Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalbatzak behin betiko onartu du, aho batez, Lasarte-Oriak Atsobakar eremuan kirol ekipamenduak egin ahal izateko arauak aldatzea

Abenduko osoko bilkura egin zuten atzo Usurbilgo Udaleko pleno aretoan: Atsobakar eremuarenaz gain, Gaztematika sareari atxikimendua ematea adostu zuten.

2019·12·20


Joan-etorri ugari eman dituen gai bat itxi zuten, atzo, abenduko osoko bilkuran: Lasarte-Oriako Udalak hainbat kirol instalazio egitea aurreikusten du Atsobakar inguruan, eta, horretarako, Usurbilgo zenbait udal-arau aldatzea beharrezkoa zen. Irailaren 26ko osoko bilkuran onartu zen, hasieraz, arau horiek aldatzea, eta, atzo, azkenik, behin betiko onartu zen. Tarte horretan, dena den, jendaurrean egon da, hasieraz onartzen diren erabaki guztiak bezala, jendeak alegazioak aurkez ditzan, hala nahi izanez gero. Hain zuzen, alegazio bat egon zen: herritar batek esan zuen eremu horretan lur kutsatuak daudela Luzuriaga-Fagorren jardunaren ondorioz, eta neurriak hartzea eskatu zuen. Alegazioa kontuan hartu edo ez jakiteko, udal-arkitektoak Lasarte-Oriako Udalari egin zion kontsulta. Lasarte-Oriako Udalak erantzun zuen gaur egun ordenazioa lantzen ari direla, eta gai horretaz “aurrerago” hitz egin beharko litzatekeela. “Esan du lur horiek ez daudela inongo katalogotan, eta egin duten proposamena izan da ez hartzeko aintzat alegazioa, eta, beraz, Usurbilgo udal-arkitektoaren proposamena hori bera da: alegazioa ez hartzea aintzat”, azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Gauzak horrela, zinegotzi guztien aldeko botoarekin, behin betikoz onartu zen udal-arau horiek aldatzea.

Bi gai baino ez zituzten landu, atzo, abenduko osoko bilkuran: hamar minutu baino ez zuen iraun. Bigarren puntua Gipuzkoako Lurralde Historikoko Haur eta Gazteen Sustapenerako Erakundearteko Sare Gaztematikari atxikimendua ematearen ingurukoa zen, eta aho batez onartu zuten puntu hori ere. 2009an sortu zen Gaztematika, eta horren kide da Usurbil 2010az geroztik. Urtero berritzen dira hitzarmen horiek, eta kultura batzordetik balorazio ona egin denez, Gaztematikaren parte izaten jarraitzea proposatu dute: halaxe egin zuten atzoko osoko bilkuran.

Amaitzeko, Solaberrietak azaldu zuen gaur, hilaren 20an, hamaiketakoa egingo dutela ordezkari politikoek udal-langileekin. Hitzordua baliatuko dute aurten jubilatu diren lankideei omenaldi txiki bat egiteko: Iñaki Yurramendi, Joxe Mari Etxarri, Rafa Corral eta Lourdes Zubeldia. Oposizioko kideak ere gonbidatu dituzte hamaiketakora: 13:30ean, pleno aretoan izango da.