Albisteak
Atzealdea

Udalak bizikleten aparkaleku estaliak jarriko ditu Atxegalden eta Santuenean

Bizikleten aparkaleku estaliak jarrita, mugikortasun eredu jasangarriak sustatzea du helburu udalak: datorren astean jarriko ditu brigadak, Santueneko frontoi ondoan eta Atxegalden Beko kalean.

2023·03·10


Udalak bizikleten aparkaleku estaliak jarriko ditu Atxegalden eta Santuenean datorren astean, mugikortasun eredu jasangarriak sustatzeko helburuarekin. Santuenean, frontoiaren ondoan jarriko dute, eta Atxegalden, Ariztitxo 4 eta Beko kale 2 etxebizitzen atzeko aldean. Biak ere auzotarrek egindako eskaerei erantzuten diete: bi horiek jarriko dituzte oraingoz, eta ondo funtzionatzen badute, gehiago jartzeko aukera irekia du.

Aparkaleku estaliak jartzea bizikleten erabilera errazten duten azpiegiturak hobetzeko hartutako neurria da, egunerokoan bizikleta aparkatzea erraza eta segurua izan dadin. Helburu horixe bera izan zuen kiroldegi atzean bizikletak garbitzeko gune irekia jartzean. Udalaren asmoa da, pixkanaka, aparkaleku eta bizikleta bide seguruak hedatzea udalerrian zehar.