Eduki publikatzailea

Udalak aurten izandako ezohiko diru-sarrerak zertan inbertitu erabaki dute, osoko bilkuran

207.000 euroak udal-brigadarentzako hondeamakina berria, Haraneko harmailak, kiroldegirako elebadora eta sagardoaren inguruko ikerketa antropologikoa ordaintzera bideratuko ditu udalak.

2021·06·25


2021ean ezohiko diru-sarrerak izan ditu udalak, guztira, 207.000 euro, eta diru hori zertan gastatu erabaki dute. Udal-gobernuak lau proposamen egin dizkio udalbatzari: udal-brigadarentzako hondeamakina berria (171.000 euro), Haraneko harmailak (13.000 euro), kiroldegirako elebadora (5.000 euro) eta sagardoaren inguruko ikerketa antropologikoa (18.000 euro). EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute, hala, kreditu aldaketa; EAJk aurka bozkatu du.

EAJk aurka bozkatu zuen, haien ustez, batetik, “Haraneko arazoa” ez dela 13.000 eurorekin konponduko, eta ezohiko diru-sarreren ehuneko handi bat hondeamakina ordaintzeko erabiliko delako.

EH Bilduk erantzun zuen Haraneko harmailak klubarekin adostuta proposatu dutela, eta hondeamakinarena iazko aurrekontuetan islatu zutela eta orduan ez zirela aurka agertu. Horrez gain, azaldu zuen egungo hondeamakinak 27 urte dituela eta lan mordoa egiteko erabiltzen dela: lorezaintzan, kultur ekitaldietan, igeltseritza edo iturgintza lanetan, eta abar. Era berean, udalak baliabide propioen aldeko apustua egiten duenez, horrek inbertsioak egitea eskatzen duela nabarmendu zuen.