Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalbatzak babesa adierazi dio Usurbilgo Lanbide Eskolari, 50. urteurrenean

Duela 50 urteko udalbatzak onartutako adierazpena gogora ekarri dute eta egungoaren babesa berretsi, ordutik lanbide eskolak izan duen ibilbidea azaltzen duen testua onartuta.

2025·06·27


Udalbatzak babesa adierazi dio Usurbilgo Lanbide Eskolari, aho batez, zentroaren 50. urteurrenean, ekaineko osoko bilkuran. Lanbide eskolak berak erregistratu du adierazpena udalean, egungo udalbatzak onarpena eman, eta modu, horretara, duela 50 urteko udalbatzak onartutako adierazpenari keinua egiteko.

Lanbide eskolaren adierazpenean zentroaren hastapenak eta ordutik izandako ibilbidea azaltzen dira. Gogoratzen denez, 1970eko hamarkadaren hasieran, Usurbilgo Udalak azterketa sozioekonomiko bat sustatu zuen, Felix Aizpurua eta Benantxio Otaegi bezalako pertsonen inplikazioarekin, eta hala proposatu zen lanbide heziketako zentro bat sortzea; bertako enpresen zein Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzaren babesa izan zuten, halaber.

Zentroaren oinarriak 1975ean jarri ziren, irakasle eta bizilagun talde baten, kooperatiba batzuen eta udalaren babesarekin, Aginagako parrokia-lokaletan lehenengo tailerrak prestatuz: “Ia baliabiderik eta makineria modernorik gabe, bankadak egin, erabilitako motorrak konpondu eta inguruko enpresek emandako materiala bildu zen. Mekanika eta administrazioa espezialitateak martxan jarri ziren, udal-bekak eta baserrietatik autobusak kudeatu ziren, eta familientzako orientazio-zerbitzu bat sortu zen”.

Astelehenean, ekainaren 30ean, egingo dute 50.urteurrena ospatzeko ekitaldia, eta han izango da Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatea, Eusko Jaurlaritzako arduradun eta eskolako ordezkariekin batera.

Adierazpena, osorik: hemen.