Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak eta Matiak igogailua eta autobus geltoki berria egiteko proiektua aurkeztu dute
2023·03·23

Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak igogailua eta autobus geltoki berria egiteko proiektua aurkeztu dute, N634 errepideko oina eta zaintzadun auzunea eta Kalezar auzoa modu irisgarrian lotuko dituena. Proiektuaren xehetasunen berri eman dute prentsaurrekoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Sebastian Cardenas Matiako proiektuen koordinatzaile teknikoak, proiektuaren irudiak erakustearekin batera; martxoaren 30eko osoko bilkuran onartuko dute bi aldeen artean proiektua gauzatzeko eta finantzatzeko adostutako hitzarmena.
Matia, mendekotasuna duten pertsonentzako arretaren esparruan, pertsonak ardatz dituen arreta ematera bideratutako egoitza eredua bultzatzen ari da, etxearen edo “etxean bezala” kontzeptutik pertsonen beharretara hurbilduz. Premian dauden pertsonei ostatua eskainiko die Kalezarko auzuneak, eta ohiko bizilekutik etxebizitza txikiez osatutako gerontologia zentro batera ahalik eta egokien igarotzea bermatu asmo dute. Eredu hori osatzeko, Eguneko Zentroa ere auzunean integratuko da.
Hasieratik garbi izan dute auzuneak ziurtatua behar zuela izan irisgarritasun unibertsala, baina gehiegizko aurrekontuak kolokan jarri zuen proiektu osoaren bideragarritasun ekonomikoa, eta, ondorioz, bi fasetan egitea erabaki zuten: auzunea eta bere aurreko urbanizazioa lehenengo, eta finantzazioa lortutakoan geltoki berriak eta igogailua.
Proiektu horren bidez, N634 errepidean autobus geltoki berria egingo dute, egun dagoenetik metro batzuetara, geltokia auzunearen oinean egon dadin. Izatez, bi geltoki berri izango dira, noranzko bakoitzean bana. Geltokitik auzunera 22 metroko desnibela dago, eta hori gainditzeko bi igogailu eta eskailerak eraikiko dituzte: geltokia eta auzunearen kotan sortuko den plaza publikoa lotuko dituzte, eta, ondorioz, baita Kalezar eta Ugartondo ere.
Proiektua Matiak idatzi du, auzunearekin erabat integratzeko helburuarekin, eta bera izango da obraren bultzatzailea. Cardenasek nabarmendu duenez, funtzionala izateaz gainera, igogailuak eragingo duen inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izan dadin saiatu dira. Materialak ere tentuz aukeratu dituzte, auzunearen estetika bera izan dezan. Cardenasen esanetan, datorren astean esleituko dituzte proiektuaren lanak, eta bi aste barru lanean hasteko moduan egongo dira; 6-7 hilabete iraungo dute lanek, eta urte amaierarako prest egotea espero dute.
Ardurak eta finantzazioa
Obren kostua 1,6 milioi eurotik gorakoa da. Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du, hiru urtetan banatuta: 150.000 euro 2022an, 150.000 2023an eta 180.000 euro 2024an. Solaberrietak proiektu honek Usurbilentzat duen garrantzia nabarmendu du: “Matiako auzunearen mugikortasun jasangarria bermatzeaz gainera, proiektu estrategikoa da Kalezar eta Ugartondoko eremuarentzat ere, nabarmen hobetuko dituelako garraio publikoaren erabilera sustatzeko baldintzak, eta, beraz, azpiegitura sozial garrantzitsua da herriarentzat”. Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izango da, baita sor daitezkeen ezustekoak finantzatzea ere; Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jasoa dute, eta bultzada garrantzitsua izan da proiektuarentzat.
Igogailuaren obra egin ondoren, udalaren gain geldituko da instalazioaren mantentze lanak egitea; geltokien mantenuaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da ardura.
Bizi osorako alojamenduen onarpena
Solaberrietak azaldu duenez, azken hilabeteetan martxan izan da beste prozedura administratibo bat, zaintzadun etxebizitzen auzunean eraikigarritasuna handitzea ahalbidetzeko, eta Diputazioak jada behin betiko onarpena eman dio. Matiak eskaera egin zuen eraiki den bolumenaren barruan eraikigarritasuna handitzeko: 1.700 metro koadro gehiago lirateke, erdisotoan eta estalkipean banatuta. Izan ere, zaintza eredu berri bat eraikitzeko parte-hartze prozesuan zein bestelako gogoeta gune batzuetan azaleratutako gizarte-behar batzuei auzunetik erantzuteko aukera ikusi zuten.
Eraiki nahi den eremu berri horretan, besteak beste, bizi osorako alojamenduak egin nahi dituzte. Bizikidetza-unitateak dira, menpekotasunen bat duen pertsona eta bere zaintzailea bertara bizitzera joateko, eta han jasoko dituzte zaintza beharrak. “Sei etxe egiteko aukera egongo da, eta horietako bitan usurbildarrek lehentasuna izatea nahiko genuke, beharra egongo balitz. Hori ahalbidetzeko konpromisoa hartu du Matiak. Ikusi beharko noiz eta nola, baina bi erakundeon aldetik badago borondatea eta konpromisoa usurbildarrei lehentasuna emateko, zerbitzu horren erabilerako”, azaldu du Solaberrietak.
Horrez gain, eraikigarritasuna handitzeak aparkaleku gehiago egiteko aukera emango die, eta horrek auzoari arnasa ematen lagunduko du. Azkenik, udalak 226 metro koadroko lokal bat eskuratuko du auzunean. Igogailuak geldiunea egingo du bere parean, eta sarrera independentea izango du, aurrealdean izango duen plaza publikotik. Solaberrietaren esanetan, oraindik ez dute erabaki zer erabilera eman lokal horri, baina badituzte aukera batzuk esku artean: “Esaterako, zaintzaren interpretazio zentro bat eraikitzeko egitasmoa dugu buruan”.



