Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalaren eta ikastolaren ohar bateratua, Udarregin izandako kalte larrien harira
2026·07·08

Udarregin izandako kalte larriak salatu eta gaitzetsi dituzte udalak eta ikastolak, elkarrekin. Ikastolaren bi eraikinetan gertatu ziren kalteak, ostiral gauean: hainbat leiho eta ate hautsi dituzte, baita komun bat lehertu ere, eta bestelako kalte arinak eragin dituzte, hormak pinturaz zikinduz, besteak beste. Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, gertatutakoak argitzeko: inork zerbait ikusi bazuen, Udaltzaingora jotzeko eskatu dute.
Kalteen berri izan bezain pronto jarri dira harremanetan udala eta ikastola. “Ikastolaren komunitate osoari egindako eraso larria da, eta ez da onargarria. Guztion ondasun publiko baten aurkako eraso baten aurrean gaude, eta halako gertaerek ez dute lekurik gure herrian”, nabarmendu dute. Gertaera mingarria da, ulergaitza, are gehiago hezkuntzari lotutako espazio batean gertatu delako, hezkuntzaren bidez errespetua, elkartasuna edo bizikidetza bezalako baloreak bultzatzen direlako: “Horiek lantzea ez da soilik ikastolaren ardura: etxean eta lagunartean ere landu behar dira”.
Agerikoa da kalteak eragin dituztenek bazekitela nondik sartu eta kalteak eragiteko materiala non topatu zezaketen. Ateak txikituta daude; teknologia gelan hartutako mailu txikiekin puskatu dituzte leihoak, eta oraindik zehaztu ez bada ere, agerikoa da kalte ekonomiko handiak eragin dituztela. Lehenago ere kalteak eragin izan dira ikastolan, azken ikasturtean, hainbatetan ateak hautsita agertu direlako: oraingoan, areagotu egin da gertaeren larritasuna. “Lehertuta agertu den komunaren kasuan, petardo batekin egin dute: zerbait larriagoa gerta zitekeen”.
Gaur izango da amaitu berri diren Santixabeletako balorazioa egiteko bilera. “Bilera horren zain, esango nuke, oro har, festak ondo joan direla, baina esango nuke ikastolako gertaerek balorazio on hori mikaztu egin dutela”, nabarmendu du Solaberrietak. “Benetan larria da gertatu dena: zer pentsatua eman beharko liguke guztioi”.


