Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalaren webgunea, itxura berrituta eta erabilerrazago
2024·10·30
Usurbilgo Udalaren usurbil.eus webgunea erabilerrazagoa izateko helburuz, zenbait hobekuntza lan egin dira, itxura berritzearekin batera. Batik bat, bi aspektu berritu dira: webgunearen azala antolatzeko modua eta goiko barra edo menua. Dena den, berritze eta hobekuntza lanekin jarraituko da, webgunearen barruko orrialdeak ere azalaren moldeetara ekartzeko. Udalbatzarren grabazioak ikusteko moduan jarri dira, gainera.
Udal-informazioa modu errazagoan topatu ahal izateko berritu da, batik bat, goiko barra edo menua. Hainbat fitxa ditu, eta horietako bakoitzean topa daitekeen informazioa lehen baino xeheago erakusten da orain. Esaterako, udala izeneko fitxan, aldaketarik nabarmenenak araudiak eta erabakiak eta sailak azpi-izenburuetan izan dira: kontzeptu bakar gisa erakusten ziren lehen, eta, orain, bakoitzaren barruko edukiak fitxa aukeratu orduko erakusten dira, zuzenean, bilatzen den hori errazago topatzeko.
Webgunearen azala bi zutabetan antolatuta zegoen lehen, eta orain horizontalagoa da, informazio motaren araberako eremuak sortuta. Webgunera sartu orduko, erabiltzaileak udalaren azken hiru albisteak topatuko ditu, baita gainerako albisteak irakurtzeko botoia ere. Albisteen azpian, erabilienak diren orrialdeetarako sarbideak daude: egoitza elektronikoa, iragarki taula, lan eskaintzak, dirulaguntzak, kontratatzailearen profila, ordainketak online, etxebizitzak eta hobariak. Udalarenak diren edo lotura duten webguneetarako sarbideak jarri dira jarraian: Emakumeon Etxearen webgunea, 650 Usurbil Bizi turismo proiektuarena, udal-lokalak erreserbatzekoa, Buruntzaldea Kirola eta OLH Oinarrizko Lanbide Hastapenarena.
Hurrengo blokean, denboran iraunkorra den udalaren bestelako informazio ataletara sartzeko banerrak eta deialdien leihoa daude. Banerretan hainbat orrialdetarako sarbide zuzenak batu dira: Udalberri aldizkariaren aleetara, udalaren jarduna hilabeteka laburtzen duten kudeaketa txostenetara, B@kQ giltza eskuratzeko jarraibideetara, udalaren 2022ko Lan Eskaintza Publikoaren orrialdera, azken urteetan martxan jarritako parte-hartze prozesuetara, 2022ko urrian hasieraz onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrera, iruzurrak salatzeko kanalera eta Buruntzaldea Euskaraz-en orrialdera. Ondoan, deialdien leihoa dago, udalbatzarren eta Tokiko Gobernu Batzarraren gai-ordenen berri azalean bertan emateko.
Herrian antolatzen diren ekintzen erakusleiho den Usurbil Kulturaren atalak ixten du usurbil.eus -en azala.
Hobetze lanetan murgilduta
Udalaren webgunea hobetzeko lanak ez dira bukatu, dena den. Izan ere, udalak identifikatuta ditu informazioa eguneratzeko beharra duten zenbait orrialde, eta datozen asteetan horiek bideratzen jarraituko du. Esaterako, hobarien orrialde propio bat sortzekotan da: orain, 2022an hobariak eskuratzeko baldintzak zabaldu zireneko eskuorria topatuko dute erabiltzaileek. Orrialde propioa sortutakoan, errazagoa izango da informazioa eguneratzea. Hobarien onuradun izateko baldintzak aldatu ez badira ere, aurten, adibidez, erabilera desegokien inguruko irizpideak aldatu dira, eta diru-sarreren taula Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren arabera eguneratzen da –azken urteotan, urtero–. Horrez gain, itxura aldetik ere zenbait hobekuntza egin behar zaizkie barruko orrialdeei.
Udalbatzarrak ikus-entzuteko aukera
Digitalizazioan sakontzeko helburuz, udaleko bilkurak modu elektronikoan egiteko arautegia onartu zuten 2023ko maiatzeko osoko bilkuran: azpiegiturak prest izandakoan, aktak ikus-entzunezkoak izatea onartu zen, besteak beste. Udala hasia zen hileroko udalbatzarrak bideoz grabatzen, baina orain arte ez dira webgunean ikusteko moduan jarri, traba tekniko batzuk tarteko. Udalaren webgunea berritzearekin batera urrats hori ere egin da, eta 2024ko udalbatzarren grabazioak ikus daitezke bertan.