Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak Euskarazko Produktuen Katalogoa banatu du ikastetxe eta liburu-dendetan
2025·12·12

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998an argitaratu zen lehenengo aldiz. Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena orduan, eta, gaur egun, Euskal Herri osoko 115 toki-entitate dira parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira.
Usurbilgo Udalak urtero katalogoaren zabalpena egiteko apustu sendoa egina du, estrategikoa delako euskararen biziberritzeari begira.
Euskarazko produktuak kontsumitzeak...
- Hizkuntza-gaitasuna sendotzen du: euskarazko input aberatsa izateak hiztegia, egitura gramatikalak eta ahozko zein idatzizko ulermena garatzen laguntzen du. Etxean edo eskolan ikasitakoa finkatzeko, ezinbestekoa da aisialdian ere hizkuntza entzun eta erabiltzea.
- Ohitura linguistikoak sortzen ditu: haur eta gazteek aisialdian ikusten dutena erreproduzitzen dute maiz. Izan ere, aisialdia emozio positiboekin lotzen da; beraz, aisialdia euskaraz bada, hizkuntza ere emozio positiboekin lotuko dute, eta, ondorioz, euskararen erabileran eragin zuzena izan dezake horrek.
- Identitatea eta motibazioa indartzen ditu: euskaraz sortutako edukiak kontsumitzeak hizkuntzarekiko harrotasuna eta lotura emozionala sortzen ditu. Haurrek eta gazteek sentitzen dute “eurena” den mundu kultural aberats bat ere badagoela.
- Merkatu baten existentzia ziurtatzen du: kontsumorik ez badago, baliabide gutxiago sortzen dira. Baina haur eta gazteek euskarazko produktuak kontsumitzen badituzte, industria kulturalak gehiago inbertituko du euskarazko eskaintzan.
- Euskararen biziberritzea bermatzen laguntzen du: hizkuntza bat bizirik mantentzeko ezinbestekoa da belaunaldi berriek erabil dezaten. Aisialdia eta kultura dira erabileran eraginkorrenak; esparru horietan euskarak presentzia sendoa izateak hizkuntzaren etorkizuna sendotzen du.
- Erreferenteak eta eredugarritasuna eskaintzen ditu: haur eta gazteek euskaraz egiten duten erreferentak izateak hizkuntza prestigioarekin lotzen laguntzen du.
Katalogoan era askotako 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako produktuak jasotzen dira, eta zortzi ataletan sailkatuta daude: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala. Gainera, hainbat produkturen erreferentzia zehatza ere ematen da: produktuaren izena eta irudia, egilea, adin-tartea, argitaletxea, eta gutxi gorabeherako prezioa.
Katalogoa bi euskarri ezberdinetan zabaltzen da. Alde batetik paperezko edizioa dago: urtean behin argitaratu eta zabaltzen da, eta 100.000 aletik gora banatzen dira; horietatik 700 inguru Usurbilen. Bestetik, katalogoa.eus helbidean, online edizioa dago. Interneteko gune horretan paperezko katalogo osoa ikus daiteke, baina horretaz gain paperezkoan sartu ez diren produktu gehiago ere aurkitu daitezke, eta produktuetara edo argitaletxeetara zuzenean joateko loturak ere ematen ditu. Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du
