Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalerri euskaldunetako bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute hiru finantza erakundek
2021·10·26
2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak UEMArekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. Orain, bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ABANCA ere gehitu da hitzarmenera, hiru finantza erakundeek bulegoak dituzten 44 herrietako udalekin batera.
Udal horietako alkateek eta ordezkariek Bergarako Seminarixoan egin dute hitzarmena aurkezteko ekitaldia. Bergarako alkate Gorka Artolak egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok ondoan izan ditu Nuria Agirre Unzueta Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusia eta Ana Urkiza Bankoa ABANCAko Euskara Koordinatzailea.
Guztiei eskerrak eman dizkie Iraitz Lazkanok, ekimen honen garrantzia ulertzeagatik eta hitzarmenarekin bat egiteagatik. “UEMArekin eta 44 udalerri euskaldunekin hitzarmena sinatzen duten hiru finantza erakunde hauek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute. Beraz, jarrera eredugarria dute, zalantzarik gabe”.
Laboral Kutxaren izenean, Nuria Agirre Gestio Sozialeko zuzendariak adierazi duenez, duela 23 urte UEMArekin elkarlanean hasi zirenetik asko aldatu dira erronkak zein bezeroarekiko harremanak, baina kalitateari eusteko ezinbestekoa zaie euskaldunei zerbitzua euskaraz eskaintzea: “Atsegin handiz heltzen diogu, beste behin, duela 23 urte UEMArekin irekitako ibilbidearen erronkari. Egoera eta testuingurua askotxo aldatu da denbora-tarte luze honetan, teknologia berrien garaian bizi baikara, baina Laboral Kutxak ohiko filosofiari eutsi nahi dio hitzarmenaren bitartez, bezeroei eta, orohar, gizarteari kalitatezko zerbitzua emanez, euskaldunei zerbitzua euskaraz eskainiz”.
Kutxabankeko Eduardo Ruiz de Gordejuelak, berriz, 2016an ere UEMArekin lehen aldiz hitzarmena sinatu zutela, eta ordukoak bezala oraingoak ere helburu argia duela: “Finantza entitatearekiko harremanetan euskara gehiago erabiltzea, betiere bezeroaren hizkuntza eskubideak bermaturik”. Gordejuelak gogoratu duenez, “hein handi batean bulegoetako langileon jardunaren araberakoa izango da hitzarmena zer neurritan beteko den. Ezinbestekoa da, beraz, langileok hitzarmenaren berri izatea: jakitea zer asmorekin sinatu den, zergatik, eta zer neurri adostu diren”. Finantza erakundeek hori guztia jaso dute UEMArekin adostu eta osatu duten langileentzako hizkuntza irizpideetan, eta hitzarmena sinatu duten udalerri guztietarako bulegoetako lankideei zabalduko diete. Gordejuelak adierazi duenez, “txalotu eta eskertu egin nahi dugu langile askok urteotan euskararen erabilera indartzeko egin duten lana. Orain, ordea, pauso gehiago eman nahi ditugu hitzarmen honen bidez, euskararen erabilera sendotzeko eta sistematizatzeko”.
Bankoa ABANCA, hitzarmenera gehitu den hirugarren finantza erakundea
Laboral Kutxarekin eta Kutxabankekin 2016an sinatutako hitzarmena eguneratzeaz gain, hirugarren finantza erakunde bat ere gehitu da orain hitzarmen berrira: Bankoa. Ana Urkiza Bankoa ABANCAko Euskara Koordinatzaileak adierazi du “Bankoa ABANCArentzat pozgarria” dela hitzarmenaren sinatzaileetako bat izatea: “Guretzako lehenbiziko aldia da eta, beraz, erronka berri baten aurrean aurkitzen gara. 2008. urtetik aurrera, Bankoako bezero guztiei zerbitzua euskaraz eskaintzeko egiten ari garen ahaleginaz gain, orain, hitzarmen honek beste urrats bikoitz bat ematea dakar guretzako. Batetik, finantza sektorea erreferente bilakatzea bezeroarekiko ditugun harremanak euskaraz bideratzen egiten dugun lanagatik eta erreferentzialtasun hori Laboral Kutxarekin eta Kutxabankekin batera partekatzea. Bestetik, bezeroei eurek aukeratzen duten hizkuntzan harremana sustatzeko politikak zehazteaz gain, euskaraz bizi diren herrietako biztanleekin zuzenean euskaraz aritzeko ohitura lantzea”.
Ekitaldia amaitzeko, UEMAk, hiru finantza erakundeek eta hitzarmena sinatu duten 44 udalek hitzarmenaren atarian bildutakoa ekarri du gogora UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok: “Batetik, kalitatearen osagai funtsezkoa dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Bestetik, bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula dela euskara eta, beraz, hau lehenesteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela, euskara zabaltzeko eta sendotzeko asmoz, beti ere bezeroek euskaraz ahoz eta idatzi jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian aitortuz”.
Hitzarmenaren mamia, zazpi puntutan
Hori guztia bermatu ahal izateko, UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek, Bankoak eta 44 udaletako alkateek hainbat kontu hitzartu eta zazpi puntutan bildu dituzte. Honakoak, zehazki:
1. Elkarren arteko harremanak. Udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira. Hori bermatzeko baliabideak jarriko dituzte bi aldeek; finantza entitateen kasuan, udalerrietako bulegoetan ez ezik, baita gainerako ataletan ere.
2. Hizkuntza irizpideak. Finantza entitateak, hitzarmena sinatu duten udalerrietan dauzkan bulegoetan, euskararen presentzia bermatuko du herritarrekiko harremanetan. Helburu hori betetzeko asmoz, besteak beste, honako neurri zehatz hauek ezarriko ditu:
a) Lehen hitza. Langileek euskaraz egingo diote lehen hitza bezeroari.
b) Mezu elektronikoak. Posta elektroniko bidezko mezuak euskaraz bidaliko zaizkie bezeroei, edo ele bietan; ele bietan bidaltzekotan, euskara lehenetsiko da.
c) Produktuak. Finantza produktuei buruzko informazioa euskaraz emango dute langileek, non eta bezeroak ez duen aurkakoa eskatzen; idatzizko informazioari dagokionez, euskaraz emango dute, edo, bezeroak hala eskatzen badu, ele bietan. Helburu hori lortzeari begira, entitateak bereziki zainduko du langileek badutela nahiko trebetasun produktuei buruzko informazio teknikoa euskaraz emateko.
d) Txartelak. Euskaraz konfiguratuko dira txartelak, bezeroak aurkakoa eskatu ezik.
e) Eskaintza aktiboa. Finantza entitateak ahalegina egingo du bezeroek gero eta gehiago erabil dezaten euskara bere zerbitzuetan. Horretarako, batetik, kartelak jarriko ditu bulegoetan, langileek badakitela adierazteko eta euskaraz aritzera gonbidatzeko; bestetik, erabilera sustatzeko kanpainak egingo ditu aldian-aldian.
f) Kutxa automatikoak. Txartela sartu aurreko mezuak euskaraz agertuko dira kutxa automatikoetan: bai publizitatea, bai sartu txartela eta horrelako mezuak.
g) Hizkuntza paisaia. Euskaraz egongo dira bulegoetan jarritako iragarki kartelen %75 gutxienez, barrura zein kanpora begira. Kartel elebidunak jartzekotan, euskarazko mezua nabarmenduko da. Bulegoak publizitaterik jartzen badu tokiko argitalpenetan (aldizkariak, egitarauak…), euskaraz jarriko du. Bulegoko seinaleak euskaraz edo ele bietan jarriko dira; ele bietan bada, euskara lehenetsita. Eskuorrietan euskara lehenetsiko da, eta bulegoetan bezeroek hartzeko moduan dauden eskuorrien %75 gutxienez egongo dira euskarazko aldea ikusgai dutela.
h) Toponimoak. Leku izenak erabiltzean, euskarazko izen ofizialak baliatuko dira.
i) Eragiketak. Libretetan eta kontuetan eragiketaren bat erregistratu behar denean, euskaraz idatziko du langileak, non eta bezeroak ez duen kontrakoa adierazten.
j) Bezero gazteak. 35 urtetik beherako bezeroei euskara hutsez bidaliko zaizkie komunikazioak, haiek ez badute besterik eskatzen —kasu horretan, ele bietan bidaliko zaizkie komunikazioak, betiere euskara lehenetsita—. Bezero berriak hartzeko prozeduretan txertatuko da irizpide hori, harremana euskaraz has dadin.
3. Langileak. Irizpide horiek guztiak ezartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko, osagai funtsezkoa dira finantza entitateko beharginak. Horiei begira, neurri hauek hartuko dira:
a) Ezagutza. Bulego horietako langileak gai izango dira edozein lan mota euskaraz egiteko. Xede hori lortzeko, trebakuntza eskainiko die entitateak, eta baliabide informatikoak prestatuko ditu. Bulego horietan zerbitzu emateko kontratatutako langile berriak, finkoak zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.
b) Harrera. Langile berri bat hasten denean, harrera egitean azalduko zaizkio hitzarmen honetan jasotako irizpideak. Horrekin batera, udalerri euskaldunei buruzko oinarrizko informazioa helaraziko zaio, aurrez prestatutako material baten bidez. Hitzarmen hau indarrean sartzean, jadanik bulego horietan lanean ari diren behargin guztiei bidaliko zaie udalerri euskaldunei buruzko materiala.
c) Lan hizkuntza. Langileen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegina egingo du entitateak, lankideen hizkuntza ohituretan bereziki eraginez.
4. Banka elektronikoa. Euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Bermatuko du eragiketa guztiak egin daitezkeela euskaraz. Bezeroek gailu elektronikoak euskaraz konfigura ditzaten sustatuko du finantza entitateak, hori bultzatzeko kanpainak eginez, kontuan izanik euskaraz konfiguratzea inportantea dela zerbitzuak euskaraz erabiltzeko.
5. Hedapena. Udalek hitzarmen honen edukiaren berri emango diete herritarrei. Udal langileei ere jakinaraziko diete, finantza entitatearekin harremanak euskaraz izan ditzaten.
6. Jarraipen batzordea eta ebaluazioa. Hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateko eta UEMAko ordezkariek. Urtean behin gutxienez bilduko da, eta haren egitekoa izango da ezarritako irizpideen jarraipena egitea.
7. Indarraldia. Hitzarmen honek lau urteko iraunaldia izango du. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.
Alde guztiek ohiko komunikazio euskarriak erabiliz herritarrei zein bezeroei hitzarmen honen berri emateaz gain, hiru finantza erakundeen bulegoetako langileei hitzarmenaren arrazoiak eta edukiak ezagutarazteko gida ere prestatu dute elkarlanean, hizkuntza irizpideak bilduta, eta euren langileei helaraziko dizkiete gida horiek, irizpideak argi izan ditzaten.