Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalbatzak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu eta Foru Aldundira igortzea erabaki du, behin betiko onar dezan
2026·06·03

Usurbilgo HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko dokumentua onartu zuen, atzo, udalbatzak, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk aurka bozkatu zuen. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaliko zaio dokumentua: Usurbil 7.000 biztanlez azpiko udalerria izanda, Foru Aldundiari dagokio Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartzea.
HAPOa behin betiko onartzea eskatuko zaio aldundiari, Zubietako ZU.03 Errota eremuaren onarpena etenda utziz. Dokumentuak udalaz gaindiko administrazio guztien aldeko txostenak lortu ditu, eremu horretan salbu: URA Ur Agentziak Errota eremuan aldaketa batzuk egin eta azterketa hidraulikoa berriro egiteko eskatu du. Ondoren URAri eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari bidali behar zaie berriz, aldeko txostena eman dezaten. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, egin beharreko aldaketak adosteko bilera egin zuten URAk eta udalak, urte hasieran. Eremu horren onarpenak bere denbora behar duenez, dokumentua behin betiko onartzeko tramitea egitea erabaki da ZU.03 Errota eremua etenda utzita, eta horren aldeko txostenak iristen direnean osoko bilkurara eramango da, behin betiko onar dezaten hori ere.
HAPOa hirigintza-plan bat da. Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko tresna da, izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du. HAPOaren indarraldia, dokumentu juridikoa den aldetik, mugagabea den arren, dokumentuan jasotako hirigintza-proposamenak 15 urteko aldiari erantzuten dio. Solaberrietaren esanetan, herriaren beharren araberako programazioa aurreikusi da HAPOan: “Jarduketa programaren bidez, Usurbil modu orekatuan eta ordenatuan hazi eta garatzeko ezinbesteko tresna da”.
2014ko maiatzean ekin zion udalak plangintza orokorra berrikusteko prozesuari, 2004-2013 artean onartutako arau subsidiarioak ordezkatzeko asmoz. Ordutik, hamaika azterlan eta dokumentu osatu eta onartu dira, baita hainbat parte-hartze prozesu gauzatu ere, HAPOan txertatu direnak. 2022ko urrian eman zion udalbatzak hasierako onarpena dokumentuari. Ondoren, jendaurrean jarri zen, interesdunek alegazioak jartzeko aukera izan zezaten: 41 alegazio jaso eta ebatzi ziren. Osorik zein partzialki onartutakoak HAPOan txertatu ziren, beste administrazioetatik jasotako txosten sektorialekin batera: dokumentu hori behin-behinean onartu zuen udalbatzak, 2025eko urtarrilean, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordera bidali zen, hark onar zezan. Aldeko txostena eman zuen horrek ere: ezarritako baldintzak dokumentuan txertatuta udalak behin betiko onarpena eman ziezaiokeela adierazi zuen. Azken dokumentu hori da, hain zuzen, udalbatzak osoko bilkuran onartu duena.
Solaberrietaren ustez, HAPOa nola idatzi den kontuan izatea ere garrantzitsua da. Izan ere, haren esanetan, usurbildarren parte-hartzea eta adostasuna bilatu dira, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea ezinbestekotzat jo baita eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko. Horren lekuko dira azken urteetan egin diren parte-hartze prozesuak: Oraina da geroa (2014/15), Kale Irekiak (2016), Aginaga (2017/18), Zubieta (2020), Kalezar (2021) eta Santuenea (2021/22). Lur jabe pribatuekin zein beste administrazioekin lortutako hitzarmenak ere nabarmentzekoak dira, besteak beste, Zapategi, Olarriondo, Elutx, tren geltoki berria edo N634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua.
“HAPOak tresna izan nahi du denon artean eraikitako eta denontzako izango den Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa, eta bizigarriagoa bihurtzeko, euskara garapen komunitarioaren ardatz izanik, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena, eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena helburu”, nabarmendu zuen Solaberrietak. “Dokumentu berriak zalantzan jartzen du egungo hiri-eredua, eta hirigintza eko-feministaren irizpideak eta begiradak geure eginez, gertutasunean eta ingurumenaren eta herritarren zaintzan oinarrituriko herri ereduan sakontzen du”, gehitu du.
HAPOan jasotako neurriak gogoratzeaz gain, beste erakundeek dokumentuaz egindako oharrak eta balorazioak aipatu zituen Solaberrietak, osoko bilkuran. Aldundiko Jasangarritasun departamentuarena, esaterako: “Egiaztatu da hiri antolamendua baldintza dezaketen ingurumen eta jasangarritasun irizpideak prozesuaren lehen faseetatik hartu direla kontuan, zehazki HAPOaren helburu orokor eta partikularren definiziotik, eta, ondoren, azkenean garatutako antolamendu proposamenak diseinatzeko aplikatu direla”. Aldundiko mugikortasun, turismoko eta lurralde antolaketako departamenduko lurralde zuzendaritzarena: “Adierazgarria da HAPOaren proiektuak ez duela aurreikusten udalerriaren hiri garapenerako lurzoru berrien okupazioa, eta hori positibotzat jotzen da doktrinak eta azken urteetan onartutako lurralde-antolamenduko dokumentuek (2019ko LAG eta 2015eko Donostialdeko LPP, nagusiki) ezartzen dituzten irizpideen arabera”. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ere “benetan” eskertu du udala euskararen erabilera normalizatzeko eta aztertutako proiektuak euskararen egoeran eragin lezakeen balizko eragin negatiboa leundu edo saihesteko egiten ari den ahalegina.
PSE-EEk aldeko botoa justifikatu zuen, haren ustez, dokumentua Usurbil bizigarriagoa, iraunkorragoa eta etorkizuneko belaunaldientzat aukerak sortuko dituena delakoan. Horrekin batera, oso garrantzitsutzat jo zuen erakundeen arteko elkarlana eta adostasuna: “HAPOan jasotzen diren proposamen batzuk ez daude udalen esku, eta, beraz, elkarlan hori garrantzitsua da, esaterako, etxebizitzen gaian”.
EAJk, berriz, kontra bozkatu zuen, haren ustez, dokumentuak ez diolako erantzuten egungo etxebizitza larrialdiari eta Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatua dagoelako. “Etxebizitza kopurua murrizten da, 127 etxebizitza gutxiago aurreikusten baita. Nola justifikatzen da hori etxebizitza larrialdi batean?”.
Solaberrietak eskerrak eman zizkion PSE-EEri, izandako konfiantzagatik eta HAPOarekin bat egiteagatik. “Sinistuta nago Usurbilen izan dezakeen HAPOrik onena onartzera goazela”. EAJri, berriz, “aitzakia bila” aritzea egotzi zion: “Tentsio handiko eremuaren izendapena plan orokorraz kanpoko gaia da. 127 etxe gehiago eraikitzeak ez du etxebizitzaren arazoa konponduko. Ez duzu nabarmentzen, baina nabarmentzekoa da, antolatutako etxebizitzen %62 babestuak direla: oso ehuneko handia da. Lur-jabeekin egindako hitzarmen adostuekin lortu da hori: eredu bat baino gehiagoko etxebizitzak dira, oso kolektibo ezberdinekoak diren herritarrei etxebizitzarako aukera emango diena”. Solaberrietak gaineratu duenez, Usurbilgo HAPOak “herriaren beharrei erantzun behar die, ez ondoko herrien beharrei”. Etxebizitza politika etxeak eraikitzea baino gehiago dela ere nabarmendu zuen: “Zenbait neurri martxan dauzkagu, eraikita dagoen parkean eragiteko. Egin berri dugun kreditu aldaketak etxebizitza politikari lotutako bi neurri ditu: etxebizitza bulegoa irekitzea eta udal etxebizitzetan bizi direnen bizi-proiektuetan laguntzea”. Gaineratu duenez, udala harremanetan dago Eusko Jaurlaritzarekin, bi eremutan etxebizitza babestu gehiago eraiki ahal izateko, elkarlanean.
