Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak doluminak helarazi dizkie goi-tentsioko linean elektrokutatu zen mutikoaren senideei eta lagunei
2025·03·16

Usurbilgo Udalak doluminak helarazi dizkie goi-tentsioko linean elektrokutatu zen mutikoaren senideei eta lagunei: azken orduotan hil da, lehengo astean jasandako erredura larriak tarteko. Gurutzetan ospitaleratuta zegoen mutikoa, Erredura Handien Unitatean, larri baina egonkor. Azken egunetan, ordea, okerrera egin eta hil egin da.
“Egun tristea da gaurkoa Usurbilgo herriarentzat: nahi ez genuen albistea iritsi da, eta kolpe gogorra izan da, desgrazia izugarria. Gure doluminak azaldu nahi dizkiogu bere familiari eta lagunei”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, udalaren izenean. “Gertatu zenean bezalaxe, orain ere ezinbestekotzat jotzen dugu berriro halako ezbeharrik ez gertatzeko neurriak hartzea”, gehitu du.
Ertzaintzak abian du jazotakoak aztertzeko ikerketa, eta udala hartu-eman etengabean da, elkarlanerako prest.
