Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalaren Atsobakarreko partzela desafektatzea onartu dute, aho batez

Lasarte-Oriako eta Usurbilgo udalek hitzarmena egina dute, Usurbilgo HAPOa indarrean sartzen denean partzela horren salerosketa gauzatzeko. Partzelaren kalifikazio juridikoa aldatzea hitzarmenean jasotako konpromisoetako bat da.

2026·04·08


Usurbilgo Udalak Atsobakarren duen partzela desafektatzea onartu dute, aho batez, martxoko osoko bilkuran. Lasarte-Oriako eta Usurbilgo udalek hitzarmena egina dute partzela horren salerosketa gauzatzeko: Usurbilgo Udalak hartu zuen konpromisoetako bat da, hain justu, lur zati horren kalifikazio juridikoa aldatzea, Lasarte-Oriako Udalari ondare-ondasun gisa besterentzeko aukera izateko.

Usurbilgo Udalak 1999 urtean jaso zuen Atsobakarreko partzela. Kirol ekipamenduko erabilera duen zuzkidura partzela da, baina ez dio inoiz erabilerarik ezarri, eta ez du halakorik aurreikusita Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren 2022-2026 Plan Estrategikoan ere. Gainera, udalerriko nukleo urbanoetatik urrun dago, hirugarren sektoreko eta merkataritzako ingurune batean, eta, beraz, bizitegi eremuetatik gertuago dauden erreserbako ekipamenduetako beste lurzati batzuk egokiagotzat jotzen dira etorkizunean izan daitezkeen beharrak asetzeko.

Bi udalen ustez, euren arteko akordioak aukera ematen du Lasarte-Oriako zein Buruntzaldeko herritar guztien jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko, baita kirol-ekipamenduen eskaintza publikoa hobetzeko ere. Hala, hitzarmena egin zuten: Lasarte-Oriak 411.000 euro inguruan erosiko du partzela, Usurbilgo HAPOa indarrean sartzen denean.

Martxoko osoko bilkuran hartutako erabakia GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurrean jarriko da, hilabetez, interesdunek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.