Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalbatzak behin-behineko onarpena eman dio HAPOari, udaleko tramitazioa amaituz

Udalbatzak behin-behineko onarpena emanda, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko hamar urteko prozesua amaitu da udalean. Orain, udalaz haragoko ibilbidea hasiko du dokumentuak: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordeak oniritzia eman beharko dio lehenengo, eta Gipuzkoako Aldundiak, ondoren.

2025·01·31


Usurbilgo udalbatzak behin-behineko onarpena eman dio HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari urtarrileko osoko bilkuran: aldeko botoa eman zuten EH Bilduk eta PSE-EEk, eta EAJk abstentziora jo zuen. Urrats nabarmena da hori HAPOaren tramitazioari dagokionez: onarpen faseei lotuta, behin-behineko onarpena ematea udalari dagokion azken zeregina da, eta, beraz, HAPO idazteko hamar urteko prozesua amaitu da. Dokumentua behin betikoa izan eta indarrean sartu aurretik beste bi urrats egin behar ditu, udalaz gaindi: aurreikuspenen arabera, 2025a amaitu aurretik iritsiko da behin betiko onarpena.

Usurbilgo HAPOari 2022ko urriaren 13ko ezohiko osoko bilkuran eman zitzaion hasierako onespena. 2023ko otsailaren 28ra arte egon zen jendaurrean, alegazioak eta oharrak jasotzeko. Guztira, 41 alegazio jaso ziren, eta iazko ekaineko osoko bilkuran ebatzi zituzten guztiak. Hori eginda, osorik zein partzialki onartutako eskaerak HAPOaren dokumentuan txertatu ditu udalak, beste administrazioetatik jasotako txosten sektorialekin batera: dokumentu osatu horri eman diote behin-behineko onarpena, orain, udalari dagokion tramitazioa amaituz.

Hemendik aurrera, udalaz haragoko ibilbidea hasiko du HAPOak. Lehenengo, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordera bidaliko da dokumentua, hark onar dezan, eta horrek egiten dituen eskaerak aintzat hartu beharko dira behin betiko onarpena eman baino lehen. Azken onarpen hori ematea, ordea, Gipuzkoako Aldundiari dagokio, Usurbilek 7.000 biztanle baino gutxiago dituelako. Batak zein besteak hiruna hilabete izango dituzte dokumentua aztertu eta ontzat emateko: beraz, 2025a amaitu aurretik geldituko da onartuta, behin betiko, Usurbilgo HAPOa.

HAPOa hirigintza-plan bat da, udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko balio duena: izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du. Dokumentuaren indarraldia, dokumentu juridikoa den aldetik, mugagabea den arren, dokumentuan jasotako hirigintza-proposamenak 15 urteko aldiari erantzuten dio. Indarrean sartzen denean, 2004-2013 artean onartutako arau subsidiarioak ordezkatuko ditu.

Hamar urteko prozesua

HAPOa idazteko prozesuak hamar urte pasatxo hartu ditu, udala 2014ko maiatzean hasi baitzen plangintza orokorra berrikusten. Ordutik, hamaika azterlan eta dokumentu osatu eta onartu dira, baita hainbat parte-hartze prozesu egin ere, gero HAPOan txertatu direnak. Izan ere, usurbildarren parte-hartzea eta adostasuna bilatu dira, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea ezinbestekotzat jo baita eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko. Horren lekuko dira azken urteetan egin diren parte-hartze prozesuak: Oraina da geroa (2014/15), Kale Irekiak (2016), Aginaga (2017/18), Zubieta (2020), Kalezar (2021) eta Santuenea (2021/22). Lur jabe pribatuekin zein beste administrazioekin lortutako hitzarmenak ere nabarmentzekoak dira, besteak beste, Zapategi, Olarriondo, Elutx, tren geltoki berria edo N634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua.

Horrez gain, dokumentua idazteko ardura bere gain hartu du udalak, langile propio bat zeregin horretara bideratuta, herriaren eta herritarren interesen alde egiteko modurik egokiena zela iritzita. Jatorrizko dokumentua euskaraz idatzia izan da, eta gaztelaniara itzulia, gero.