Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalaren adierazpena, larunbatean izandako eraso larriaren harira

Larunbat gauean, Usurbilen, Aranerreka inguruan, herritar batek jasandako eraso larri baten berri izan zuen udalak atzo goizean. Ertzaintzak udalari jakinarazi dionez, gizonezko bat bortitz oldartu zitzaion emakume bati, lapurreta egiteko asmotan, eta jipoitu egin zuen. Igande goizean bertan bi lagun atxilotu zituzten, herrian bertan, eta bietako bat aske utzi zuten, atzo arratsaldean, erasoarekin zerikusirik ez duelako; bestea, epailearen aurretik pasatu da gaur goizean, eta espetxeratze agindua ezarri diote hilketa saiakeragatik. Gertakarion aurrean, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru alderdiek adierazpen bat osatu dute.

2025·09·08


Gertakarion aurrean, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru alderdiek (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE) honakoa adierazten dute:

  • Udala, lehenengo unetik, harremanetan dago erasoa jasan duen herritarrarekin, eta babesa adierazi eta laguntza eskaini dio, udal-baliabideak bere eskura jarriz. Herritarra esker oneko azaldu da jaso dituen animo eta elkartasunezko mezuekin.
  • Udalak erabat gaitzesten du gertatutakoa, eta halako eraso eta jokabide bortitzek Usurbilen ez dutela lekurik nabarmendu nahi dugu: ez dugu horrelako pertsonarik ez jarrerarik onartzen gure herrian, ezta, oro har, bizikidetzaren aurkako edozein jokabide ere.
  • Gertakariak herritarren artean ezinegona sortu duela jakitun gara, baina momentu zail eta ezohiko hauetan arduraz eta erantzukizunez jokatzeko deia egin nahi dugu, alarma soziala eragin dezaketen mezuak saihestuz eta inolako kolektiborik jo-puntuan jarri gabe.
  • Segurtasuna herri-eskubidea da: herritarrek beldurrik gabe, lasaitasunez eta inguruarekiko konfiantzaz bizitzeko eskubidea dute, eta Usurbilgo Udalak, orain arte bezala, ildo horretan lanean jarraituko du.
  • Herri abegitsu, seguru eta kohesionatuak eraikitzen jarraituko dugu.
  • Bihar, irailaren 9an, Usurbilgo herritarrei dei egiten diegu elkarretaratzera: 18:30ean, udaletxeko Joxe Mari Sagardia plazan, 15 minutuko elkarretaratze isila egingo dugu herritarrari babesa adierazteko.