Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak berriz ekingo dio HarEman programari, modu iraunkorrean

Usurbilera bizitzera etorritako pertsonei herria eta herritarrak bertan jaiotako pertsona baten bidez ezagutzen laguntzea da HarEman programaren helburua. Bakarka ez ezik, harrera taldean egiteko aukera ere eskainiko da, eta urte osoan izango da izena emateko aukera. Zabalduz kooperatibak koordinatuko du programa.

2025·03·07


Udalak berriz jarriko du martxan HarEman programa, oraingoan, modu iraunkorrean. 2023ko udazkenean abiatu zuen lehenengo aldiz, eta balorazio ona izan zuen. Oraingoan ere Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibak koordinatuko du programa. Parte hartu nahi duten boluntarioek urte osoan izango dute izena emateko aukera, galdetegi bat beteta: harrera taldean egiteko aukera izango da bigarren aldiaren beste berrikuntza.

Usurbilera bizitzera etorritako pertsonei herria eta herritarrak bertan jaiotako pertsona baten bidez ezagutzeko aukera ematea da HarEman programaren helburua. “Bikoteak” osatzen dira: mentoreak, herrian jaiotakoak, eta mentoratuak, beste nonbait jaio eta Usurbilera bizitzera etorritakoak, elkartuta. Izena ematen dutenen soslaia aztertuta osatzen dira bikoteak: osatutakoan, astean behin elkarrekin gelditzeko konpromisoa hartzen dute, bien artean adostutako hori egiteko (paseo bat eman, kafe bat hartu, herria erakutsi...). Harremana eraiki bitartean, Zabalduz-eko kideen laguntza profesionala izango dute, sei hilabetez.

2023an, 10 bikote osatzeko helburua jarri zuten, eta denak osatu ziren. Horietatik zortzik egin zuten prozesu osoa: balorazioa oso positiboa da, udalaren esanetan, eta horregatik erabaki da berriz ere martxan jartzea. Hain zuzen ere, lehenengo aldi hartan ezagutu zuten elkar Presen Egileta usurbildarrak eta Lina Rincon kolonbiarrak, eta haien esperientziaren berri eman dute, prentsaurrekoan. Egiletak azaldu duenez, HarEman programaren bidez ezagutu zuen Rincon, eta biak elkarrekin hasi ziren herria ezagutzen, paseoak emanez, eta, gero, Goazen kalera, Usurbil ekimeneko ibilaldietan ere parte hartu dute. “Oso proiektu ona iruditu zait: herria hobeto ezagutzeko aukera ematen die, eta are hobea da, nire ustez, hori bertako batekin egin ahal izatea, zeren beste herritar batzuek bera ezagutzeko aukera sortzen da. Espero dut proiektuak aurrera egitea: niretzat oso ona izan da, eta beraientzat, sekulakoa”.

Rinconek ere esperientzia ederra dela nabarmendu du. “Iritsi berria zarenean, aldaketa izugarria da: talka kulturala, ordutegi aldaketa, ohiturak, semea eskolan hastea... Dena zen talka, guretzat”. Udalak proiektu hau martxan zuela jakin bezain pronto eman zuen izena: “Oso ondo etorri zaigu. Presenekin jarri ninduten, eta poz-pozik nago, ze pertsona ederra da, eta pila bat lagundu digu. Leku berri batean integratzea oso zaila da, eta oso eskertuta nago”. Programa bukatu arren, beren arteko laguntasuna ez da etengo, Egiletak nabarmendu duenez: “Gu beti izango gara lagunak”.

Programan parte hartu nahi duten boluntarioek galdetegia bete baino ez dute egin behar. Bakarka ez ezik, taldean egiteko aukera ere eskainiko da aurrerantzean: kuadrillan, kirol taldeen bidez... Edozein zalantza argitu edo bestelako argipenak behar dituztenentzako bideak ere jakinarazi dituzte: hareman@zabalduz.eus , 722 446 156 edo usurbil.eus/hareman webgunea.

Harrera herri izateko ahaleginean

Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoari jarraituz, azken urteetan hainbat lan egin dira harrera herri izateko ahaleginean. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, bi maila landu dira: udalari dagokiona eta komunitateari lotutakoa. Udalari dagokionez, egindako lanaren emaitza dira, besteak beste, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Emakumeon Etxean eskaintzen den harrera zerbitzua, erroldatzearen garrantzia azaltzeko eskuorria edo baliabideen gida berritu eta oinarrizko hiztegi bat sortu izana.

Udalak egin dezakeena “asko izan arren, ez da aski”, Solaberrietaren hitzetan: “Komunitateak prozesu horretan zeregin eta zeresan asko du, eta hori da, hain justu, HarEman proiektuaren bidez egituratu nahi duguna”.

Etorri berriei martxan jarritako ekimen eta bestelako zerbitzuen berri ematea, maiz, ez da erraza izaten. “Garrantzitsua iruditzen zaigu ekimen horiei guztiei ikusgarritasuna ematea, eta, horregatik, informazio panel bat jarri dugu udaletxeko atarian”, azaldu du alkateak. Panelaren ondoan eskuragarri daude baliabideen gidak, erroldatzearen inguruko azalpenak, oinarrizko hiztegia eta HarEman programaren eskuorria.