Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak desfibriladore berriak jarri ditu erabilgarri

Lehendik zeudenak ordezkatu, eta bi gehiago erosi ditu: aurrerantzean, bederatzi desfibriladore izango dira eskura. Gutxieneko ezagutza izanez gero, edonork erabil ditzake.

2024·06·26


Udalak herriko desfibriladoreak berritu ditu. Lehendik zeudenak ordezkatu, eta bi gehiago erosi ditu: guztira, bederatzi daude, beraz, erabilgarri. Desfibriladoreek tentsio altuko deskargak ematen dituzte, arritmia kasuetan bihotzaren erritmoa berreskuratzeko. Horrelako kasu baten aurrean erabiliz gero, bizirauteko aukera gehiago dago.

Gailu zaharrak kendu eta berriak jarri dituzte dagoeneko. Toki iraunkorrean jarrita geldituko dira zortzi, eta horietatik bi lehenengo aldiz jarriko dituzte: bat, Egurtzegin (leku zehatza erabakitzeko dago), eta bestea, Txokoalden, parketik gertu, bandotegiaren ondoan, argindarra bertara pasatzen dutenean. Bederatzigarren gailua mugikorra da, udaltzainek autoan eramaten dutena, edozein larrialdiren aurrean erabili ahal izateko.

Osasungintzan aditu izan gabe ere edonork erabiltzeko moduko gailuak dira desfibriladoreak, gutxieneko ezagutza izanez gero. Larrialdi bat gertatzean, garrantzitsua da egoera antzematen jakin eta ahalik eta azkarren artatzea, eta desfibriladorea gertu izanez gero, erabiltzeko gai izatea.

Desfibriladoreen kokapenak

Aurrerantzean, bederatzi desfibriladore izango dira herrian, honako tokietan:

1. Sutegi. Aterpean.

2. Kiroldegia. Harreran.

3. Harane. Arbitroen aldagelan.

4. Santueneko frontoia. Kanpoan.

5. Zubietako frontoia. Kanpoan.

6. Aginagako eskola. Kanpoan.

7. Udaltzainen autoa. Mugikorra.

8. Txokoalde. Urdaiaga, 38 zbk-an.

9. Egurtzegi. Lekua, erabakitzeko.