Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak eta Aginagako herri kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatuko dute, urriaren 31n
2025·10·24

Udalak eta Aginagako herri kooperatibak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatuko dute: urriaren 31n izango da, 18:00etan, Aginagan bertan. Udalak Aginaga biziberritzeko irabazi asmorik gabeko proiektu komunitario bat abiatzeko deialdia egin zuen ekainean, eta proposamenak aurkezteko epean bat jaso zuen, hain zuzen ere, Aginagako herri kooperatibak aurkeztutakoa. Urriaren 31n, hitzarmena sinatzearekin batera, azken hilabeteotan eraberritu den Arrate ostatua inauguratuko dute.
Hitzarmenean jaso dutenez, udalak Aginagan dituen bi ekipamendu lagako dizkio herri kooperatibari: Eliza Zaharra eta Arrate ostatua. Herri kooperatibak, bere proposamenean, ekipamendu bakoitzerako planteamendua egin du. Eliza Zaharrari dagokionez, urteetako lanketan urrats bat gehiago egin, eta Aginagako kultur mahaia eratu, dinamizatu eta kudeatzeko asmoa adierazi du kooperatibak. Bertako eragileen ekintza eta saioak antolatzeaz gain, kanpotik jasotako proposamenak garatzeko baliabideak ere eskainiko dituzte. Kultur programazioaz arduratuko den dinamizatzaile bat kontratatuko dute, urteko kultur programazioaz, material teknikoa zaindu eta prestatzeaz eta dirulaguntzak kudeatzeaz ardura dadin, besteak beste.
Arratek, berriz, ostatu izaera izango du, aurrerantzean: taberna, denda eta jantoki komunitarioa izango ditu. Izan ere, taberna ez ezik, kooperatibak jantoki komunitario bat ezartzeko asmoa du, eskola txikiko haurrentzat ez ezik, gainerako herritarrentzat ere irekia izango dena, zaintzaren ikuspegitik egin dezakeen ekarpena mahai gainean jarriz. Kasu honetan, sukaldari bat eta tabernari/dendari postuak sortuko dituzte. Usurbilgo zein Euskal Herriko elikagaiak oinarri izango dituen denda bat ere jarriko dute, espazio berean, posible den heinean, ekoizleekin zuzeneko hartu-emanaren bidez.
Arrateren kasuan, udal-brigadak udan egin ditu espazioa egokitzeko lanak. Orain, Eliza Zaharreko fatxada egingo da, ur filtrazioak konpontzeko.
Hitzarmena 2025eko azaroaren 1ean sartuko da indarrean, lau urterako, 2029ko urri amaierara arte. Bi aldeek hala adosten badute, beste lau urtez luzagarria izango da. Aldi horretan udalak egingo duen ekarpen ekonomikoa ere jaso da hitzarmenean: 6.353,45 euro 2025ean (azaroa eta abendua), 66.324,70na euro 2026an, 2027an eta 2028an, eta 59.437,25 euro 2029an (urtarriletik urrira). Guztira, 264.764,80 euro, lau urterako.
Urteetako lanketaren emaitza
Aginagan 460 biztanle inguru bizi dira. Euskal Herriko landa-eremu askok bizi duten bilakaera antzekoa bizi du Aginagak ere. Azken urteetan, hainbat erronka izan ditu: belaunaldi berrientzako etxebizitza falta eta enplegu aukera urritasuna, tokiko zerbitzuen murrizketa eta komunitate harremanen ahultzea. Aginagatarrak egoera iraultzeko aukerak aztertzen aritu dira azken urteetan: herri eragile desberdinekin eta Aztikerrekin batera, galdetegi bat garatu eta zabaldu zen 2022an. Biztanleen %36,5ak parte hartu zuen eta kezka nagusiak ondorioztatu zituzten: oinarrizko erosketak egiteko denda baten falta, zerbitzuen galera orokorra, etxebizitza falta, garraio publiko eta komunikazio eskasa eta kale giroaren eta herriko bizitzaren falta.
Horren aurrean, herritarrek, eragileek eta udalak herri proiektu eraldatzaileen alde egiteko beharra nabarmendu zuten, denen arteko lankidetza bultzatzearekin batera. Udalak gertutik jarraitu du prozesua, eta Aginagan egindako diagnostikoa bere egin du, baita konponbideak topatzeko estrategia konpartitu bat izateko borondatea agertu ere. Azken urteetan Aginagaren eta udalaren arteko harremana asko hobetu da, koordinaziorako eta elkarlanerako espazioak sortuta, eta eraldaketarako baldintza egokiak sortu dira. Azken urteotako lanketa horrek guztiak ahalbidetu du Aginagan herri kooperatiba bat sortu eta proiektu komunitarioa bultzatzeko aukera sortu izana.

