Eduki publikatzailea

Atzealdea Udaletxeak zita bidez egingo du aurrez aurreko harrera, ostegunetik aurrera

Herritarrek telefonoz deitu beharko dute, zer tramite mota egin behar duten zehaztu eta ordua hartzeko: halaxe funtzionatuko dute udaletxeko zein gizarte zerbitzuetako harrerek.

2020·05·11


Ia bi hilabeteren ostean, maiatzaren 14an, udaletxea zein gizarte zerbitzuak herritarrak aurrez aurre hartzen hasiko dira, zita bidez. Udalera joan aurretik hartu beharko dute, beraz, hitzordua. Zein tramite egin behar duten zehaztu beharko dute, eta udaleko langileek baloratuko dute ea beharrezkoa den udalera joatea edo Internetez edo telematikoki egiteko modukoa ote den. Modu horretara, jende pilaketak saihestu nahi ditu udalak: kontsulta bakar bat egingo da txanda bakoitzean, eta, gehienez, bi herritar sartu ahal izango dira batera (bietako batek laguntza beharko balu, hirugarren batek sartu ahal izango luke). Zitarik hartzen ez duenari ez zaio bermatuko arreta jasoko duenik.

Segurtasun neurrien garrantzia nabarmendu du udalak, eta harrerako langileek emandako irizpideak jarraitzea derrigorrezkoa izango da. Izan ere, zenbait tramite udaletxe kanpoan eginda konpondu daitezke (dokumentu baten bila doazenen kasuan, esaterako): kaxa bat jarriko dute, dokumentuak hor utzi eta herritarrek har ditzaten, distantziak mantenduz. Gainerakoan, eraikin barruan ere hartuko dituzte herritarrak. Langileen mahaiak babestu eta distantzia mantentzeko pantailak jarri dituzte. Ahal dela, nork bere maskara eramateko eskatu dute; ezin denean, langileek emango diote, eta eskuak garbitu beharko dituzte sartu aurretik. Kontsulta bat amaitzen den aldiro, herritarra egon den aulkia desinfektatuko du udal-langileak, hurrengoa sartu aurretik.

Horrez gain, aurrerantzean, udaletxe barruko jende mugimendua murrizte aldera, ate desberdinetatik sartuko dira eraikinera udal-langileak eta herritarrak: langileak Joxe Martin Sagardia plazatik sartuko dira, eta herritarrak, Irutasun kaletik (Txalakaren aldetik).

Eskudirutan, ez

Zenbait herritarrek zergak eskudirutan ordaintzeko ohitura dute oraindik ere, eta kutsatze-arriskua gutxitze aldera, ez da aukera hori emango hemendik aurrera. Zergekin lotutako tramiteren bat egin nahi dutela esanez deitzen duten herritarrei zergak ordaintzeko bi modu eskainiko zaizkie. Aukeretako bat udal-langileak ordainagiria eman eta bankura joatearena izango da, eta, bestea, posta elektronikoz egitea izango da: kontu-hartzailetzatik kode bat bidaliko zaie hala nahi duten herritarrei, eta kode hori baliatu ahal izango dute bai bankura joateko edo Internet bidez ordaintzeko. Dena den, kontu-hartzailetzatik zergak helbideratzeko gomendioa egin dute: zergak baimendutako epealdiaren azken egunean kobratu ohi dituzte.