Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa osatzeko prozesua abiatu du: “Aktibatzen”

Hausnarketa kolektiboa egin nahi du udalak, kirol politikak modu zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko. Kirol talde eta klubetan parte hartzen duten zein ez duten herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, baita udaleko hainbat sailena ere. Otsailetik apirilera egingo dute parte hartze prozesua.

2022·01·31


Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa osatzeko prozesua abiatu du udalak: Jarduera Fisikoa eta Kirola modu zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko hausnarketa kolektiboa egingo du otsaila eta apirila bitartean. Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura lelopean, lanketa sakona egin nahi dute, eta hainbat lan lerro zabaldu: udal barruko lanketa propioaz gain, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, kirol talde batean parte hartu zein ez. Prozesuko edukiak udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira, usurbil.eus/aktibatzen orrialdean.

Beñat Larrañaga kirol zinegotziak gogoratu duenez, Legealdiko Planean jada jaso zuen udal-gobernuak prozesu hori abiatzeko borondatea, baina hainbat arrazoi tarteko “ezinezkoa” izan da martxan jartzea, tartean, Covid19ak eragindako pandemia. Oraindik ere testuingurua baldintzatzen jarraitzen du osasun krisiak: “Jarduera Fisikoa eta Kirol sailean azken bi urte hauetako kudeaketa ez da erraza izan, beste arloetan bezala, asko izan direlako murrizketak eta debekuak. Gaur egun, oraindik ere, kiroldegiko funtzionamendua baldintzatuta dugu, eta arautegi aldaketak etengabeak dira”. Hala ere, udalak lanean jarraitu du tarte horretan: “Herriko kirol elkarteekin elkarlanean aritu gara, hainbat inbertsio eta hobekuntza egin ditugu kirol instalazioetan, eta jarduera fisikoa modu zabal batean ulertu eta lantzeko urratsak egin ditugu”.

Zinegotziak nabarmendu duenez, historikoki, lehia eredua eta kirol modalitate batzuk gailendu izan dira gizartean, orokorrean, eta baita Usurbilen ere. “Esan beharra dago lanketa horiek oso ondo egin direla eta egiten direla oraindik ere: horren erakusgarri, maila altuko kirolari asko eman ditu Usurbilek azken urteetan, gizon zein emakume”. Gizartea aldatzen doan heinean, ordea, erronkak ere aldatu egiten dira, Larrañagaren esanetan, eta horiei erantzutea du helburu martxan jarriko duten prozesuak: “Ondo egiten dena indartu, eta, herri bezala, Jarduera Fisikoan eta Kirolean ditugun hutsuneak eta gabeziak antzemateko ordua da: kolektibo ezberdinen beharrak entzun, eta ahal ditugun herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu”.

Hala, kirolaren eta jarduera fisikoaren “onura ukaezinak” tarteko, kirol talde edo klubetan parte hartu zein ez, herritar oro gonbidatu nahi du udalak prozesuan parte hartzera: “Aktiboak diren herritarrak horretan jarrai dezaten eta inaktiboak direnak aktibatzen hasi nahi dugu. Hortik dator prozesuaren izena: “Aktibatzen. Jarduera Fisikoa eta Kirola, denon eskura. Ikuspegi zabal eta inklusibo bat garatuko duen kirol politika bat diseinatzea izango da gure erronka: izan jaioberri edo adineko, edozein dela ere norberaren generoa edo sexu orientazioa, non arrakala sozioekonomikoa ez den oztopo izango eta euskarazko eskaintza anitza izango duena ardatz”.

Gisa honetako prozesuetan aritua den Juanma Murua kirol aholkularia kontratatu du udalak, prozesua diseinatu eta gauzatzeko. Murua arduratuko da herriko eragileekin hitz egin eta antolatuko diren saioak dinamizatzeaz, Larrañagaren esanetan. “Eskarmentu handia du gisa honetako lanketetan: Bilbon, Elorrion, Arrasaten edo Lasarte-Orian burutu ditu gisa honetako proiektuak. Berezi, Jarduera Fisikoa eta Kirola ulertzen duen ikuspegi integrala izan zen berarekin elkarlanean hasteko arrazoi nagusia”.

Ikuspegi integrala, ardatz.

Hain zuzen, halako prozesuetan ikuspegi integral batekin lan egitearen garrantzia azpimarratu du Juanma Muruak. “Kirola egitearen onurak nabarmentzen dira beti, baina aztertuko dugu alor desberdinetatik nola sustatu dezakegun bizitza aktiboa”. Oso prozesu parte hartzailea izatea nahi dute, Muruaren esanetan: “Guztien iritzia interesatzen zaigu: pertsona aktiboena eta baita inaktiboenak ere. Zergatik ez diren hain aktiboak, zein oztopo topatzen dituzten kirola edo jarduera fisikoa egiteko, eta oztopo horietan fokua jarriko dugu”.

Horretarako, hainbat lan lerro jorratuko dituzte. Batetik, udaleko hainbat sailekin bilduko da, guztien artean koordinatutako lanaren potentzialtasunaz baliatzeko asmoarekin. Kirolarekin eta jarduera fisikoarekin harreman zuzena zein zeharkakoa izan dezaketelakoan, besteak beste, kultura, euskara, gazteria, gizarte zerbitzuak, parekidetasuna, aniztasuna, zerbitzuak, ingurumena eta hirigintza sailekin bilduko da.

Bestetik, herriko kirol talde eta klubekin lanketa berezitua egingo du, eta dagoeneko finkatu dute egutegi bat ere. Sektoreko kideen ekarpenak, batez ere, Eskola Kirolaren, dirulaguntzen eta kluben kudeaketaren eta udalarekiko harremanean zentratuko dira.

Kirol talde edo klubetan parte hartzen ez duten herritarrek ere euren ekarpena egin dezaten nahi dute, eta, horretarako, herritar guztientzako galdetegi bat zabalduko dute. Paperean zein sarean bete ahal izango dira, otsailaren 7tik 18ra bitartean; paperean erantzuteko aleak kiroldegian, udaletxean eta Sutegin eskuratu ahal izango dira. DBHko ikasleei zuzendutako aparteko galdetegi bat ere egingo dute.

Galdetegiaz gain, bi bilera ireki egiteko asmoa dute herritarrekin. Martxoan egingo dituzte, Eskola Kirolaren, kirol eskaintzaren eta instalakuntzen inguruan hitz egiteko.

Hausnarketa taldea.

Prozesua abiatzeko, hausnarketa talde bat osatu dute soslai desberdineko hainbat herritarrekin. Guztiek dute formakuntza eta esperientzia kirolaren eta jarduera fisikoaren alorrean, Larrañagak azaldu duenez: “Herriko zein beste toki batzuetako errealitateak ezagutzen dituzte, eta ziur gaude ekarpen oso interesgarria egingo diotela prozesuari. Lanketa ezberdinetan parte hartuko dute, eta jasotzen dugun informazio guztiarekin, estrategien definizioan lagunduko digute”.

Sei lagunek osatu dute hausnarketa taldea: Oidui Usabiaga, Ana Errasti, Iban Maritxalar, Josune Iparragirre, Jon Mikel Azpiazu eta Uxue Fernandez. “Udalaren gonbidapena ilusioz jaso dugu. Elkar osagarritzen dugun soslai desberdineko jendea gara jarduera fisikoari eta kirolari dagokionez, eta izan hezkuntzan, kudeaketan, kirolari moduan, auzo, herri zein Usurbildik kanpoko egitasmoetan. Hori izango da gure abiapuntua prozesu honetan ekarpenak egiteko”, azaldu du Uxue Fernandezek. “Bi urtez, hitzetik hortzera dabilkigu osasuna, eta hau osasunetik harago doan erronka da: plan estrategikoa ongizatea eta bizi estilo aktiboetarako bide izatea nahiko genuke”.