Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak Etxebizitza Bulegoa jarri du martxan, etxebizitza hutsak aktibatu eta herritarrei aholkularitza eskaintzeko

Zabalduz kooperatiba kontratatu du udalak Etxebizitza Bulegoa kudeatzeko: Gizarte Zerbitzuen lehengo egoitzan eskainiko da zerbitzua. Etxe hutsen diagnostiko kualitatiboa egin du udalak: aztertu diren 166 etxebizitzatatik 99k aktibatzeko aukera dutela ondorioztatu da.

2026·09·11


Udalak Etxebizitza Bulegoa ireki du, Gizarte Zerbitzuen lehengo egoitzan. Udalak Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatiba kontratatu du zeregin horretarako: etxebizitza hutsak aktibatu eta herritarrei aholkularitza eskaintzea da helburua. Aurrez, etxe hutsen diagnostiko kualitatiboa ere egin du Zabalduz-ek, egoeraren argazki zehatzagoa eta eguneratuagoa izateko helburuarekin.

Etxebizitzaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena izanik ere, udalek badute zer esana eta zer egina arlo horretan, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan, eta, horregatik, udaletik egindako urratsak azaldu ditu. Gogoratu duenez, Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremua da 2025eko urriaren 30az geroztik: “Izendapen hori hiru urterako izaten da: epe hori pasata, egoera gainditu ez bada, izendapena luza daiteke, baina helburua, noski, egoera hori gainditzea da”.

Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 legeak bi baldintza zehazten ditu udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeko, eta bietako bat betetzen zuen Usurbilek: azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI Kontsumo Prezioen Indizea baino hiru puntu gehiago igo izana (Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bere txostenean argitaratu zuenez, alokairuaren prezioa gehien hazi zen udalerrien artean zegoen Usurbil, %19,90eko igoerarekin). Bigarren baldintza, herritarrek euren diru-sarreren %30 baino gehiago etxebizitzari lotutako gastuetara bideratzea ez zen betetzen, gutxigatik (%28). Izendapena eskuratzeko herriko etxebizitzen inguruko diagnostikoa eta hiru urterako ekintza plana egin zituen udalak, eta neurrietako bat Etxebizitza Bulegoa sortzea zen.

Horrekin batera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aipatu du Solaberrietak. Udalbatzak maiatzean onartu zuen HAPOaren behin betiko dokumentua, eta aldundiak behin betiko onarpena eman behar dio orain. HAPOa udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko oinarrizko tresna da: indarrean sartzen denean, 2004-2013 arteko arau subsidiarioak ordezkatuko ditu. Etxebizitzen gaiari ere heltzen dio HAPOak: hiri garapen orekatua helburu, eta usurbildarren beharren neurrira handitzeko helburuz, jarduketa programa ezarri zuen udalak, herria modu orekatuan eta mailakatuan hazi eta garatzeko ondorengo hamabost urteetan. Guztira, 715 etxe berri eraikitzeko aukera jaso dute dokumentuan: “Nabarmendu nahi dut lur-jabe eta promotoreekin egindako lan eta lortutako adostasunei esker, 715 etxe horien %62 merkatuz kanpoko etxebizitza babestuak izango direla, %48 babestutako etxebizitza sozialak eta %14 tasatuak”.

Solaberrietak nabarmendu duenez, dena den, etxe berriak eraikitzea ezin da izan arazo horri aurre egiteko modu bakarra. “Udalak esku artean du hiru urterako etxebizitza plan bat, etxebizitzaren arazoari modu eta ikuspegi integralean erantzuteko plana: etxe berriak behar ditugu, eta, gainera, babestuak. Baina, gainera, gure beste lehentasun estrategiko bat da jada eraikita dagoen bizitegi-parkea optimizatzea, eraikuntza kontrolatu baten beharrarekin konbinatuta, garapen jasangarri eta kontrolatua bermatuz eta pertsona guztientzako zerbitzu publikoen kalitatea mantenduz”.

Eraikita dagoen etxebizitza parkea aktibatzea etxebizitza beharrari azkarrago erantzuteko aukera izan daitekeela iritzita, etxebizitza hutsen gaiari adarretatik heldu dio udalak: Legealdiko Planean eta etxebizitza planean jasoa zegoen, alkateak gogoratu duenez. Zenbat diren eta zein egoeratan dauden ezagutu nahi izan da, hau da, hutsik egotearen arrazoiak jakin, merkatura ateratzeko aukerak landu ahal izateko, “etxe jabeekin banan-banan eta eskuz esku”. Zeregin horretan ari da, hain justu, Zabalduz. Udalak hiru zereginetarako kontratatu du: etxebizitza hutsen diagnostikoa egiteko, Etxebizitza Bulegoa kudeatzeko eta udal-etxebizitzetan bizi diren herritarren akonpainamendua egiteko; udalak 30.000 euro bideratu ditu horretarako, maiatzeko osoko bilkuran berri eman zuenez.

Etxebizitza hutsen diagnostikoa

Bulegoa irailean zabalduko den arren, Zabalduz lanean hasia da. Lehenengo, etxebizitza hutsen diagnostiko berri bat egin dute, Ioritz Rasero Ortuzar Zabalduz-eko kideak azaldu duenez. Udalaren kalkuluen arabera, legeak ezartzen dituen irizpideak aintzat hartuta, bizilagunik gabeko etxebizitzak, Usurbilen, 166 izan daitezke, eta bakoitzaren egoera zehatza jakiteko azterketa kualitatiboa egin du Zabalduz-ek. Bi lan egin ditu, horretarako: batetik, udal-erroldaren, foru-katastroaren eta ur-kontsumoaren datuak gurutzatu dituzte. Eta, bestetik, etxe jabeekin harremanetan jarri dira, gutun bidez zein telefonoz. “Balorazioa oso positiboa izan da, oso gertukoa. Jendeak eskertu egin du kontaktuan jarri izana, eta batzuk jada eskatu dute alokairuan jartzeko informazioa”, azaldu du Raserok.

Hori eginda, “etxebizitzen semaforoa” osatu dute, eta etxebizitzak hiru multzotan sailkatu dituzte. Eremu gorrian daude epe laburrean erabili ezin diren etxeak, aurrian edo obretan daudelako: 7 dira, guztira (%4). Eremu horikoak eskuragai egon daitezkeenak dira: 99 etxe (%60). Eremu berdean, azkenik, dagoeneko aktibatuta dauden etxeak daude, jada alokairuan edo salgai daudenak: 60 dira (%36). “Eraikita dagoen parkean eragiteko aukerarik handiena eremu horikoek osatzen dute: uste dugu bitartekaritza eta konfiantza eskainita asko merkatura ateratzeko aukera izan dezakegula”, nabarmendu du Raserok.

Diagnostikoan ondorioztatzen denez, Usurbilgo etxe hutsek ez diete etxebizitzen edukitzaile handien logika espekulatzaileei erantzuten, egiturazko oztopoei baizik. Hutsik dauden etxeen zahartze fisikoa handia da, batez besteko 58 urteko antzinatasuna baitute, eta horrekin batera, herentzia gatazkak eta ez-ordaintzeei edo kalteei jabeek dieten beldurra dira etxeak hutsik uztearen arrazoiak.

Etxebizitza Bulegoa

Etxebizitza Bulegoa Gizarte Zerbitzuen lehengo egoitzan ireki da (Kale Nagusia 43 behean). Herritar orok jo ahal izango du bertara, etxe jabe, maizter zein etxe bila ari direnek. Bulegoak doako aholkularitza zerbitzu pertsonalizatua eskainiko du: aldeen arteko bitartekaritza egin, alokairurako bermeen eta dirulaguntzen zein onura fiskalen berri eman eta dokumentu eta tramiteei buruzko zalantzak erantzungo ditu.

Bi egunetan eskainiko du aurrez aurreko arreta: asteazkenetan (14:00-19:00) eta ostiraletan (09:00-14:00). Kasu horretan, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik. Telefono bidezko arreta astelehenetik ostiralera eskainiko du, 09:00etatik 15:00etara. “Hitzordua eskatzerakoan kontsultatu nahi den gaia adieraziz gero, saioa ahalik eta ondoen prestatu ahal izango dute, aholkularitza saioa lagungarriagoa eginez”, nabarmendu du Iratxe Begiristain zinegotziak.

Bulegoa zabaltzearekin batera, etxebizitzaren egoerari aurre egiteko bestelako neurriak aztertzen ari da udala, Begiristainek azaldu duenez. “Besteak beste, har daitezkeen neurri fiskalak aztertzen ari gara, etxe horiek alokairura ateratzea bultzatzeko; hori erabakitzen duten etxe jabeek bulegoaren laguntza izango dute”, nabarmendu du.

Kontakturako bideak

Aurrez aurre: Kale Nagusia 43 behea (Gizarte Zerbitzuen lehengo egoitza)

  • Harrera ordutegia:
    • Asteazkenak: 14:00-19:00
    • Ostiralak: 09:00-14:00

Telefonoa edo Whatsapp-a (astelehenetik ostiralera, 09:00-15:00): 722 151 640

Helbide elektronikoa: etxebizitzabulegoa@usurbil.eus

Udal-etxebizitzetako herritarren akonpainamendua

Udalak hemeretzi etxebizitza “eta urte luzeetako eskarmentua” du, Solaberrietak nabarmendu duenez. “Usurbil soziologikoki aldatzeak etxebizitza horietan bizi diren herrikideen profilak aldatzea ekarri du; etxebizitza bat alokairuan hartu edo erosteko ezintasunaren ondorioz, bertan bizi diren maizterrek geroz eta arazo gehiago dituzte etxea uzteko garaia iristen denean etxea uzteko, batzuen kasuan integrazio komunitariorako arazoak ikusten ditugu... Arazo horiek Usurbilen ditugu, beste edozein herritan bezala; estruktural bihurtzen ari dira, eta etxebizitza mota hauen kudeaketa zailtzenari da”. Horregatik, udalak beharrezkotzat du kudeaketa ereduan aldaketak egitea. “Etxebizitzon kudeaketa administratibo hutsak ez du bermatzen etxebizitzak ongizatea eta kohesioa sortzea: laguntza sozialeko eta komunitarioko zerbitzu bat gehitzeak bizikidetza sendotzea eta isolamendua saihestea ahalbidetzen duelakoan gaude, eta horixe da, beraz, lantzen hasi berri garen ildoa”. Gaineratu duenez, gizarte-sare komunitario sendorik gabeko kalteberatasun-egoeren kontzentrazioak ghettifikazio-arrisku handia dakar, hau da, biztanleria-talde baten isolamendu sozial eta espaziala. “Udal-blokeak udalerriarekin loturarik ez duten uharte bihur ez daitezen, ezinbestekoa da bizitza eta pertsonak erdigunean jarriko dituen etxebizitza-eredu bat ezartzea”.