Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak Santueneko erdigunea eta Gure Elkartea taberna eraberritzeko proiektuak aurkeztuko ditu auzoan, maiatzaren 20an

Jubilatuen taberna zein inguruko eremuaren baldintzak hobetzeko aurre-proiektuen berri emango da. Aurkezpena Santueneko frontoian izango da, 18:30ean.

2026·05·13


Santueneko erdigunea eta Gure Elkartea taberna eraberritzeko proiektu bana du esku artean udalak. Auzotarren ekarpenak jasota idatzi dira bi aurreproiektuak, eta horiek aurkezteko deialdia egin du udalak: maiatzaren 20an izango da, 18:30ean, Santueneko frontoian.

Onartu berri den IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralean, Santuenean osatutako Auzo Plana oinarri, urbanizatutako eremua eraberritzeko neurriak jaso dira, hiru fasetan gauzatzeko. Orain landu dena lehenengo fasea da, hain zuzen ere: eskubaloi pistaren eta haur parkearen ondoko errepidea kendu, espaloiak berritu eta plataforma bakarrean bateratuko da, irisgarritasun baldintzak hobetuz. Belaunaldien arteko hartu-emanak bultzatuko dituen proposamenak ere jaso ditu proiektuak.

Horrekin batera, Gure Elkartea jubilatuen taberna izandakoa eraberritzeko aurre-proiektua ere idatzia du udalak. Iaz, jubilatuen elkartearekin eta Santuenea Kultur Elkartearekin izandako hartu-emanek agerian utzi zuten tabernaren eredu aldaketaren beharra. Horretarako, obrak egitea adostu zen, eta proiektua idatzi eta obrak esleitu bitarterako taberna kudeatzeko esleipena abiatu zuen udalak udazkenean. Esleipena ohi baino motzagoa zen, eta interesa piztu bazuen ere, azkenik hutsik gelditu zen, eta itxita dago ordutik. Tabernaren aurre-proiektua idazteko zenbait bilera egin ditu udalak Santueneko eragileekin, auzo-zaintzaren begiradatik tabernak nolakoa behar lukeen elkarrekin irudikatzeko.

Auzo-zaintza, Santuenean

Aginagan egin bezala, Santuenean ere Hurbilduz auzo-zaintza proiektua jarri du martxan udalak, Zabalduz kooperatibarekin. Arreta- eta zaintza-eredu publiko-komunitario berritzailea sortzeko helburuarekin, auzoetako adinekoen beharrei modu eraginkor eta iraunkorrean erantzun nahi die proiektuak. Hiru lan-ildo zehaztu dira. Batetik, 80 urtetik gora dituzten Santueneko pertsonak eta beraien beharrak ezagutzea. Bestetik, beharra eta nahia izanez gero, bakoitzari egokitutako Bizi Planak osatzea, pertsonarekin batera. Azkenik, auzo mailako lanketa komunitarioa egitea, auzoko zaintza sareak indartu edota berriak sortzeko aukera aztertzeko. Izatez, proiektua abenduan abiatu zen: lanketa komunitarioa abiatua du udalak, eta banakakoari ekingo dio, orain.