Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak bere gain hartuko du ekipamendu publiko itxietan egiten diren ekitaldietan Covid ziurtagiria eskatzeko ardura
2021·12·17
Usurbilgo Udalak erabaki du bere gain hartzea ekipamendu publiko itxietan egiten diren ekitaldietan Covid ziurtagiria eskatzeko ardura. Gaiak sortu duen kezka eta ezinegona tarteko, bilerara deitu ditu herriko talde eta eragileak, eta bertan jakinarazi die erabakia. Udal-gobernuak argitu duenez, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriaren eraginkortasuna zalantzan jarri arren, agindua betetzeko betebeharra du udalak: hori dela eta, udaleko langileek eskatuko dute ziurtagiria ekitaldietan.
“Orain arteko neurriak babestu izan ditugun bezala, zalantza daukagu neurri hau eraginkorra izango ote den Covid19-aren hedapenari aurre egiteko. Gure ustez, lehentasunak, une honetan, Lehen Arreta indartzea izan behar du”, azaldu du udal-gobernuak. Udalak dekretua beteko du, “malgutasunez”, batez ere, kolektibo zaurgarrienekin, adineko eta gaztetxoekin, eta herriko talde eta eragileei laguntza ere eskatu diete, lan pedagogikoa egiteko.
Pandemia hasi zeneko lehenengo eten hartaz geroztik, Usurbilgo Udalak ekitaldiak mantentzearen aldeko apustua egin du, eta orain ere hala egingo duela nabarmendu du. Kanpoan zein barruan diren ekitaldietan segurtasun neurriak bermatu dira, eta ez du, orain arte, positiboen agerraldirik eragin. Udalak, hain zuzen, propio hartutako neurri bat du indarrean, azaroaren erdialdeaz geroztik. Kasuak nabarmen gora egiten hasi zirenean erabaki zuen ekipamendu publikoetako ekitaldietan edukiera %60ra jaistea: neurri hori indarrean izango da, oraingoz, urtarrilaren 3ra bitartean.