Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak eta Iñurri elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, urtebeterako
2026·03·18

Usurbilgo Udalak eta Iñurri elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, urtebeterako. 2025eko udaberriaz geroztik, Usurbilen du egoitza Iñurrik, eta minbizia modu zuzenean edo zeharkakoan jasan duten pertsonei laguntzeko egiten duen lana herri interesekotzat jota sinatu du hitzarmena. Gaur eman dute akordioaren berri, prentsaurrekoan.
Iñurri 2019an sortu zen, eta irabazi asmorik gabeko elkartea da: minbizia duten pertsonen bizi kalitatea, egoera emozionala zein ekonomikoa hobetzeko beharrezkoak diren lanak egiten ditu. Horrekin batera, minbiziari buruzko gizarte-kontzientziara bideratutako ekimenak ere egiten ditu, espazio seguruak sortuz, egoera horretan dauden pertsonek askatasunez hitz egiteko eta adierazteko aukera izan dezaten. Minbiziaren inguruko formakuntza, akonpainamendua eta dibulgazioa dira elkartearen lan lerro nagusiak, betiere ikuspegi feminista eta eraldatzailea oinarri izanda. Azken urteotan sendotu egin da elkarteak Usurbilekin duen lotura: 2024an eta 2025ean Iñurri Eguna ospatu dute bertan, eta iazko udaberriaz geroztik Usurbilen du egoitza elkarteak.
Udalak urteak daramatza Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lanean, pertsona ardatz izango duen zaintza eredua bultzatzeko. Iñurrik egiten duen lana, beraz, bat dator udalak bultzatzen duen ereduarekin, eta herri-interesekotzat du elkartearen jarduna. Hitzarmena urtebeterako izango da, urtez urte luzatzeko aukerarekin. Elkarteak konpromisoa hartu du urtebeteko epean honakoetako bat gutxienez gauzatzeko: herriko emakumeei zuzendutako ekintzaren bat antolatzea Usurbilgo Emakumeon Etxean; Usurbil herri zaintzailea izateko bidean eta sentsibilizazioari lotuta herritarrentzat antolatutako ekimenen bat gauzatzea edo aurkezpen publikoren bat egiteko asmoa duenean, ahal duen neurrian, Usurbilen egitea. Udalak 3.500 euroko laguntza emango dio elkarteari.
Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak nabarmendu duenez, erraza eta erosoa izan da Iñurrekin hitzarmena egitea, bi aldeek hasiera-hasieratik izan baitute lankidetzarako asmoa. Era berean, akordioaren garrantzian ere jarri du arreta: “Usurbilgo herriarentzat eta bereziki Usurbilgo emakumeentzat opari bat da, aukera bat da Iñurrik Usurbilen gauzatzea bere jarduna, eta zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet, batetik, Usurbil aukeratzeagatik euren jardunerako topaleku eta plaza izateko, eta bestetik, minbizia duten emakumeei eskaintzen dien babesa, goxotasuna, akonpainamendua, sosegua, terapiak eta abarrak emateagatik. Zaila dena samurtzen du Iñurrik, eta, zentzu horretan, ezin eskertuago gaude. Balio dezala hitzarmen honek, beraz, zuen lana laguntzeko eta errazteko”.
Miren Cuerdok, Iñurriren ordezkari gisa, esker oneko hitzak izan ditu udalarentzat eta Usurbilgo herriarentzat. “Ez da kasualitatea Usurbil aukeratu izana: oso ondo hartu gaituzue beti, eta uste dut oso erabaki ona izan dela. Gu eta gugana etortzen diren inurriak etxean bezala sentitzen dira, eta hori guretzat oso garrantzitsua da”, nabarmendu du. Haren esanetan, hitzarmenak lanean jarraitzea ahalbidetuko dio elkarteari: “Gure jarduna oso aktiboa da: horrelako hitzarmenek egunerokotasunean aurrera egin ahal izatea bermatzen digute, eta benetan asko eskertzen dugu zuen babesa”.

