Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalbatzak hutsik deklaratu du Santueneko Bilgunea ustiatzeko zerbitzuaren lizitazioa

Ez da proposamenik aurkeztu Santueneko Gure Elkartea tabernaren kudeaketa esleitzeko prozesura. Proiektuaren aldeko apustua berretsi du udal-gobernuak: hutsik gelditzearen arrazoiak aztertu eta pleguak aldatu behar diren baloratuko du.

2026·09·25


Santueneko Bilgunea ustiatzeko zerbitzuaren lizitazioa hutsik deklaratu du udalbatzak, aho batez, iraileko osoko bilkuran. Ekaineko osoko bilkuran abiatu zuen udalak Gure Elkartea jubilatuen egoitza izandakoaren kudeaketa esleitzeko prozesua, baina eskaera jasotzeko epean ez da proposamenik aurkeztu.

Esleipenarekin, jubilatuen izatetik harago, zerbitzua auzoaren bilgune izateko proiektua bultzatu du udalak. Izan ere, Aginagan egin bezala, Santuenean ere Hurbilduz proiektua martxan jartzeko lanean ari da udala urte hasieraz geroztik. Bakarrik dauden auzokideen integrazio komunitariorako proiektua da: komunitatearen aukerak aprobetxatu nahi dira egoera horretan egon daitezkeen auzotarrei laguntzeko. Santueneko jubilatuen elkartearen eraberritzea logika horretara egokitzeko beharra jarri zuen mahai gainean udalak, eta auzotarrek begi onez ikusi zuten proposamena. Proiektuaren bidez, auzoko sare komunitarioa indartu nahi da, adinekoek beren auzoan eta komunitatean iraun dezaten sustatzeko. Era berean, familientzako atseden espazioa izan dadin ere nahi da. Horregatik, proiektuaren berritasun nagusietako bat jantoki komunitarioa eskaintzea da.

Esleipen prozesuan proposamenik aurkeztu ez bada ere, udal-gobernuak proiektuaren aldeko apustua berretsi du. Horregatik, hutsik gelditzearen arrazoiak aztertuko ditu, pleguak aldatu behar diren edo ez baloratu ahal izateko.

EAJren esanetan, ez dira harritu esleipena hutsik gelditu izanaz. “Presa zegoenez, horrela atera zen, baina ez gauzak egin zitezkeen bezain ondo egin zirelako. Ez dut esan nahi gaizki egin zirenik, baina hobeto egin zitezkeen”, adierazi zuen Xabier Otxoa zinegotziak.

Agurtzane Solaberrieta Mesak azaldu zuen udal-gobernua kontziente dela proiektu berria izanik arriskatu egin direla. “Gaur egun, jubilatuen egoitzak kudeatzeko arazoak daude, ez soilik Usurbilen. Guk proposamen bat egin dugu, jakinda arriskutsua zela, eta horren aldeko apustua egiten dugu”. Otxoari erantzunez, aitortu du presaz egin duela lan udalak, horixe zelako auzotarrek helarazi zioten beharra eta ahalik eta azkarren erantzuten ahalegindu zela: “Auzoak denbora zeraman horrelako gunerik gabe, eta auzotarren presa eta kezka gure egin ditugu: udalean ahaleginak eta bi egin genituen ahalik eta azkarren ateratzeko”. Azaldu duenez, esleipena martxan jarritakoan, zenbait dei jaso zituen udalak, zerbitzuarekiko interesa agertuz, nahiz eta, azkenean, inor ez aurkeztu.