Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalaren osasun ekonomiko ona nabarmendu du kontu hartzaileak apirileko osoko bilkuran

Urtero, urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean, aurreko urteko kontuen likidazio lanetan aritzen dira kontu hartzailetzan. Azken urteetako joerari eutsiz, sarrera arruntak gastu arruntak baino handiagoak izan ziren 2019an ere: 2,5 milioi euro ingurukoa, aurreko urtean baino 700.000 euro gehiago.

2020·05·01


Gai ekonomikoekin hasi zuten, atzo, apirileko osoko bilkura. Izan ere, zinegotziekin batera izan zen udaleko kontu hartzailea Jitsi Meet bidez egin eta Youtuben zuzenean emandako plenoan, 2019ko diru kontuen likidazioaz azalpenak emateko. Usurbilgo Udalaren osasun ekonomiko ona nabarmendu zuen, urteko lehenengo hiru hilabeteetan egindako likidazio azterketetan oinarrituta. “2019ko abenduaren 31n, 4 milioi euro inguru izakin likido daude udalaren kontu korronteetan: asko da Usurbil bezalako herri batentzat”. Kontu hartzailearen esanetan, 4 milioi euro horietatik 2 milioi gastu orokorretarako gerakina da, hau da, udalak edozertarako erabil ditzake.

Kontu hartzaileak zehaztu zuen, gainera, azken urte guztietan, udalak aurrezki garbiak izan dituela, alegia, sarrera arruntak gastu arruntak baino handiagoak izan direla. “2019an, 2,5 milioi ingurukoa izan da, aurreko urtean baino 700.000 euro gehiago”. Horrez gain, gogoratu zuen 2018an eta 2019an finantza plan bat izan zuela udalak, eta “oso ondo” bete duela udalak: “Gaur egun, koltxoia daukagu, eta egoera onean dagoela esango nuke, baita inork espero ez zuen birus honi aurre egiteko ere”.

Kontu hartzaileak aurkeztutako txostenean ageri diren bi daturi buruzko galderak egin zituen EAJk. Batetik, saldo kobragaitzean jarri zuen arreta: “Kobratuko ez den dirua da, ezta? 2,5 milioi, izugarri da, ezta?”. Bestetik, gehiegizko finantzaketari lotutako 2,2 milioiak Zumarteko obrei lotutakoak diren galdetu zion. Kontu hartzailearen esanetan, udalaren kontu korronteetan 4 milioi inguru egoteaz gain, 3,6 milioi euro ditu kobratu gabeko saldoetan, baita 1,6 milioi euro ordaindu gabeko saldoetan ere. “Beharbada, kobratu gabekoetan, gehiegi daude. Zergatik? Batzuk 1995az geroztik daude hor, eta oso gutxi dira kobratzen direnak”. Horrez gain, baieztatu zuen lotutako gastuen zati handi bat Zumarteko maileguari eta obrari lotuak daudela: zehazki, 1,6 milioi euro ziren, abenduan. Kontu hartzaileak gehitu zuen, gainera, erabilpen librerako 1,9 milioi euro dituela udalak: “Usurbil bezalako udal batentzat altxor ederra da, malgutasun handia ematen duelako: ez da 2019an sortu, aurreko urte guztietan baizik”. Ukatu egin zuen diru hori edukitzea eta aurrekontuaren exekuzioa hain ona ez izatea baliokideak direnik: “Sarreren %85,3 exekutatu da, eta gastuen %72: datuetan oinarrituz, aurreko urteko erreferentziak hartuta eta inguruko udalen datuak hartuta, exekuzio maila onak dira”.

Ibilgailuen zerga kobratzeaz

Kontu ekonomikoekin jarraituz, apirilaren 17ko dekretuaz galdetu zuen EAJk, alarma egoeran zergak kudeatzeari buruzkoaz: EAJren ustez, “beranduegi” iritsi zen dekretu hori. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak erantzun zion: “Martxoaren hasieratik apirilaren erdialdera arte izaten da ordainketa epe arrunta. Zerga kobraketak atzeratzea erabaki genuen, baina, plenorik ezean, egutegi fiskal berri bat ezin zen onartu: zergen kobraketa alarma egoerak irauten duen beste atzeratzea erabaki zen”. Solaberrietaren esanetan, kobraketa azken egunean egin zen, ordurako dena martxan zegoelako, eta argitu zuen, inork atzera egin nahi badu, kobraketa itzul dezakeela, eta aurrerago ordaindu.