Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak eta Buztinzulok lau urterako hitzarmena sinatu dute
2022·12·14

Usurbilgo Udalak eta Buztinzulo elkarteak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, udalak Atxegaldeko Alperro Buru kalean (6. zenbakia) duen lokala lagako dio, elkarteak bere jarduna bertan gara dezan, eta 10.000 euroko ekarpena egingo dio 2022an, egitasmoa martxan jarri ahal izateko azpiegitura gastuetarako. Lokala erabili ahal izateko egokitzapen lanak ere egin ditu, aurrez.
Buztinzulo Zeramika taldea 1987an sortu zen. 2021etik aurrera, talde eraginkor berri bat hasi zen buztingintza berreskuratu eta zabaltzeko dinamizazio lanetan. Taldeak konpromisoa du elkargune berri bat sortzeko, irekia, arte plastikoak, zeramika eta buztingintza tradizionala lantzeko, “euskal kulturatik abiatuta mundu zabalera joateko”; norbanakoen proiektuak zein talde bezala herrirako proiektuak sustatu nahi dituzte. Aldi berean, Usurbilgo Udalaren helburuetako bat da Usurbil euskal kulturaren hauspo izatea. Hitzarmena sinatu dute, beraz, lankidetza bi aldeentzat onuragarria izan daitekeela iritzita.
Elkarteak, hitzarmenarekin, hainbat betebehar hartu ditu bere gain. Besteak beste, zeramika eta buztingintza ikastaroak antolatzea, gune ireki eta autogestionatua izateko urratsak bideratzea, herriko kultur eta gizarte dinamikarekin uztartzea, herriko beste elkarte eta erakundeekin buztingintza ezagutu eta zabaltzeko ekintzak bideratzea, herritarrei buztinaren bidez sormena lantzeko baliabideak eskaintzea eta bertan egiten duten lana zabaltzea. Udal beharretara egokitutako piezak ere egingo dituzte (material gastuak udalak bere gain hartuta): udalaren izena eramango duten garaikurrak eta oroigarriak, toponimiari lotutako plakak, eta abar.
Atxegaldeko auzo lokala Alperro Buru kaleko 6. zenbakian dago. Udalak lokal hori erabilera anitzeko instalazioa izatea nahi du: horregatik, herriko beste taldeek ere erabiltzeko eskubidea izango dute. Lokalak 175 metro karratu ditu, guztira, eta Buztinzulori doan utziko zaizkion gelen azaleraren batura 89 metro karratukoa da. Gainerako espazioak beste elkarteekin konpartituko ditu. Izatez, elkarteko kideak hasiak dira lanean: lokal barrua ez ezik, kanpoko plazan ere jarriak dituzte eurek egindako azulejuak, eta ataria apaintzea dute hurrengo helburua.

