Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalbatzak aho batez onartu du ‘Xua gurasoekin etxera’ herri-ekimenak aurkeztutako mozioa

Jatorrizko mozio eskaera beste bat bazen ere, beste testu bat aurkeztu du plataformak, alderdi politiko guztien adostasuna lortze aldera. Halaxe hartu dute erabakia: aho batez.

2019·10·31


'Xua gurasoekin etxera’ herri-ekimenak aurkeztutako mozioa aho batez onartu du udalbatzak. Halaxe dio: “Usurbilgo udalbatzarrak Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren eta, batez ere, urtarrilean 3 urte egitean gurasoengandik bananduko duten euren alaba Xuaren egoera kontuan hartuta, ondorengo mozioa babesten du: dagokien autoritateei eskatzea behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz, ahal bezainbeste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna, familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz”.

Jatorrizko mozioa beste bat zen, “zehatzagoa”, baina alderdi politiko guztiak ados egon zitezen aldaketa batzuk egin dituzte. Jatorrizkoa irakurri, eta azaldu dute testu horixe zela udal talde desberdinei aurkeztu zitzaiena, baita herritarrek euren atxikimendua eman dezaten erabili dutena. “Baina oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun adostasuna bermatzea gai honetan, duen sentsibilitateagatik, baita hemendik aurrera eman nahi ditugun urratsei begira ere: gure asmoa da bai Gipuzkoako Batzarretara igortzea eta Eusko Legebiltzarrera eta bestelako eragileei helarazten ahaleginduko gara. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun adostasuna izatea abiapuntuan”.

Bozketaren aurretik, PSE-EEko zinegotzi Patxi Suarezek eta EH Bilduko Beñat Larrañagak hartu dute hitza. Suarezek hausnarketa bat plazaratu nahi izan du, garai berriek espetxe politika berriak eskatzen dituela esanez. Zigorrak etxetik gertu betetzea bermatu behar luke politika horrek, irizpide juridikoei ez ezik, urruntzeak senideei eragiten dizkien ondorio negatiboekin, kostuekin eta arriskuekin amaitzeko: “Ez baitira justifikagarriak, eta saihets daitezke”. Espetxe onurei dagokienez, “baldintzak betetzen badira eta modu indibidualean”, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko modua izan dezatela nabarmendu du, baita elkarbizitzan sakondu behar dela, “gehiengo politiko handi bat” agertu delako urruntzeak sortzen dituen ondorioen aurka.

Larrañagak, berriz, Xua gurasoekin etxera plataformak adostasuna lortzeko egindako ahalegina txalotu du. Sakabanaketak senideei eragiten dien sufrimenduaz ohartarazi du, Lasagabaster eta Uranga Valentziako Picassent espetxean baitaude, euren sorterritik 600 kilometrora. Kezka berezia agertu du Xuarengatik, espetxe sistemaren ondorioz “bereizketa traumatikoa” biziko duelako “erremediorik jartzen ez bada”. Bereizketa hori saihesteko gaur egungo legedia aplikatzea baino ez litzatekeela behar azaldu du, Xuaren gurasoek zigorraren 3/4ak beteak dituztenez, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea baitute. Suarezek egin bezala, Larrañagak ere azpimarratu du garai berriek espetxe politika berriak eskatzen dituztela, euskal gizartearen gehiengoak hainbatetan adierazi izan duen bezala.

Ia guztiak, aho batez

Bestelako gaiak ere landu dituzte udalbatzan, eta ia guztiak aho batez onartuak izan dira. Hala onartu dituzte Pikaola zatia urbanizatzeko konpromiso kreditua, 2020ko herri barruko taxien tarifak eta HAAStako A-78 [Gureak eta Elkar enpresen lantegi nagusiak hartuko dituen Zapategi eremua] hirigintza ezaugarrien aldaketa puntuala behin-betiko. Fermindegi herri-bideari zegokion puntua izan da aho batez onartu ez dena. Herri-bide horren lehen 125 metroko zatia, errepidea eta Fermindegi baserriaren arteko zatia, udal jabari publikotik desafektatzea erabaki dute, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko bederatzi botorekin; EAJ abstenitu egin da.