Eduki publikatzailea
Udalak auzitara joko du errauste plantan hondakin industrialak kudeatzea funtsezko aldaketa ez dela dioen ebazpenaren aurka
2021·10·01
Udalak auzitara joko du errauste plantan hondakin industrialak kudeatzea funtsezko aldaketa ez dela dioen ebazpenaren aurka. Hala ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2021eko otsailaren 12an. Udal-gobernuak maiatzean iragarri zuen ebazpen horri errekurtsoa jarri ziola, lege aldetik “zalantzari ugari” eragiten zizkiolako. “Hiri hondakinak kudeatzeko diseinatuta dago Zubietako errauste planta, eta ulertzen dugu, beraz, ez dela edonolako aldaketa”, azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Jaurlaritzak ez dio erantzun errekurtsoari, eta, beraz, orduan iragarri bezala, auzitara joko du: alkate dekretuz erabaki bazen ere, osoko bilkurari zegokion erabakia berrestea, eta hala egin zuten atzo, EH Bilduren botoekin; EAJk kontra bozkatu zuen, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
EAJ, bere aldetik, kexu agertu zen. “Guk daukagun informazioaren arabera, ez da aldaketa funtsezkoa. Ez naiz sartuko eztabaidan, baina uste dugu udal honek ez dituela baliabideka behar bezala erabiltzen: 2018an bezala, diru mordoa joango da auzibidean, eta ez gaude ados”.
Solaberrietak erantzun zion, hain zuzen ere, herritarren onuragatik egingo duela aurrera udalak: “Osasunaren eta ingurumenaren zaintzagatik egingo dugu. Aldaketa funtsezkoa den edo ez epaitegiak esango du; guk zalantzak ditugu”. Solaberrietaren ustez, “adierazgarria eta kezkagarria” da administrazio batek beste bati ez erantzutea. “Gainera, motibazio falta izugarria zuen ebazpenak. Administrazio bati dagokio bere ebazpenak arrazoitzea, eta, kasu honetan, ez da arrazoi bakar bat ere ematen esateko hondakin industrialak Zubietan kudeatzea ez dela aldaketa funtsezkoa: ingurumen baimen bat eman dute batere arrazoirik eman gabe”. Solaberrietak gaineratu zuen “hobe” dela auzibideak saihestea, baina kezka eragiten diela erabakiak, eta horrek bultzatu duela udal-gobernua erabaki hori hartzera: “Ezin dugu Zaldibar ahaztu. Prebentzioz, auzitara jotzea dagokigu”.