Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak eta Grupo Ingemar SAk akordio bat sinatu dute, enpresak udalarekin duen zorra ia osorik ordaintzeko
2023·07·21

Usurbilgo Udalak eta Grupo Ingemar SAk akordio bat sinatu dute, enpresak udalarekin duen zor ia osoa ordaintzeko: dekretu bidez onartua izan da, eta horren berri eman du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak uztaileko osoko bilkuran. Akordio horren arabera, Grupo Ingemar SAk udalari 696.767,40 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du, eta hori ordaintzeko adostutako egutegia betetzen hasi da: lehenengo ordainketa egin du dagoeneko.
Orain lortutako akordioaren nondik norakoak eta gaiaren bilakaera nolakoa izan den azaldu du Solaberrietak. 2017Ko abenduaren 15ean emandako epaiaren bidez, Lugoko epaitegiak Ingemar SA sozietatearen konkurtso-prozeduran, hartzekodunen hitzarmena onartu zen. Ingemarrek hainbatekin zituen zorrak, eta Usurbilgo Udalari zegokiona, guztira, 486.251,01 eurokoa zela zehaztu zen. Zor horren barruan, zor mota desberdinak zehaztu ziren:
- zor pribilegiatua: 27.958,59 euro.
- zor orokorra: 270.837,12 euro.
- zor arrunta: 135.773,88 euro.
- menpekoa: 50.681,42 euro.
2019ko urtarrilean, Ingemarrek eta udalak akordio bat sinatu zuten zor pribilegiatua ordaintzeko: bost urteko epean ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Aldiz, urteotan udalak 25.927,63 euro soilik kobratu ditu, enbargo baten bidez kendua izan zena.
Denborak aurrera egin ahala, zorra modu nabarmenean handitu da, eta konkurtsoaren ostean, zor gehiago eragin ditu: 406.639,76 euro gehiago. Hala, bi zorrak gehituta, 800.000 eurotik gora dago, jada, Ingemarrek udalarekin duen zorra.
Solaberrietak azaldu duenez, 2021ean Grupo Ingemar SA beste administratzaile batzuen esku gelditu zen, eta hasieratik izan dute hartu-emana jabe berriekin. “Beti adierazi izan digute zorra ordaintzeko nahia, baina, aldi berean, baita ezintasuna ere, Ingemarrek Usurbilen duen partzela saldu ezean”. Alkateak nabarmendu duenez, Usurbilgo HAPOa berridazteko prozesuan, Ingemar dagoen Zingirategi eremurako antolamendua euren batera landua eta adostua izan da, udalak zehaztutako hirigintza irizpideen arabera. “Adostasunez eraikitako planteamendua izan da, eta duen balioa eman nahi diot”.
Zorra ordaintzeko negoziaketa
Azken hilabeteetan, Ingemarren zorra ordaintzeko negoziaketa betean izan da udala, Solaberrietak azaldu duenez, halako prozeduretan aditua den abokatu talde bat, Zubizarreta Consulting, kontratatuta. Apirilean, jabeek udalari jakinarazi zioten konkurtsotik zetorren hitzarmenaren aldaketa proposatu zietela hartzekodun guztiei, eta epaitegiak onartu egin zuela. Maiatzaren 4an jaso zuen udalak Lugoko epaitegiaren autoa: bi hilabeteko epea ireki zen atxikimenduak aurkezteko.
Hitzarmenaren aldaketa ez onartzeak enpresa likidaziora bultza zezakeen, eta egoera hori ez zen inorentzat egokia, Solaberrietaren esanetan: “Zorrak inoiz ez kobratzea ekar zezakeen horrek”. Hala, hitzarmenaren aldaketa onartzeko, udalak bere baldintzak jarri zituen, udalarekin duten zorra lehenago edo geroago ordaintzeko akordio proposamen bat eginez, konkurtsopean zegoen zor guztia eta konkurtso ostean sortutakoaren zati bat ordaintzeko, kita batzuk onartuta.
Diru hori guztia kolpetik ordaintzeko ezintasuna azaldu zuten jabeek, eta erdibideko akordio bat adostu zuten ekainaren 15ean egindako bileran: Ingemarrek 696.767.40 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, egutegi bati lotuta:
- Hitzarmena sinatu aurretik, 100.000 euro.
- 2023ko urriaren 1a baino lehen, 126.391,77 euro.
- Gainerakoa (470.375,62 euro), zatika ordaintzea: hilero 7.225,62 euro, 60 hilabetetan.
Lehenengo ordainketa egina dute jada. Epe horretan, enpresak Usurbilen duen partzela saltzea lortuko balu, zorra kolpetik ordaintzeko konpromisoa hartu dute. Ez balute ordainduko, hitzarmenak zenbait berme ezarri dira, partzela hori udalaren mesedetan hipotekatzeko.
Akordioa defendatu du Solaberrietak: “Akordio honetara ez atxikitzeak izan zitzakeen ondorioak askoz kaltegarriagoak lirateke udalarentzat. Beraz, guk ere bat egitea erabaki genuen: zor guztitik 100.000 euro ez ditugu kobratuko, baina horren berme edo trukean gainerakoa ordaintzeko egutegi bat eta hitzarmen bat lortu dugu”.
