Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak Usurbilgo etxebizitzen diagnostikoa eta hiru urterako ekintza plana aurkeztu ditu

Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izenda dezaten eskatzeko prestatu zituen udalak diagnostikoa zein ekintza plana: biak ere udalaren webgunean jarri dira eskuragarri, justifikazio memoriarekin batera.

2025·05·09


Udalak Usurbilgo etxebizitzen diagnostikoa eta hiru urterako ekintza plana aurkeztu zituen, asteazkenean, Txirikordan. Bi dokumentuok osatzea ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzari eskatu ahal izateko udalerri bat etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izenda dezala, eta, horien edukiak azaltzea zen bileraren helburua. Informazio eta datu andana jasotzen da bi dokumentuetan, eta udalaren webgunean jarri dira eskuragarri, sakonago irakurri nahi dituztenentzat.

Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeko bi baldintza zehazten ditu Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 legeak. Batetik, azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI Kontsumo Prezioen Indizea baino hiru puntu gehiago igo izana, eta, bestetik, herritarrek euren diru-sarreren %30 baino gehiago bideratzea etxebizitzari lotutako gastuetara (alokairua, hipoteka eta etxeko oinarrizko hornidura gastuak barne hartuta). Usurbilen lehenengo baldintza betetzen da; Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenean, alokairuaren prezioa 2017 eta 2022 artean gehien hazi zen udalerrien artean zerrendatu zuten Usurbil, %19,90-ko igoerarekin. Bigarren baldintza ez du betetzen, gutxigatik, %28 inguru bideratzen baita, batez beste, etxebizitzen gastuetara. Bi baldintzetako bat betetzea nahikoa da izendapena eskatu ahal izateko, eta halaxe egin zuen udalak martxoaren amaieran: Eusko Jaurlaritzak aztertu du jada, eta izendapenaren prozedurari hasiera eman dio. Izendatzeko eskumena Espainiako Gobernuarena da; aurreikuspenen arabera, 2025aren amaieran irits daiteke.

DIAGNOSTIKOA

Era askotako datuak biltzen ditu diagnostikoak: dinamika demografikoak, etxebizitza parkearenak, etxebizitza eskariarenak, alokairuen prezioen ingurukoa eta adierazle sozioekonomikoena, besteak beste. Esaterako, Usurbilek 6.439 biztanle ditu, eta 2.915 etxebizitza daude: %86,6 etxebizitza nagusiak edo lehenengo etxebizitzak dira. Pertsonarik erroldatuta ez duten etxebizitzak, 2023an, 256 ziren (%9); 2011n, %14,2koa zen datua.

Oro har, zahartze prozesu batean murgilduta dago Usurbil, bizi itxaropena handitzen eta jaiotza tasa murrizten ari den heinean. Dena den, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera orokorrarekin alderatuz, Usurbilgo zahartze prozesua ez da hain sakona. EAE mailan, %24koa da pertsona edadetuen ehunekoa; Usurbilen, %19,8koa. Eta, era berean, 19 urte azpikoan ehunekoa %17,7koa da EAEn, eta %20,7koa Usurbilen.

Familia ereduen aldaketa ere nabaria da etxeetan erroldatutako pertsona kopuruaren batez bestekoari begiratuta: 2,5 pertsona daude erroldatuta, batez beste, Usurbilgo etxebizitzetan. Izatez, etxe mota ohikoena pertsona bakar batez osatutakoa da: 751 etxebizitzatan pertsona bakarra dago erroldatuta (%29,1). Bi pertsonez osatutako etxeek ere pisu nabarmena dute: %28,4 dira, kasu horretan. Usurbilgo etxebizitzen gehiengoan (%57,5) pertsona bakarra edo bi pertsona bizi dira.

Prezioei dagokienez, etxebizitzen salmenta prezioek %36 egin dute gora 2018-2023 artean (KPIak baino 20 puntu gehiago): metro koadroa 2.164,9 eurotik 2.957,5 eurora igo da. Donostian 4.000 euroan dago metro koadroa, eta prezio altu horiek presioa egiten diote Usurbilgo merkatuari, tentsioa eraginez. Alokairuari dagokionez, berriz, %19,9 egin du gora, 2017 eta 2022 artean: batez besteko prezioa 740 eurokoa da. Usurbilen, 315 etxek osatzen dute alokairu parkea (etxebizitza guztiak kontuan izanda, %12,5). Azken urteotan, alokairuko etxebizitzek %71ko hazkundea izan badute ere, Donostialdeko beste herri batzuetan baino erritmo txikiagoan hazi da, eta merkatu txikia du Usurbilen.

Gazteen emantzipazioari dagokionez, 18 eta 34 urte bitarteko 1.116 gazte daude erroldatuta herrian, eta %31,8 dago emantzipatuta, EAEko batez bestekoaren azpitik (%34). 2011-2024 epealdiari erreparatuz gero, tasa %44,3tik %31,8ra jaitsi da; joera hori orokorra izan da EAEn. Etxebideko datuen arabera, 409 bizikidetza unitatek egin dute Usurbilen etxea eskuratzeko eskaera; horietatik 180 (%44) herrian erroldatuta daude, eta 229 (%56), udalerritik kanpo erroldatuta. Erroldatu gabekoen diru-sarrerak handiagoak dira erroldatuenak baino: horrek esan nahi du beste udalerri batzuetako pertsonek ahalegin txikiagoa egin behar dutela Usurbilen bizi direnek baino etxebizitza bat eskuratzeko.

EKINTZA PLANA

Etxebizitza planaren bokazioa etxebizitzaren funtzio soziala erdigunean jartzea da, etxebizitzak herritarrak udalerrian errotu ahal izateko gako direla kontuan hartuta. Helburua Usurbilen bizi diren pertsona guztien etxebizitza-beharrei erantzutea da, pertsonen bizi-ziklo osoan zehar, gazteen lehen emantzipaziotik hasi eta adinekoentzako etxebizitza-baliabideetara, laguntza eta zaintza beharrak kontutan hartuko dutenak. Lau ardatzen bueltan egituratu da ekintza plana:

1 Etxebizitza eskuragarria sustatzea.

Usurbildarrek etxebizitza duin baterako sarbidea prezio eskuragarrian izateko hainbat neurri jaso dira planean. Gainera, gizartea zahartzen eta zaintza beharrak eta dependentziak areagotzen ari diren honetan, behar horiei erantzungo dien etxebizitza politika sustatzea ere beharrezkoa da. Zentzu horretan, etxebizitza arloan, herri zaintzailearen ikuspegitik, jada garatzen ari den baliabideak ageri dira: Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzak, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa edo epe-motz ertainean abiatzekoak diren bizi osorako etxebizitzak. Horrekin batera, biztanle zaurgarrienentzako etxebizitza alternatibak ere sartu dira planean: udalaren alokairu sozialeko etxebizitzak eta egoera kritikoan daudenentzako baliabideak.

HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean ere izaera babestuko etxebizitzak dira nagusi: 15 urterako perspektibarekin, antolatu diren 715 etxebizitzetatik %62 babestuak izango dira (%48 babes ofizialekoak, 340, eta %14 tasatuak, 102). HAPOak, gainera, jarduketa programa du, eta lehenengo laurtekoak ekintza planaren indarraldiarekin bat egingo du: tarte horretan eraiki daitezkeen etxebizitzen erdiak babestutakoak izango dira, gehienak sustapen pribatukoak.

Udal jabetzakoak diren eremuen garapena lehenesten saiatuko da udala: Pikaola (udala lurzoruaren %54aren jabe da) eta Agerreazpi. Etxebizitza horiek eraikitzeko Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortzen saiatuko da, Pikaolan babes ofizialeko alokairuko 30 etxebizitza egiteko, eta, Agerreazpin, beste hainbeste zuzkidura etxebizitza.

Etxe hutsak mobilizatzen saiatzea izango da beste lan-ildo nagusia. Udalak etxebizitza hutsen erregistroa sortuko du, eta etxejabeekin harremanetan jarriko da, merkatura ditzaten sustatzeko. Merkaturatzen ez direnei, etxebizitzen funtzio soziala betetzeko neurriak aplikatuko zaizkie, besteak beste, legeak ahalbidetzen duen kanona.

Hartuko den beste neurri nagusietako bat Etxebizitza bulegoa zabaltzearena izango da. Herritarrei informazioa eta aholkuak emateko tresna izango da: birgaitze-obrak egiteko, hobari eta kenkari fiskalen zein emantzipatzeko eta alokairua ordaintzeko dauden dirulaguntzen berri emateko, esaterako.

2 Eraikitako etxebizitzak birgaitzea.

Eraikita dauden etxebizitzak behar bezala mantentzea funtsezkoa izango da bizigarritasun baldintza egokiak sustatzeko. Horretarako, hainbat neurri proposatzen dira: EIT-en diagnostikoa eta jarraipena egitea, Eusko Jaurlaritzako eta udaleko dirulaguntzak ezartzea eta sustatzea eta birgaitzeak eta energia eraginkortasuna sustatzeko zerga-pizgarriak eskaintzea.

3 Prestazio sistema, alokairurako laguntzak eta kolektibo zaurgarrienak babestea

Hainbat neurri aurreikusi dira etxebizitza ordaintzen lagunduz kolektibo zaurgarrienak babesteko: dauden dirulaguntza eta prestazio ekonomikoen berri ematea (udalarenak zein Eusko Jaurlaritzarenak) eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko Gaztelagun eta Emantzipa programak sustatzea, besteak beste.

4 Erakundeen arteko koordinazioa, herritarrak informatzea eta planaren jarraipena

Plana betetzen dela ziurtatzeko batzorde bat osatuko dute udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, udalak berak ere sortua du etxebizitza lantaldea. Etxebizitza bulegoa arduratuko da herritarrei informazioa emateaz.

Tentsio handiko eremu izendapenaren ondorioak

Izendapenaren ondoriozko neurri nagusiek alokairuan dute eragina, hainbat eratara. Alokairuaren prezioak kontrolatzeko bi mekanismo izango dira: alokairuaren erreferentzia indizea eta alokairu errenten eguneratze-indizea. Lehenengoa edukitzaile handien etxebizitzen kontratuetan, merkatuan lehen aldiz sartzen diren higiezinen alokairu kontratu berrietan eta azken bost urteetan alokatu gabe egon diren etxebizitzen kontratu berrietan aplikatuko da. Bigarrena, berriz, indarrean dauden kontratuak berritzerakoan zein jabea edukitzaile handia ez bada, kontratu berrietan. Edukitzaile handi gisa identifikatuko dira bost higiezin edo gehiago dituzten jabeak; Usurbilen 17 etxebizitza dira edukitzaile handienak.

Etxebizitzak alokairuan jartzera bultzatzeko pizgarri fiskalak eskainiko zaizkie jabeei. Izatez, neurri horiek 2025eko apirilean onartu ziren, eta aurtengo ekitaldi fiskalean aplikatuko dira: 2026ko errenta aitorpenean jasoko dituzte onura horiek. Maizterrak babesteko neurriak ere aurreikusten dira: alokairu kontratuen gutxieneko iraupena luzatzea eta jabeen eta maizterren arteko gatazketan bitartekaritza zerbitzuak indartzea, adibidez.

Planak hiru urteko indarraldia du: izendapena 2025 amaierarako espero da, beraz, 2026-2028 artean egongo da indarrean. Hori pasata, luzatzeko aukera izango da, hasierako baldintzek jarraitzen badute eta egoera hobetzeko jarduerak justifikatzen badira, baina ekintza planak egoera hori gainditu ahal izateko bokazioa du.