Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak dirulaguntza berri bat jarri du martxan tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko
2026·10·07

Usurbilgo Udalak dirulaguntza lerro berri bat abiatu du, tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko. Dirulaguntza berria herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduen belaunaldi errelebo aurreikuspenak aztertu ondoren sortu da, espero baino emaitza “kezkagarriagoak” jaso ostean. Dirulaguntza udalaren, Siadecoren eta Beterri Buruntza Mankomunitatearen artean landu dute, eta irekita dago eskatzeko epea, 2027ko urriaren 31ra arte.
“Azken urteetan hainbat establezimendu itxi dira gure herrian: denbora aurrera doa, eta ez dira berriz irekitzen. Horrek zenbait gremio gure herritik desagertzea eragin dezake: dagoeneko gertatu da, eta ahal dugun neurrian, hori eragotzi nahi genuke”, azaldu du Iratxe Begiristain Tokiko garapen ekonomikoko zinegotziak. Izan ere, haren esanetan, tokiko zerbitzu txikiak dira herri bati bizitza ematen dioten elementu garrantzitsuenetako bat, herritarren ongizateari mesede egiteaz gain. Horregatik ditu udalak, lehendik, Usurbil Zabalik eta Hasiz Hazi dirulaguntzak martxan. “Erosketak egitea ez da salerosketa ariketa hutsa. Hori baino gehiago da: elkar zaintzeko eta harremanak sendotzeko bidea ere ematen dute. Komunitatea trinkotzekoa”, nabarmendu du.
Negozioen itxierak kezka eragin zuen udalean, Begiristainek azaldu duenez, eta, horregatik, egoeraren azterketa egiteko eskatu zion Siadecori, egoeraren argazki erreala izateko: “Herriko establezimenduen etorkizunaren aurreikuspena egin eta beraien nahiak eta espektatibak jaso nahi izan dugu”. Begiristainen esanetan, emaitzak espero baino kezkagarriagoak izan ziren: “Egoera beltz horren aurrean, ahalik eta azkarren ekiteko erabakia hartu genuen”.
Azterketaren emaitzak
Siadecoko kide Juanjo Allurrek egindako azterketaren emaitzak azaldu ditu; azterketa iaz egin zuten, eta 2025eko ekainekoak dira datuak. Herriko establezimendu guztietara jo zuten, 57 guztira, eta 48ren erantzunak jaso zituzten (% 84). Jasotako emaitzak sektoreka bereizi dituzte: merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza. Merkataritzakoak dira ibilbide luzeena duten negoziak, herrian: 40 urte edo gehiago dituzten hamaika establezimenduetatik zortzi dendak dira. Eta, aldi berean, erretiroa hartzeko adinera hurbiltzen ari diren arduradun gehien ere multzo horretakoa da: ia bi herenek 50 urte edo gehiago dituzte, eta laurden batek 60 urte edo gehiago. Zerbitzuetan (ile-apaindegiak, estetika zentroak, osasun-zerbitzuak...), arduradunen batez besteko adina gazteagoa da, eta azken urte eta hilabeteetan ireki diren jarduera berriak multzo horretakoak dira. Ostalaritza aurreko bien artean kokatzen da arduradunen adinari erreparatuta, eta lehendik zeuden negozioetan arduradun aldaketak izan dira. Ostalaritzaren kasuan, alokairuan askoz lokal gehiago dago (% 58,8); merkataritzan gehienek jabetzan dute lokala (% 73,9).
Allurrek azaldu duenez, beren negozioek jarraipena izatea nahi luketela adierazi dute arduradunek, baina erreleboa gertatzeko zailtasunak aipatzen dituzte. Zailtasun nagusitzat jotzen dira erakargarritasun falta (lanbide lotuak izatea, ordutegia, ardura...), hasierako inbertsioari aurre egiteko zailtasun ekonomikoak eta negozioen errentagarritasun txikia.
2026-2029 eperako aurreikuspenak ere jaso ditu Siadecok. 2029rako, hamaika establezimendutako arduradunak erretiroa hartzeko adinera iritsita egongo dira: aztertutako 57 establezimenduen % 19,3ren kasua da, hau da, ia bostetik baten kasua. “Horrek erakusten du negozioen jarraipena bermatzeko neurriak hartu eta gogor lan egin beharra daukagula, eta herri bezala erantzun behar dugula”, nabarmendu du Allurrek.
Egoera horren aurrean, Siadecok lau esku-hartze ildo nagusi proposatu zituen. Batetik, itxierei aurrea hartzea: jarduera uzteko asmoa dutenekin garaiz hitz egitea, egoeraren jarraipena egin eta erreleborako aukerak negozioa martxan dagoen bitartean lantzea, udalaren, Hurbilagoren eta gainerako eragileekin elkarlanean. Bestetik, negozioa utziko duenari eta hartuko duenari laguntza teknikoa eta aholkularitza eskaintzea, eskualdatzearen baldintzak adosteko, negozioaren bideragarritasuna aztertzeko eta hartzailearen prestakuntza lantzeko. Era berean, erreleboa sustatzeko dirulaguntza lerro berri bat sortzea proposatzen da, eta, azkenik, errelebo-esperientziak ezagutaraztea, hartzaile berriak erakarri eta herritarren babesa emateko. “Erreleboa gauzatzearekin batera, bezeroek eta herriak ere erantzun behar dute: negozio horiek aurrera egiteko, herrian erostea ezinbestekoa da. Beti izan du, baina orain berebiziko garrantzia dauka”, nabarmendu du Allurrek.
Dirulaguntza, transmisio ordenaturako tresna
Dirulaguntza berria ez da erreleboa diruz laguntzeko soilik sortu: negozioen transmisioak ordenatuak izateko bokazioz sortu da, Josune Mujika udaleko Enplegu Sustapeneko eta Garapen Ekonomikoko teknikariaren esanetan. Dirulaguntzaren hartzailea negozioa hartuko duena izango da, eta zenbait baldintza bete beharko dira eskuratu ahal izateko: eskualdatutako jarduerak tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu alorreko jarduerak izan behar dute, kontsolidatutako jarduera baten jarraipena bermatu behar dute, eskualdaketa jarduera uzten duen pertsonaren erretiroagatik izan behar du, titular berriak aurrekoaren jarduera berarekin jarraitu behar du eta Beterri-Buruntza Mankomunitatearen belaunaldi erreleborako programan parte hartuko du.
Mujikak azaldu duenez, dirulaguntzak hiru lerro ditu: negozioa eskualdatzeari dagozkionak (merkataritza funtsaren kostuak laguntzeko, ondasun eta eskubideen eskualdaketari lotutakoak laguntzeko, eta abar); lokalaren alokairua edo erosketa gastuak laguntzeko (bi urtez) eta negozioaren ezagutza transmititzeari dagozkionak. Udalak 35.800 euro bideratuko ditu dirulaguntzara, eta enpresa bakoitzak jaso dezakeen kopurua, gehienez, 17.900 eurokoa izango da. Eskaerak baloratzeko batzorde bat osatuko dute udalak, mankomunitateak eta Siadecok.
Mankomunitatearen aholkularitza
Negozioa uztera doan pertsonaren eta hartuko duenaren arteko zubi lana egitea eta jardueraren jarraipena bermatzeko aholkularitza teknikoa eskaintzea da Beterri-Buruntza Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzuaren helburua, Aitor Falcon Enpresa eta Sustapen teknikariak azaldu duenez. Haren esanetan, askotan negozioak ez dira ixten bezero faltagatik edo jarduerak funtzionatzen ez dutelako, erretirora iritsi eta erreleboa garaiz prestatu ez delako baizik. Horregatik, martxan dauden eta balioa sortzen jarraitzen duten jarduerei jarraipena bermatzea ere bada mankomunitatearen egitekoa.
Mankomunitateak negozioa hartzeko interesa duen pertsonarekin banakako lanketa egiten du, besteak beste, bideragarritasun diagnostiko bat eginez eta aholkularitza eskainiz. “Helburua da titular aldaketa hutsetik harago joatea eta jardueraren jarraipen erreala bermatzea”, azaldu du Falconek. Horrekin batera, erreleboaren arrakastaren gakoetako bat ezagutzaren transmisioa dela nabarmendu du: “Negozio batek urte askotan pilatutako jakintza, harremanak, hornitzaile-sarea eta bezeroenganako konfiantza ez dira egun batetik bestera sortzen. Horregatik, oso garrantzitsua da prozesu hauek garaiz lantzea eta negozioa uztera doan pertsonaren eta hartuko duenaren arteko trantsizioa modu planifikatuan egitea”.
Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, dirulaguntza bidea zabaltzea hasia da, dagoeneko. Pello Arrandegiak ondorengoa lortua du, eta dirulaguntza eta aholkularitza jasotzeko tremiteak egiten hasia da. “Aurrerago beste batzuk ere hastea nahi genuke: udalak, Siadecok eta Beterri-Buruntza Mankomunitateak lanketa honekin jarraitu nahi dugu, bakoitzak beretik, ahal den kasu guztietan eskualdaketa hori gauzatu ahal izateko”, nabarmendu du Begiristainek.
Erreleborako dirulaguntzaren oinarriak (PDF): hemen.
