogailua azken solairuraino iristeko obrak, datorren astetik aurrera
2025·07·04
Udaletxeko teilatua konpondu eta igogailua azken solairuraino iristeko obrak egingo dira, Santixabelak bukatu ostean. Garmendia Tejas y Cubiertas SL enpresak eskuratu du obra egiteko lizitazioa, 163.500 euro inguruan (BEZ barne), eta hiru hilabeteko epea izango du horretarako. Teilatuak 40 urte inguru ditu, eta teilak egoera kaskarrean daude: azken urteetan konponketa txikiak egin badira ere, erabat berritzeko beharra du dagoeneko.
Hainbat lan barne hartzen ditu teilatua konpontzeko obrak. Lehenengo, teilen azpian dagoen amiantoa kendu eta lata berria jarriko da, hau da, teilen euskarri diren egurrezko ohol mehe eta luzeak. Eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko, gainera, isolamendu termikoa jarriko da, eta, ondoren, teila eta sabai-leiho berriak. Horrekin batera, erreten berriak jarriko dira, eta teilatu-hegalean ustelduta dagoen egurra ere saneatu egingo da.
Obrak aprobetxatuko dira, halaber, udalaren irisgarritasuna hobetzeko, izan ere, igogailua ez da azken solairuraino iristen. Egungo igogailuaren kutxa edo egitura luzatu egingo dira, azken solairuraino igotzeko: teilatuak orain duen forma izaten jarraituko badu ere, igogailuaren kutxaren zati bat agerian geldituko da. Teilatupeko espazioan ere esku hartuko da: egitura lixatu eta bernizatuko egingo da, lurra leundu eta bernizatuko da.
Teilatuko obrak egin ahal izateko, dena hustu da, aurrez: udalaren artxiboaren zati bat bertan zegoen — orain arte, bi gunetan banatuta egon da artxiboa, udal barruan: ganbara edo teilatupean, eta hirugarren solairuan. Teilatua konpontzeko beharrari, gainera, artxibo sistema eguneratzeko beharra gehitu zitzaion, eta biei ekin die udalak, artxibotik hasita. Lizitazioa atera zuen iazko udan, eta Ereiten Kultur Zerbitzuak taldeak eskuratu zuen, 194.568 euroan (BEZ barne). Teilaturen obrak ezin zuen artxiboko lanak amaitu arte itxaron, hiru urterako lana baita: horregatik artxiboa Atallura eraman zen, egin beharreko lanak han egiteko.
Atallu artxiboaren behin-behineko egoitza izango da. Artxiboak hartzen duen leku fisikoa handia da, eta udaletxetik kanpo kokatzea da asmoa, udaleko espazio faltari erantzun ahal izateko: oraindik erabakitzeko dago zein izango den behin betiko egoitza. Artxiboaren lekualdatzea udaletxearen berrantolaketa orokorraren lehenengo pausoa izango da; horrekin udazkenean hasteko aurreikuspena du udalak.