Eduki publikatzailea
2021·11·12
Udal-gobernuak prentsaurrekoan aurkeztu du 2022rako aurrekontu proposamena. Ia 13 milioi euroko aurrekontua izango du udalak 2022an: 12.934.000 eurokoa (iaz baino 39.950 euro gehiago). Azaldu dutenez, “Covid19aren osasun krisiak eta ziurgabetasun ekonomikoak testuinguru globala baldintzatzen jarraitzen duenez”, hurrengo urterako aurrekontuak testuinguru horri so eginez osatu dituzte. Kolektibo eta herritar zaurgarrienak babesteko estaldura soziala handitzea, ordenantza fiskalen aldaketa eta zorpetzearen aldeko apustua dira aurrekontu proposamenaren ezaugarri nabarmenak.
Azken egunetan, herriko auzoetan izan dira udal-gobernuko kideak euren proposamena aurkezten, eta eskerrak eman dizkiete bileretara joan eta ekarpenak egin dituzten herritarrei. Azaldu dutenez, izaera oso desberdineko ekarpenak dira, eta horietako zenbaiti tokia egiten saiatuko dira aurrekontuetan.
Testuingurua eta helburuak.
Udal-gobernuko kideen esanetan, Covid19ak eragindako osasun larrialdia “latza” izan da, eta oraindik ikusteko dago zer-nolako eragin sozial eta ekonomikoa izango duen. Euren esanetan, “krisia lehertu zen unetik bezala”, kolektibo eta herritar zaurgarrienak babestu eta laguntzen jarraitzeko asmoa dute, eta hala islatu dute borondate hori hurrengo urteko aurrekontuetan: “Inoiz baino gehiago handitu dugu estaldura soziala, eta handitzen jarraituko dugu datorren urtean ere, ekimen berrien bidez. Horren lekuko dira onartu berri ditugun ordenantza fiskalak, aberastasunaren birbanaketa justuagoa eta zerbitzu publikoen unibertsalizazioa helburu, edo 2022an martxan jarriko ditugun gizarte laguntza propioak, bazterketa egoera larrian egon daitezkeen herritarrei urgentziazko laguntza puntualak eman ahal izateko”.
Pandemiak eragindako urgentziazko kudeaketez gain, udalerriaren erronka eta proiektu estrategikoei eutsi dietela nabarmendu dute. “Esandakoa egin egin dugu: Legealdiko Planean jasotako neurrien %60,77 eginda edo martxan daude. Pandemia betean, izan ditugun baldintzatzaile guztiak kontuan hartuta, ez da datu makala”.
2022ko aurrekontuen bidez, “XXI. Mendeko gizarte globalak dituen erronkei tokitik, Usurbildik, erantzuteko anbizio handiko egitasmoak” garatzeko, egitasmo horiei bultzada “berezia” emango dietela nabarmendu dute: “Zaintzen ekosistema berria martxan jartzea, aniztasunaren kudeaketa demokratikoa, trantsizio energetikoa, uraren alorrean burujabetzarako bidea edo beste turismo eredu bat martxan jartzea”.
2022ko diru-sarrerak eta gastuak.
Usurbilgo Udalak ia 13 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an: 12.934.000 eurokoa (2021ean baino 39.950 euro gehiago). “Aurrekontu oso altua da, inondik ere. Are, kontuan izanik 2022ko ordenantza fiskaletan egin ditugun aldaketak”.
Udal-gobernuko kideek azaldu dutenek, igoera hori bi arrazoi nagusirengatik izango da. Batetik, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik iaz baino 556.578 euro gehiago jasoko ditu. “Pandemia aurreko kopuruetara itzuliko gara 2022an. Azken bi urteotan nabarmen murriztu da ekarpen hori, baina datorren urtean 4.701.250 euro jasoko ditugu, eta arnasbide garrantzitsua izango da udalon finantziaziorako”.
Bestetik, 2022an zorpetzearen aldeko apustua egin du udalak, inbertsio ahalmena handitzeko. Udal-gobernuaren esanetan, legealdi honetan mailegutik amortizatu ahal izan duen adina zorpetuko da udala, gutxi gorabehera. “Une honetan udalaren zor bizia %12,88koa da. Legealdiaren hasieran, zorraren maila %22koa zen eta lau urteotan 1.245.000 euro inguru amortizatu ahal izango dugu mailegua, hots, urtero 300.000 euro inguru, batez beste”. Hala, udal-gobernuak amortizatutakoa baino gutxiago zorpetzea proposatu du, milioi euroko mailegua eskatuta. “Modu horretara, inbertsio esfortzu handia izango du udalak datorren urtean, 1.610.500 eurorainokoa: inbertsioen zati handiena maileguarekin finantzatuko dugu (1.000.000 euro), eta beste zatia (610.500 euro) udalaren aurrezki arruntarekin”. Udal-gobernuko kideek adierazi dutenez, zorpetu arren, legealdia hasi baino zorpetze maila baxuagoarekin amaituko du udalak, “%22ko mailaren azpitik, seguraski”.
Onartze bidean diren 2022ko ordenantza fiskalek eragin zuzena dute udalaren diru-sarreretan, eta, beraz, aurrekontuetan. Udal-gobernuak %1,5eko igoera aplikatzea proposatu zuen iraileko osoko bilkuran, “pandemiaren testuingurura eta gaur egun bizi dugun errealitatera egokituta, KPI-aren azpitik”. Izan ere, argindarraren faktura jasaten ari den “igoera kezkagarriak” eragin zuzen du urteko kontsumo prezioen batez besteko kalkuluan, eta %4aren bueltan egongo den KPIaren igoera ezohikoa dela onartuta, egonkortzat jotzen den %1,5eko igoerari heltzea erabaki dute. “Alde batetik, zerbitzu publikoei eutsi ahal izateko %1,5eko igoera orokor bat planteatzen dugu, eta, bestetik, krisiaren ondorioz galerak izan dituztenei eta, oro har, baliabide gutxien dutenei begirako hobari proposamen sorta zabala”.
Nagusiki, bi modutara islatuko dira, beraz, ordenantza fiskalen aldaketak 2022ko aurrekontuetan. Batetik, jarduera ekonomikoaren zergan egindako aldaketaren ondorioz, zerga horren bidez 150.000 euro gehiago biltzea aurreikusi du udalak. Bestetik, “hobari aukerek zer-nolako eragina izango duten zehatz-mehatz aurreikustea zaila den arren”, zerbitzu publikoekin lotutako sarrerak gutxitu egingo direla aurreikusi dute, hala nola, Oiardo kiroldegiko abonu eta ikastaroei lotutakoak, haur eskola, Udajolas eta hondakinen, uraren eta estolderiako tasetan”.
Gastuei dagokienez, berriz, zorpetzeari esker gastuak orekatu eta udalaren inbertsio ahalmena handituko da 2022an. “Kapitulu guztiak igo ditugu, 2.na nabarmenki, gastu arruntari lotutako partida asko eta asko pandemia aurreko diru kopuruetara itzularazi ditugulako, argindarrak eta gasak izan duten garestitzearen ondorioz, eta Legealdi Planean jasotako hainbat proiektu estrategiko abiaraziko ditugulako datorren urtean”.
Erroizpeko ura filtratzeko sistema, inbertsio nagusia.
Udalak maileguarekin finantzatuko duen inbertsio nagusia Erroizpeko presan eraiki beharreko ura filtratzeko sistema edo azpiegitura berria izango da, ur sisteman egin beharreko bestelako hobekuntza lan batzuez gain. 2020Ko aurrekontuetan aurreikusi zuten jada proiektu hori, baina pandemiak atzerarazi egin zuen, inbertsio “potoloa” baita, 750.000 eurokoa. “Kontuan hartu behar da urte gutxiren buruan amortizatu ahal izango den inbertsio batez ari garela, eta uraren arloan herri burujabea izateko urrats kualitatibo handia eta ausarta izango dela”.
Usurbilgo ur sistemak aukera ematen du Erroizpeko eta Añarbeko ura erabiltzeko, giltzen sistemaren bidez. Egun, Erroizpeko iturburuetatik Usurbilgo etxeen %40 hornitzen da (Zubieta, Aginaga, Santuenea, Txokoalde, Urdaiaga eta, kaxkoan, Kale Nagusitik beherako zatia). “Gure helburua ahalik eta toki gehienetara iristea da”.
Udal-gobernuaren esanetan, Usurbilek dituen hamaika altxorretako batzuk dira Andatza mendiak eskaintzen dituen baliabideak, besteak beste, ura. “Gure ondarea da, eta ondare hori are gehiago baliatzeko aukera izango dugu aurrerantzean, inbertsio honen bidez. Izan ere, Añarbeko uraren erabilera nabarmen murriztea ahalbidetuko digu, eta, ondorioz, Añarberi gutxiago ordaintzea”. Aurreikuspenen arabera, urtero 100.000 euro gutxiago lirateke Añarberi ordaindu beharrekoak: “Horrenbestez, diru hori mailegua amortizatzera bideratuko dugu hurrengo hamar urteetan, eta handik aurrera Usurbilgo herriak aurreztu ahal izango duen gastu partida esanguratsua izango da”.
Aurrekontuak, kapituluka.
Lehen kapitulua: pertsonalgoa.
Udalak “zerbitzu publikoaren alde egiten duen apustuaren adierazgarri”, pertsonalgoak pisu handia izaten jarraituko du 2022ko kontuetan ere, aurrekontuen %34,96 bideratuko baita horretara (4.521.486 euro). Kopuru horren barruan aurreikusi dute Estatuko Aurrekontu Legeak soldatetarako aurreikusi duen %2ko igoera.
Atal honetan, ordea, giza baliabideen handitzea nabarmendu du udal-gobernuak: “Lan bolumenari eta proiektu estrategikoei erantzuteko baliabide gehiagoz hornituko ditugu hainbat sail”. Honakoak:
- Parekidetasuna/Aniztasuna programa sortuko dute hiru urterako, eta lanaldi osoan teknikari bat ekarriko dute. “Estrategikotzat ditugu sail hauek, eta gure helburua da, denborarekin, sail bakarrean ditugun 3 departamendu (Gizarte Zerbitzuak, Parekidetasuna eta Aniztasuna) bitan zatitzea, eta bakoitzak teknikari bana izatea. Zaintza ekosistema berri bat inplementatzeak ekarriko duen eraldaketa eta lan bolumena, batetik, eta aniztasuna kudeatzeko osatu berri dugun planak, bestetik, baliabide propioak eskatzen dituzte, eta neurri hau sailak indartzeko eta sail hauetatik egin beharreko lana errazteko bokazioz hartu dugu erabakia”.
- Zerbitzu/Hirigintza saila indartzea, lanaldi erdian langile bat ekarriz. “Lan bolumen handiarekin dabiltza bi sailok, eta indartzeko beharra ikusten da, esku artean ditugun proiektu estrategikoak garatzeko eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko”.
- Administrari bat lanaldi osoan. “Apirilean amaitzen da programa, eta udalak sail ezberdinetan dituen beharrei erantzun sendo bat emateko kontratatuko da”.
Bigarren kapitulua: ondasun arruntak eta zerbitzuak.
Pandemia aurreko egoerara itzuli dira partida gehienak, udal-gobernuaren esanetan: “Azken bi urteotan, gerrikoa asko estutu behar izan dugu diru sarreren gutxitzearen eraginez, eta, orain, malgutasun edo lasaitasun gehiagorekin aritu ahal izateko, partidak handitu ditugu, batez ere mantentze lanekin zerikusia dutenak. Argindarraren eta gasaren garestitzeak nozituko ditugu, eta nabarmen handitu dira partida horiek”.
Kapitulu honetan Legealdiko Planean aurreikusitako egitasmoak aurrera eramateko zenbait diru partida ere gorde dituzte:
- Zaintza ekosistema berria inplementatzen hastea: 54.000€. Usurbilen zaintza ekosistema berri bat definitu eta martxan jartzeko parte-hartze prozesua martxan dago. Lehen fasea amaituta, guztion artean adostutako eredu berria martxan jartzeko ibilbide-orria osatu behar da, eta apurka-apurka hori martxan jarri: “Erronka handia dugu esku artean, eta erronka hori aurrera eramateko aholkularitza-lanak kontratatzea aurreikusi dugu: lizitazio bat jarriko dugu martxan”.
- ‘Beste mundu bat posible da’ turismo eredu berria martxan jartzeko urratsak: 75.000€. 2021ean Jon Maiarekin abiatutako proiektua gauzatzen hasiko dira datorren urtean.
- Emakumeen Etxea: parte-hartze prozesuan osatu genuen proiektua gorpuzteko lan dinamika martxan jarri, nagusiki, etxearen funtzionamendua eta kudeaketari begirakoa, obrek iraun bitartean.
- Kirolaren plan estrategikoa: 18.000€.
- HAPOa bukatu: 25.000€.
- Hirigintzako parte hartze prozesua.
- Udal barrura begirako egitasmoak: artxiboaren antolaketari bultzada emango dion lizitazioa; pleno aretoa garai teknologiko berrietara birmoldatzea; udalaren antolaketa eta gobernantza ereduari buruzko parte-hartze prozesua: 50.000€.
- Euskaraldia eta Torrealdai beka (Jakin fundazioarekin lantzen ari dira). Helburua da Joan Mari Torrealdairen izena eramango duen beka deialdi bat sustatzea, Torrealdaik berak beti egin duen horri segida emateko: ikertu, pentsamendua sortu, dibulgatu: 25.000€.
- LGTBI ildoa: LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, udalak mozio bat onartu eta hainbat konpromiso hartu zituen, besteak beste, LGTBI pertsonen egoeraren eta beharren diagnostikoa egitea, egindako diagnostikoari erantzungo dion plan bat osatzea, LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea edota LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea. Zeregin hauekin hasteko 15.000€ gorde ditugu.
- 1936ko gerrak Usurbilen eragindako ondorioak aztertzeko: 30.000€.
Auzoen beharrei erantzuteko diru partida zehatzak:
- Atxegalde. 40.250€ gorde dira asfalto lanetarako. Izan ere, Ariztitxo kaleko asfalto kapa erabat hondatua dago.
- Santuenea. Udala eta auzotarrak egun lantzen ari garen auzo planak ematen duenarekin, urbanizazioaren exekuzio proiektua idazteko 10.300€ gordeta daude, eta, horrez gain, (hori idatzi bitartean), 15.000€ gorde dira, auzoak erabakitzen duen premia gehien dituen bitarteko lanak gauzatzeko (esaterako: jolas parkeko lurra berritzea, atari batzuen aurreko galtzadak txukuntzea..).
- Etxealdia. 15.000€ gorde dira auzotarrek lehenesten duten inbertsioa burutzeko (izan daiteke auzo lokala txukuntzea, jolas parkea berritzea...). Aste honetako bileren ostean, udal-gobernuak konpromisoa hartu du, batetik, datorren udaberrian parte-hartze prozesu xume bat egiteko auzotarrekin eta, bestetik, San Esteban kalea irisgarri izateko eta oinezkoen segurtasuna lehenesteko proiektu bat idazteko.
- Agiña. Eliza Zaharra eraberritzen jarraitzeko 20.000€ gorde dira.
- Zubieta. Herri batzarrarekin batera lehenesten diren lanetarako, beste 20.000€.
Laugarren kapitulua: dirulaguntzak.
Dirulaguntzen atalak ere igoera izango du: guztira, 1.023.745 euro bideratuko dira dirulaguntza desberdinetara (aurrekontu osoaren %7,92). Udal-gobernuak jakinarazi duenez, pandemiak eragindako beharrizan berriei aurre egiteko iaz abiatutako deialdi guztiak mantenduko dituzte, eta beste deialdi bat jarriko dute martxan, Legealdiko Planean aurreikusi zutena: Gizarte Larrialdietarako laguntza propioa.
Gainerako dirulaguntza deialdi guztiekin batera kaleratuko dituzte udal-laguntza berri horren oinarriak ere. “Gizarte-laguntza bereziak dira: udalak premia biziko ohiko nahiz ezohiko gastuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez dutenei bideratutako laguntza ekonomikoak dira. Ezohiko prestazio ekonomikoak dira, aldi baterakoak, dirulaguntza izaerakoak, subsidiarioak, osagarriak eta finalistak”.
Azaldu dutenez, asmoa ez da beste sistema batzuetako prestazioak ordezkatzea. Aldi baterakoak izango dira espero delako behar egoera hori gaindituko dela aurreikusitako epea igarotakoan, edo behar hori laster estali ahal izatea beste prestazio ekonomiko batzuekin: hala, laguntza puntuala edo hilabete batzuetara mugatuta egongo da.
Onuradunentzat subsidiarioak eta osagarriak izango dira indarrean dagoen legedian aurreikusitako bestelako baliabide eta prestazio sozial batzuei dagokienez: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak... Udalaren ezohiko laguntza horien aurretik prestazio horiek jasotzeko eskubidea baliatu beharko da, eta udalaren laguntza berezi hori azken aukera izango da. Horrez gain, diruz lagunduko diren gastuak aurrez definituko ditu udalak.
Bosgarren kapitulua: kreditu orokorra.
Hirugarren urtez jarraian, udal-gobernuak kreditu orokorrari eutsiko dio; 2022an ere 100.000 euro gordeko ditu aurreikusi gabeko gastu edo egitasmoei aurre egiteko. “Azken bi urteek erakutsi digute zein garrantzitsua izan den diru-poltsa horretaz baliatzeko aukera izatea. 2020An Covid19ak eragindako ezustekoei hortik erantzun genien, eta aurten ere suertatu izan dira aurreikusi gabeko zenbait egitasmo, horri esker bideratu ahal izan ditugunak.
Seigarren kapitulua: inbertsioak.
Kapitulu honen igoera, esan bezala, maileguari esker izango da. “Maileguak ahalbidetuko digu bultzada berezia ematea hainbat proiektu estrategikori: hala nola, Pelaioenea udal-ekipamenduari, uraren alorrean herri burujabea izateko erronkari eta trantsizio energetikoaren bidean urrats sendoak ematen jarraitzeari”.
Honakoak izango dira 2022ko inbertsio nagusiak:
- Ur sistemako inbertsioak. Batetik, Erroizpeko presatik San Esteban 1 depositura ura bideratzen duen eta ia 800 metro luze dituen fibrozementuzko hodia ordezkatuko da polietilenozko hodi batengatik, eta San Esteban 1 deposituan, gainera, filtrazio sistema instalatuko da Erroizpeko presatik datorren ura ere edangarria izan dadin. Bestetik, horren guztiaren gestiorako urrutiko kontrol sistema ezarriko da deposituan bertan, eta, horrela, instalakuntza osoa une oro kontrolpean izango da: 750.000€.
- Pelaionea. Berritzen bukatu: parte-hartze prozesutik atera zen proposamen espazialari bide emango dion exekuzio proiektuko obrak esleitu eta martxan jartzea: 500.000€.
- Trantsizio energetikoa. 120.000 euro gorde dira klima aldaketaren erronka globalari tokitik erantzuten jarraitzeko inbertsioak, nagusiki, energiaren alorrean egingo dituzte.
- 2021ean herriko argiteria publikoa aztertu eta proiektu bat landu da: batetik, energia kontsumoa nola gutxitu aztertu da, eta, bestetik, efizienteagoak diren sistemak. “Proiektua mardula da, anbizio handikoa: guztira, 577.783€-ko inbertsioa egiteko eskatzen du. Ezin dena kolpetik egin, eta, beraz, urteka egin beharreko inbertsio batez ari gara. Hala, 2022ko aurrekontuetan diru partida esanguratsua bideratu dugu, apurka-apurka inbertsio hori egiten hasteko eta, besteak beste, Kale Nagusiko argiteria aldatuko da, kontsumoa murrizteko asmoz”. Arlo honi dagokionez, jakinarazi dute azken bi urteotako udal-eraikinen kontsumo energetikoak aztertu eta kontratuak egokitu direla. Horrez gain, komunitate energetikoen inguruko lanketa bat martxan jarri nahi du udalak.
- Energia berriztagarriei dagokionez, Zumarteko geotermia instalazioa eta kiroldegiko eta Udarregiko eguzki plaka fotovoltaikoak instalatu dira: autokontsumo partekatu bidez eraikin horietako energia beharrak asetzeaz gain, bestelako udal-eraikinetako kontsumora ere bideratu da. 2022an kiroldegiko berotze sistema aztertuko dute (hori baita udal-eraikinen artean energia gehien kontsumitzen duena).
- Bestalde, Usurbil 0.0 plagintza gauzatzen jarraitzeko diru partida ere gorde da: 20.000 euro.
- Saneamendua. Zerbitzuen alorrean hainbat proiektu idatzi dira aurten. Argiteria publikoaren azterketaz gainera, saneamenduaren inguruko proiektua ere ari da erredaktatzen udala: Kalezarko eta Aginagako saneamenduen bereizketa, besteak beste. Kalezarko zatiari aurten heldu nahi zaio, Matiaren obrak amaitu aurretik, eta horretarako 125.000€ bideratuko dira.
Urteak aurrera egin ahala, udal-gobernuak ez du baztertzen udalaren gerakina erabiltzeko aukera, beste inbertsio batzuk bideratu ahal izateko, “beti ere, 2021eko likidazioa ondo ixten bada, eta hainbat dirulaguntza eskuratzen baditugu”.