Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak dei egin die herritarrei Osakidetzak higienerako emandako aholkuei jarraitzera, eta udal-eraikinen garbitasuna indartuko du

Hainbat departamenturen arteko Prebentzio Mahaia osatu du udalak: Osakidetzaren aholkuak jarraitu ahal izateko baliabideak lortzeko lanean ari da, eta, horrez gain, erantzukizunez jokatzeko eskatu die herritarrei.

2020·03·11


Covid-19 birusa dela eta Osakidetzak emandako aholkuak jarraitzera deitu ditu herritarrak Usurbilgo Udalak: Prebentzio Mahaia osatu du, hainbat departamendutako arduradunak elkartuta. Lasaitasunerako deia egin dute: gaur-gaurko beharra prebentzioa sustatzea dela ebatzi dute. Hori dela eta, Usurbilgo Udalak dei egin die herritarrei Osakidetzak higienerako emandako aholkuei jarraitzera, erantzukizunez jokatzera, eta, horrez gain, irizpide horiek bete ahal izateko baliabideak prestatzeko lanean ari da.

Bost dira higiene indibidualerako eman dituzten gomendioak: eskuak maiz garbitzea; eztula edo doministikua egitean ahoa eta sudurra ukondoarekin edo paperezko mukizapi batekin estaltzea; eztulka edo doministikuka ari direnengandik eta sukarra dutenengandik metro bateko tartea mantentzea; begiak, sudurra edo ahoa ez ukitzea, eta, azkenik, eskuekin ukitzen diren gainazalen garbiketa areagotzea. Hori dela eta, udal-eraikinetan sartu bezain pronto eskuak garbitzeko baliabideak jartzea eta garbiketa areagotzea aurreikusi ditu. Osakidetzaren webgunean eskura daiteke informazio guztia. Arrisku eremuren batera bidaiatu eta sintomaren bat antzematen dutenei etxean gelditu eta telefonoz kontsulta egiteko eskatu diete, 900 20 30 50 telefonora deituta. Eusko Jaurlaritzak ere birusaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko webgunea jarri du martxan.

Udalaz gaindiko erakundeek ezarritako irizpide berberak jarraituko ditu, horrela, udalak. Kasuren bat agertuko balitz, kasuaren araberako neurriak hartu beharko lirateke, baina oraindik ez da halakorik gertatu. Dena den, hala izaten jarrai dezan, jarritako baliabideak erabiltzera eta erantzukizunez jokatzera deitu ditu herritarrak.

 

Bihar-etzi bilera bana egingo du udalak erretiratuekin eta herriko eragileekin, irizpide horiek bete daitezen neurriak nola hartu adostu eta zalantzak uxatzeko.