Albisteak
Atzealdea

Udalak eta Usurbil 1936 oroimen historikoaren elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Hiru urterako hitzarmena da, urtebetez luzatzeko aukerarekin. Elkarteak jakinarazi duenez, 2022ko lan nagusietako bat gudalekuen berreskurapena izango da, eta ahalik eta jende gehienaren laguntza beharko dute.

2021·12·17


2020ko ekainean abiatutako elkarlana berretsi dute, orain, Usurbilgo Udalak eta Usurbil 1936 oroimen historikoaren elkarteak. Hiru urterako hitzarmena sinatu dute, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin, Potxoenean egindako prentsaurrekoan.

Legealdi Plana.

Udalak, legealdi hasieran, hurrengo lau urteetarako gidalerroak jaso zituen Legealdi Planean. Bertan, Herri Nortasuna ardatzari lotutako lan arloetako bat da memoria eta bizikidetza, eta hori osatzen duten lan-lerroen artean dago memoria historikoari dagokiona, bereziki 1936ko gerrako lubakiak berreskuratu eta oroitaraztea bultzatzea.

Orain arte egindako “lan handia” nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Izan ere, hainbat lan eta ikerketa burutu dira udalak egindako kontratazioaren bitartez: artxiboen ikerketa, herritarren parte hartzea bultzatzea eta gerraren aztarnak identifikatzea. Lan horrek bere fruituak eman ditu, Solaberrietaren esanetan, eta horren erakusgarri da herrian sortutako mugimendua, zenbait herritarrek irabazi asmorik gabeko elkartea sortu baitute: Usurbil 1936 oroimen historikoaren elkartea. “Proiektu hau sendotu, are gehiago indartu eta lankidetza honi jarraikortasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna eman asmoz, bi erakundeon artean hitzarmena sinatu dugu”.

Hitzarmenaren bidez, batetik, udalak Artzabalen duen lokala utziko dio elkarteari lanean jarrai dezan, eta urtez urte elkarteak bere jarduna gara dezan bideratuko duen diru kopurua ere zehaztu dute: 36.000 euro 2021ean eta 30.000 euro 2022an zein 2023an. “Memoriari eta etorkizunari begira egiten dugun inbertsioa da. Inbertsioak, gehienetan, obra publikoekin lotu izan dira, porlanarekin, eta ez dut dudarik honako proiektu eta egitasmoak ere inbertsioak direla. Inbertsioa gure aurrekoen memoria historikoa berreskuratzeko, ondorengo belaunaldiek egia ezagutzeko eta, batez ere, berriro ez gertatzeko. Lurpean utzi nahi dutenen egia azalaraztea dagokigu, ahanzturara kondena ez dezagun. Hori da, gutxienez, ondorengo belaunaldiok egin diezaiekegun omenaldi eta aitortza nagusia”, nabarmendu du Solaberrietak.

Elkartearen helburuak eta urtez urteko lanak.

Ion Martinek eta Aitor Azurkik ordezkatu dute elkartea prentsaurrekoan, elkarteko lehendakari eta sustatzaile gisa, hurrenez hurren.

Oroimen historikoa berreskuratzea, Usurbilen 1936ko gerratik hona egia, aitortza eta erreparazioa sustatzea, gerrak eta gerraostekoak ekarritako errelatoa sortzea eta egindako lanketa guztiak gizarteratzea dira elkartearen helburuak.

Helburu horiek erdiesteko hainbat lan aurreikusi dituzte. Elkarteko kideen esanetan, ikerketa fasea amaitzear dira: artxiboetara egin beharreko azken bisita batzuk baino ez zaizkie falta. Testigantzak jasotzeko elkarrizketak ere amaitzeko bidean dira. Hurrengo erronka nagusia gudalekuen berreskurapena izango da: gudalekuak identifikatu, indusketak egin, garbitu, txosten arkeologikoak egin eta, horrez gain, bisita gidatuak antolatu eta panelak jarri asmo dute. Lan horiek guztiak, hain zuzen, 2022an egin nahi dituzte, eta orain artekoa baino jende gehiagoren laguntza beharko dutela nabarmendu dute: “Dagoeneko baditugu arkeologoak eta talde tekniko bat, baina, orain, ahalik eta herritar gehienen laguntza behar dugu. Asko hurbildu zaizkigu esanez “historiaz ezer jakin ez” arren, lagundu nahi dutela, eta orain da momentua”. Herritarrei dei egin diete, beraz, eurekin harremanetan jartzera, elkartearen helbide elektronikoan: usurbil1936@gmail.com.

2022rako, gainera, hainbat ekitaldi iragarri dituzte. Izan ere, fusilatuen izen-abizenekin batera, guda-lekuak ere gogora daitezen nahi dute. “Oraingoz, lau gune identifikatu ditugu, eta ekitaldi bana egingo dugu: xumeak baina ederrak izango dira”. Webgune bat ere martxan jartzekoak dira, jasotako informazio guztia ezagutarazteko, batetik, eta beraiek azken bi urteotako jardunean sortutako materiala ere bertan jarriko dute. Horrez gain, informazio hori guztia erakusketa batean bilduko dute aurrerago; aurreikuspenen arabera, 2023an.