Eduki publikatzailea

Udalak ez dizkie hondakinen tasak eta terrazen prezioak kobratuko jarduera eten behar izan duten ostatu eta zerbitzuei

Neurri ekonomiko sorta bat onartu du Usurbilgo Udalak, koronabirusak sortutako osasun-larrialdi egoeraren harira: ibilgailuen zerga helbideratuta zeukatelako kobratu zaien herritarrek ordainketa itzultzeko aukera izango dute, inolako gainkosturik gabe.

2020·04·17


Neurri ekonomiko sorta bat onartu berri du Usurbilgo Udalak, koronabirusak sortutako osasun-larrialdi egoeraren harira: zenbait zerga, tasa eta prezio publiko ez kobratzeari eta atzeratzeari buruzkoak dira neurriak, eta dekretu bidez onartu ditu udalak gaur bertan.

Hiru puntu ditu onartutako dekretuak:

  1. Osasun-larrialdi egoerak iraun bitartean beraien jarduera eten behar izan dutenei udalak ez die eman ez duen zerbitzurik kobratuko. Esaterako, hondakinen tasa edota terrazaren prezioa ez zaie kobratuko jarduera eten behar izan dutenei, alarma egoerak iraungo duen epealdiari dagokionez. Aurrez kobratua izan balitz, itzuli egingo zaie dirua. Epealdiaren zati batean zerbitzua eman bada, eta beste zati batean ez, emandako zerbitzuari dagokion zatia soilik jasoko du udalak. Halaber, gainerako herritarrei dagokienez, kiroldegiko ikastaroak bertan behera gelditu direnez, eman ez diren aldiari dagokion dirua bueltatu egingo zaie. Kiroldegiko abonamenduen kasuan ere berdin: dena den, irekiera data jakitean egin ahal izango da bueltatu beharreko diru kopuruaren kalkulua. Haur eskolarekin, berdin.

  2. Udalak emandako zerbitzuei dagozkien tasen eta prezioen ordainketa epeak malgutasunez atzeratuko dira, larrialdi egoerak eta konfinamenduak irauten duen egun kopuru berean. Mugatze horien amaiera data jakin orduko, egutegi fiskal berria eta luzatua onartuko du udalak, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, epe luzatu horiek zeintzuk izango diren jakinarazteko.

  3. Udalak kobratzen dituen hiru zerga nagusienak ordaintzeko epeak malgutasunez atzeratuko dira, zerga bakoitzaren ezaugarrien arabera:

    1. Ibilgailuen zerga: martxoaren 2an hasi zen borondatezko ordainketa epea, eta larrialdi egoerak eta konfinamenduak eragindako etenaren egun kopuru berberean luzatuko da ordaintzeko epea. Zerga hori helbideratua zeukatelako kobratu zaien herritarrek ordainketa itzultzeko aukera izango dute, hala nahi izanez gero, inolako gainkosturik gabe. Hala egiten dutenek beraiek arduratu beharko dute, gero, epe luzatuaren azken eguna baino lehen dagokien zerga ordaintzeaz. Epea agortuta zerga ordaindu gabe balego, legokiokeen gainkostua aplikatuko zaie.

    2. Ondasun higiezinen gaineko zerga: ordaintzeko borondatezko epea uztailaren 1era arte zegoen irekita, eta atzeratu egingo da. Zerga hori borondatez ordaintzeko epealdi berria abuztuaren 1etik irailaren 15era bitartekoa izango da.

    3. Ekonomia jardueren gaineko zerga: enpresa handienek soilik ordaintzen dute, alegia, milioi bat eurotik gora fakturatzen dutenek. Zerga hori borondatez ordaintzeko epea ere atzeratu egingo da, larrialdi eta konfinamendu egoerak irauten duen egun kopuru berberean. Amaiera data jakin orduko, egutegi fiskal berriaren bidez jakinaraziko da.